Oihan Vega, musikaria eta kazetaria

Oihan Vega aipatzen badizut, jakingo zenuke nor den? Ziurrenik bere irudia ikusita errekonozituko duzu. Izan ere, saltsa askotan sartuta dago eta ETBn hainbatetan agertzen da. Bergarar hau aurkezle, irrati esatari eta musikari da. Berak, ordea, bere burua musikaritzat jotzen du beste ezer baino gehiago. Gaur egun, Gaztean aritzen da, eta Belceblues taldeko bateria da,talde honetan “Blues” euskaraz egiten dute, ingelesez ere badauzkate abesti batzuk; gainera, duela urte batzuk Espainiako txapelketa irabazi zuten eta sari horrek bidea eman zien, nazioarteko txapelketan parte hartzeko, Estatu Batuetan, Menphisen, hain zuzen ere.

Oihan Vega, musikaria eta kazetariaMutil ipurterre dela ere esan genezake, izan ere, oso aktiboa da eta etengabe dabil alde batetik bestera, sortzen, aurkezten eta bideratzen, adibidez, “Olentzero and company” izan zen lehendabizi egin zuen musikala. Bertako musika guztia konposatu zuen, gidoia eta zuzenketak, 200 pertsona eszenatokian, dantzariak, txotxongiloak, abeslariak, koroak…  Horretaz guztiaz ere arduratu zen. Bere momentuan Euskal Herriko lehengo musikal originala zuzentzeko ohorea izan zuen. Orain dela gutxi “Alizia, herrialde miresgarrian”, musikalaz ere arduratu zen. Eta, bere azkenengo proiektuak “Musikarium” du izenburu, musikal txikia eta antzerki-ipuin dela esan genezake eta laster honen berri izango dugu.

Euskal Herriko Disko Jartzaile (DJ) nagusienetakoa da, batik bat, Diskofesta ospetsuagatik. Horrez gain, aktore lanetan ere aritu da ETBko “Kerman Mintzalagun bila” saioan, “Zergatik praktikatzen dugu sexua gazteleraz?” bakarrizketa (monologoa) idatzi, zuzendu eta aurkeztu du eta ETB zein Gaztea irrati kateko hainbat saio aurkeztu ditu, besteak beste, “Arratsaldero”, “Kantuan”, “Ai ama” eta abar.

Mutil honi buruz gehiago jakin nahi baduzue, www.oihanvega.com web orrian, sartu eta bere ekintza guztiak ezagutuko dituzue, non izango diren bere hurrengo diskofestak, monologoak,… Horrez gain, ezkontzetan ere lan egin ohi du DJ bezala. Hau esanda, bere lana hurbilago jarraitzeko, otsailean elkartu ginen, bere karrera profesionala eta zein den euskararekiko harremana sakonago ezagutzeko. Hona hemen gure elkarrizketa:

– ZELAN HASI ZINEN, IRRATIAN ETA TELEBISTAN LAN EGITEN?

Bi karrera ikasi nituen, publizitatea eta harreman publikoak eta ikus-entzunezko komunikazioa, beraz, bekadun hasi nintzen EITB-n lan egiten  teleberri kiroletan. Epealdi hori amaitu zenean, eta kiroletan ez zegoenez lan gehiago, “Gaztea-ra” bideratu ninduten. Eurek jakin zutelako musikaria nintzela. Beraz, proposatu zidaten casting-a egitea, eta ni, eta hainbat lagun joan ginen, hura egitera, eta hortik lauzpabost hartu gintuzten, eta horrela hasi nintzen, lan egiten.

– BEJONDEIZULA! KAZETARITZAN LAN EGITEA EZ DA BATERE ERRAZA, KARRERA IKASI, BAINA GERO EZIN IZATEN DA KAZETARI LAN EGIN….

Bai, nik beti defendatzen dut, edozein lanetan, kazetaritzan edo beste lanbidetan beti dela zaila zure arloan lan egitea. Mundu honetan jende asko bizi gara, denontzat ez dago goi mailako tokirik. Baina nire inguruko lagunei begiratuta, esan nezake lanerako grinak emaitzak ematen dituela. Unibertsitateko lagunak edo familiako jendea ikusita ondorioztatu dezaket, bere ametsaren edo bere helburuaren alde egin eta tinko eutsi duena, beharbada, ez da iritsiko zehatz-mehatz bere helmugara, baina gertu geratuko da. Jende gutxi ezagutzen dut  bere lanaren alde borrokatu, benetan talentua eduki, lan egiteko prest egon eta kale gorrian dagoena. Egia da, zure helburua baldin bada BBC-ra iristea, agian helburu altuegia da, baina bai posiblea da euskal irratiren batean lan egitea. Gutxi dira edo ia ez dago inor, benetan talentua duena eta benetan lan egiteko grina duena, gero kalean geratzen direnak,normalean, beti esaten dut berdina eta ez da utopia.

– MUSIKAZ GAIN, MONOLOGOEKIN HASI ZARA, ZERK BULTZATU ZAITU HITZALDIAK EMATERA?

Hori enkargu  bat izan zen, kasu horretan Aretxabaletako Loramendi Euskara Elkarteak egin zuen enkargua. Kasu honetan “espreski” landu nahi zuten gai zehatz bat monologo bidez, gerora Euskal Herri osora zabaldu zitekeena. Askotan gertatzen zaigu hitzez edo “postureoz” denok esaten dugula euskaldunak garela, eta euskalduntzat daukagula gure burua, eta euskararen alde egiten dugula. Esate baterako, “euskaraldian” pina jartzen dugu, Korrikan ikurriña eramaten dugu, baina gero gure eguneroko bizitzan gaztelerara jotzen dugu hainbat kasutan. Orduan, kontu hori era umoretsu batean lantzea eskatu zidan Aretxabaletako Loramendi Euskara Elkarteak, azken batean horrelako gauzen inguruan umorea erabiltzen beti hobeto iristen delako publikoarengana, eta hortik hasi  zen monologo horren ideia.

https://www.youtube.com/watch?v=sU3hjU9ScJI

Hau aspaldiko kontua da, duela zortzi bat urteko lana da. Hasiera batean elkarterako ideia izan zen, baina orain Euskal Herri osora zabaldu egin da. Eta handik eratorria den beste obra bat sortu du“Euskañolitis” izenekoa, eta hau ere komedia da, “el club de la comedia” itxurako formatuan.

Obra oso bat osatu dut, ordu ta pikukoa, eta urtetik urtera aldatzen dut, azken batean egunerokotasuneko gauzak ere kontatzen baititut. Esate baterako, “euskaraldia” aipatzen dut orain duela bizpahiru urte ez zelako existitzen, “Donald Trump” ere aipatzen dut, orain urte batzuk ez zelako AEB-ko presidentea. Honelako gauzekin jokatzen dut umorearen bitartez jendearengana heltzeko. Tematika hori edozein herritan, Euskal Herrian kenduta 2-3 oasis daudenak , beste edozein herritan gertatzen da, denak euskalduntzat daukagu gure burua eta ahoa betetzen zaigu horrekin, baina gero askotan ez gara koherenteak eta gaztelera jotzen dugu zenbait kasutan.

ZUK ORAIN SUSTATU NAHI DUZUNA, IZANGO LITZATEKE “EUSKAÑOLITIS” MONOLOGOA, JENDEARI HELARAZTEKO.

Bai, aurreko obraren hobekuntza da, urtetik urtera aldatzen eta eguneratzen dudana. Antzokietan, tabernetan, toki guztietan aurkezten dut obra hau. Egia da politago geratzen dela antzokian, baina badakigu nola den euskal gizartea; txikiteoa eta garagardoak hartzea gustatzen zaigu, horregatik, antzokietara ez badira joaten, ni tabernara joango naiz. Tabernetan eta Gaztetxetan ere egin izan ditut, gainera, umore kontua denez, barre batzuk egiteko badauka horrek ere bidea. Eta barre egin eta gero, laugarren garagardoa edan ostean, errazago da gogoeta egitea [barreak].

– EUSKARARI DAGOKIONEZ, ZEIN EKIMEN JARRIKO ZENITUZKE MARTXAN, GIZARTE MAILAN?

Ba, martxan jarri izan ditut  hitzaldiak. Kasu honetan ez monologo bezala, baizik eta gaztetxoentzat egokituak. Ikastetxeetan, hain zuzen ere DBH 3-DBH 4. mailakoengana jotzen dugu. Aztertuta dago adin horretan jotzen dutela gaztelerara eta heldutasun puntua daukatenez  egiten duguna da, urtero 60-70 ikastetxe bisitatu. 6000 ikasle inguruk entzuten dute nire hitzaldia. Ikasle guztientzat ailegatzeko modu bat da, saiatzen gara bideratzen inor adoktrinatu gabe, esate baterako: “Aizue! Hemen aukera dago ere beste hizkuntza batean aritzeko. Ez duzu euskaraz hitz egin nahi? Ez da ezer gertatzen, baina jakin ezazue, erdaraz egiteko eskubide osoa duzuen bezala, agian, zure alboan dagoen lagun bat, klasean, lokalean… euskaraz hitz egin nahi du, eta zure eskubide bera dauka, euskaraz hitz egiteko” eta hori da azken batean hitzaldi horren bitartez helarazi nahi diegun mezua. Gero bakoitzak egin dezala nahi duena, baina ildo horretatik hasiko da aldatzen. Baina, joaten bazara euskaraz egin behar den mezuarekin, ez dute egingo, guk ere ez genuke egingo.

Euskaraz hitz egiten dugunok, hitz egiten dugu erraza suertatzen zaigulako, edo ez digulako inolako esfortzurik eragiten, baina giro erdaldun batean bizi bagara, eta guretzat euskara hizkuntza ikasia baldin bada eta esfortzua ere bada, berez, inork ez du bere denbora librean esfortzua den ezer egingo. Egun guztian pasatzen baduzu ikastetxean edo lanean, etxean heltzen zarenean nahi duzuna da lasai egon, orduan, euskara izan behar da lasaitasunetik hartutako zerbait, poliki-poliki hazi behar da. Kike Amonarriz-ek esan zuen bezala ”momentuz, zenbait esparrutan edo zenbait alderditan Euskal Herrian konformatu behar gara, gazteek “euskañola” praktikatzen badute. Utopiatik hasten bagara, hau da, etxea teilatutik eraikitzen hasten bagara, akabo”.

GAZTEA IRRATIAN, BATEZ ERE, GAZTEENTZAT INFORMAZIO-ITURRIA IZATEAZ GAIN, EUSKAL KANTAK JARTZEN DITUZUE, BAITA MUSIKA INTERNAZIONALA ERE, BAINA HORRETAZ APARTE, ZEIN DA ZUEN LANAREN MAMIA?

Gaztean egiten duguna da sustapen lana, hau da, euskal taldeak hartu, sustatu eta promozionatu, Gaztearen bitartez gazteek entzun dezaten. Beraz, egiten duguna da dagoena suspertu eta ez dagoena sortu. Nola sortzen dugu? maketa lehiaketaren bitartez. Ezezagunak diren artistak hartzen ditugu eta aukera ematen diegu diskoa grabatuz, adibidez: BBK LIVEn jotzen, sari ekonomiko potoloa emoten… Horrela Zea Mays taldea, Belako, Berri Txarrak, Encore, Lain… talde pilo lagundu dugu horrela.

– GAUR EGUNGO EUSKAL KANTEK, EZ DAUKATE EDUKI BEHAR LUKETEN ARRAKASTA, ZER DELA ETA?

Lehen esan dudan bezala, ikastetxeetan egiten ditut hitzaldiak, eta ikasleekin egiten duguna da haiekin hausnartzea: zer dela eta ez den euskal musika kontsumitzen. Alde batetik dago, sare sozialen bonbardaketa (facebook, spotify, youtube,….), eta bestetik, autokritika bat beharbada. Gaur egungo gazteek esaten dute, euskal musika ez zaiela gustatzen, edukia ez zaiela gustatzen, soinua ez da aktuala, eta azken hori asko-asko errepikatzen da gazteen artean. Beraz, arazo bat daukagu euskal kulturan, ez daukagu musika aktualik, gazteek ez dute hala ikusten edo gu ez gara gai hori trasladatzeko, hortaz, guk sustapen moduan ezin dugu gauza handirik egin horren inguruan. Baina euskal sortzaileek beharbada begiratu beharko lukete sormenak ez daukala kaladorik euskal gazteen baitan. Hau da hausnartzeko modua, soziologikoki, psikologikoki, ez dakit, hor esparru asko sartzen dira, eta ni ez naiz inor, inori esateko zer egin behar den, sortzaile bakoitzak bere estiloa du eta bakoitzak egin dezala nahi duena ”hasta ahí podíamos llegar”, baina interesgarri iruditzen zait gazteen ahotik 14-16 urteko neska-mutilen inguruan “euskal musika ez da aktuala” entzutea, ba, orduan euskal musika gaixorik dago, gainera, erabat gaixorik.

Nabarmenduko nuke ere Gazteak emaitza paregabeak lortu dituela. Los 40 Principales baino audientzia hobea izan du hainbatetan (120.000 entzulerekin). Hori ETB1-ek T5 baino gehiago izatearen antzeko litzateke. Saiatu gara euskal musika gehiago sartzen. Baina hori neurtu behar da, izan ere, “bortxatu” egiten badugu, audientzia jaitsi izan da. Badugu pozteko arrazoirik, baina baita arriskuak ere.

Oihan Vega, musikaria eta kazetaria

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude