Gutuna Jon Lopategiri
Gutuna Jon Lopategiri –
Miren Ibarluzea bertsolariak, “Jon Lopategiri ikasle izandakoek egindako omenaldi-bazkariaren barri jaso ostean”, orain laupabost urte sortutako bertso sorta jaso du salabardoak, muxikar maisua zendu berria dela-eta.
“Lopategiren gidaritzapean ibili ginan sasoiko pasadizuak gogora ekarrita eta irakaslearengandik jasotakoa adierazo beharrean. Omenaldi txiki bat da sortea, Jon Lopategiri bihotz-bihotzez egindakoa”, dio Ibarluzeak, Bizkaie hedabidean duen Ardi Txikia Beti Bildots blogean, 2015ekoa den sarreran: “Gutuna Jon Lopategiri (San Antontxuetarako bertso sortea)”.
.
Gutuna Jon Lopategiri, gazteak erridikulurik egiten ez dauala irakatsi euskun maisuari
I.
Urrun egonagaitik be teknologien bitartez argazki bat heldu jatan udazkenean watsapez: Lopategi inguratuta bertsolari-talde batez, gazte koskortuak eta maisua erdian artez.
Han egon nahi eta ezin. Bat-batekoaren kaltez, bertsook idatzi dodaz joan ez zanaren partez. Argazkia ikusita izartu edo egin jatez ta oroitzapenak gutunez Jon, zuganaino dakartez.
.
II.
Bizkaitik Bizkaira kotxez hemendik hara astea igarota ezagutzen zuena hau ta bestea; erakusten ez zuena nekea ta desgastea; irakasle edadetu, ordea, bihotz gaztea; arima independente, bertso-aktibista askea.
Ez da erreza nor zaran ta zer zaran esatea, gugan zer eragin dozun argiro adieraztea. Ta ezinezkoa da zugaz bizitakoa ahaztea.
.
III.
Harako udaletxe hartan:
-Ezin da sartu, nor zara? -Etxekoak nor garan be ezagutzeko ez al gara! Edozein itaun erantzun, harrituarazo, ahal bada! Halan ailegetan da bat nahi dauan lekuetara.
Kotxea txarto aparkauta, ganera zabalik laga: udaltzainek zenbat multa! ertzainek zenbat algara! Konpondu beharrekoak konponduko dira, hara! Baina beti ordurako entrenamenduetara.
.
IV.
Antiojuen patilla belarrian sakon sartu, beti gai berak ipini, inoiz edo behin lokartu, bataren izena beste gazteren batentzat hartu. – Kinkilimailu, kankailu! Zenbatek xaxatu zaitu – Zaponarru, potrozorri osti hori! eta -Kaiku!
Nahiz gu sarri ernegatu, ta lantzean hasarratu, paso egin, alboratu, edo baju puntuatu. Zuganako maitasuna handi-handi erne jaku!
.
V.
Gelara bila etorri ta saioren bat helburu: – Azterketa gero ondo eingo dau honek seguru! Jardutea irakasgai, esperientzia liburu, zeuri esker heziketa berezia jaso dogu.
Izan bere bizitzeko dagoz makina bat modu. Guk gaztaro zoriontsua ta sanoa zor deutsugu. Gu gazte pribilegiadu ta zu gu guztion buru: maisu, lagun, eredu ta aita bat izan zaitugu!
.
VI.
– Lopategi aparatoan! – Bai, Jon, neu naz, esan-esan. – Bihar hamaiketarako prest egon, batu zaidazan. Halan ipinten ginduzun bost-sei neska-mutil martxan, bertsotan egin gengian kaletan, tabernan, plazan.
Edo bardin Eroskiko atean eskale trazan! Han kantetako idea zeurea baino ezin izan! Esperientzi bat gehiago gazte artiston bizitzan. Ta dana gu bazkaritan alkartzeko atxaki zan.
.
VII.
Erderaz ebilenari, gu geu konplize, zirtoa: – Guardia zibilaren seme ete zara, mutikoa? Arroskoletxe kasutan postrea beti bikoa, kafetik kanpo azukre erdi botatea, tipikoa!
Frantseseko eskoletan ikasle faboritoa, dialektologo, geografo, psikiatra ta kritikoa. Txirula jo ta gidatu, horixe be betikoa! Dan-danak ikusi doguz, ezer bere ez da mitoa!
.
VIII.
Ekinean-ekinean ondo zenkian norantza. Konturatu barik sakon iltzatu deustazuz, antza: mila kanta, ehunka berba, pasadizo ta usantza, Xarmangarria zara ta kuku errusiarren martxa.
Zer galdu ez, lotsarik ez, gazteongan esperantza. Behin ondo ikasi neutsun, euki eizu segurantza: oztopo, bildur, bertigo, edo zalantzak zalantza. Oso altutik ez, baina altu, kantauko dot beti, Baltza!
.