Otsailak 8 dituenean, estreinaldiak!

Estreinaldiak: Otsailak 8

Basque Selfie

Agus Barandiaranek, mundu osoan euskal musika eta dantza tradizionalaren enbaxadore izandakoak (Korrontzi musika taldeko kide da), euskaldun batek izan dezakeen amesgaizto latzenari egin behar dio aurre: bere 1540ko baserria eraitsi nahi dute, errepide berria egiteko. Agusek gertakarien aurka jo beharko du bere sustraiak babesten saiatzeko. Izan ere, euskal kulturan, lau horma baino askoz ere gehiago da “etxea”.

Basque Selfie  istorio tristea da, baina onbideratzailea, eta tradizioa du ardatzean: norberaren ezaugarriak bizirik mantentzeko tradizioa. Barandiaranen familia eta horien bizipenak izango ditu ardatz, baina euskal panoraman oso ezagunak diren beste hainbat pertsonaiaren parte hartzea ikusiko dugu pantaila handian: Itziar Ituño, Itziar Aizpuru, Kandido Uranga, Aizpea Goenaga, Aitor Merino, Felix Linares,  Edorta Jiménez…

Lego 2

Bricksburgeko heroiak hainbeste maite duten herria salbatzen ikusi genituen lehen aldiz pantaila handian, 2014ean. Bost urte beranduago abentura berri bati ekiteko batu dira berriro: LEGO DUPLO ® eta haren menpeko inbasoreek hiria mehatxatu dute, eta horiek gelditu ezean, suntsiketa erabatekoa probokatu dezakete.

Gaizkileak garaitu eta LEGO ® unibertsoan bakea berrezarri beharrak, mundu ezezagun berrietara eramango ditu protagonistak. Eta baita dena musikal bat den galaxia batera ere. Figura eraikitzailearen papera eta lana ezinbestekoak izango dira, sortzeko ahalmen izugarria eta akatsen eza eskatzen duen misioak.

Zineuskadiren Zinema Euskaraz programari esker, euskaraz ikusi ahal izango dugu filma gure aretoetan.

High Life

Espazio sakona. Gure eguzki-sistematik harago. Monte eta haren alaba txikia, Willow, elkarrekin bizi dira espazio-ontzi batean, erabat isolaturik. Monte gizon bakartia da, autodiziplina zorrotzaren bidez babesten du bere burua desiratik –berea nahiz besteena– , eta bere borondatearen kontra izan zuen alaba. Haren esperma Boyse, neskaz erditu zen emakume gaztea, intseminatzeko erabili zuten.

Orain, Monte eta Willow bakarrik geratu dira. Eta Monte aldatu egin da. Alabaren bitartez, lehenengo aldiz, maitasun ahalguztidunaren sorrera biziko du. Willow hazi egingo da, neska gazte eta ondoren emakume gazte bihurturik.

Protagonismo berezia izan zuen filmak iragan Donostia Zinemaldian, Fipresci epaimahaiak 2018ko film onena hautatu zuenean.

The Prodigy

Bere haurraren jarrera eta portaerekin kezkatutako amak susmo txarrena du harekiko: naturaz gaindiko indar bat semea aldatzen ari da, eta inguruko guztiak arriskuan daude. Asteko beldurrezko proposamena da, AEBtik ospe berezirik gabe heldu den thriller emozionala.

Mary Queen of Scots

Eskoziako Maria Estuardo erreginaren irudiaren inguruan sortutako biopic ereduko filma. Elizabeth I. lehengusinari aurre egin zion protagonistak, eta garesti ordaindu zuen ausardia lotsagabe hura: presondegian eman zituen bizitzako azken urteak, lepoa moztuta erail zuten arte.

 Au bout des doigts

Altxorra da musika Mathieu Malinski gaztearentzat, inorekin partekatzen ez duen sekretua. Bere auzoan egindako lapurreta txiki baten ondorioz, kalabozoan giltzapeturik ikusiko du bere burua egun batetik bestera.

Pierre Geitner, Musika Kontserbatorio Nazionaleko zuzendariak jasoko du mutila bertatik, gizarte zerbitzurako lan batzuk egiteko promesarekin. Izan ere, asmo berezia du musikariak mutiko gaztearentzako: metroan pianoa jotzen ikusi eta gero, etorkizuneko musikari izateko aukera handia ikusi du mutikoarengan, eta lehiaketa nazionalera inskribatu du.

Zinemaren inguruko albiste gehiago ezagutzeko, zatoz ZINEAra!

estreinaldiak. zinea.eus, Otsailak 8
Zinea.eus

Euskal pantailaren gunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude