Unvoxing
Unvoxing –
Ane Urrutikoetxeak Irutxuloko Hitzan.
Batek pentsatuko luke urteak aurrera doazen heinean, gizarteak aurrera egiten duela; eskubide berriak konkistatzen dituela, arau moral eta etikoak garatuz. Ez da hala. Ikusten ari garenez, gertaerak ez dira linealak, ziklikoak baizik. «Herri batek bere historia ezagutzen ez badu, errepikatzera kondenatuta dago», esan zuen Konfuziok, eta ez da guztiz egia; historia ezagututa ere, hura errepikatzera kondenatuta gaude.
Informazio libre eta zabalen itsasoan nabigatzeko gai gara, eta aldi berean, iraganeko diskurtso zahar eta arriskutsuek indarra berreskuratzen ikusten ditugu egunetik egunera, geldiezina dirudien olatuan. Benetan ote da horren librea eta zabala eskura dugun informazioa? Sare sozialek komunikatuta mantentzen gaituzte, ala inkomunikatuta? Yuval Noah Harari filosofoaren esanetan, teknologia berriek gure pentsatzeko modua hackeatzeko gaitasuna dute. Beste modu batean esanda; gure pentsatzeko moduan eragin dezakete, iritziak aldatuz, jarrerak muturreraino eramanez, liskar giroa piztuz.
Sare sozialek, beraz, muturreko ideiak elikatu ditzakete; nola azaldu bestela feminismo indartsuenaren garaiotan «feminazi» terminoaren arrakasta? Ahaztu ote dugu zer esan nahi duen «nazi» terminoak? Zer den faxismoa? Mende bat ere ez da igaro, eta informazio guztia eskura izanda ere, nola da posible halako astakeria gertatzea terminologiaren erabileran?
Eta, aldi berean, benetako faxismoaren berpizkundea ikusten ari gara, mundu osoan. Trump: «America First!»; Bolsonaro: «Nire semeak ez dira emakume beltz batekin maiteminduko, ondo ikasita daude»; Salvini: «Zoritxarrez ijito italiarrekin gelditu behar gara», eta abar… gizon zuri faxista, xenofobo, misogino eta arrazistek boterea berreskuratu dute, eta harrotasunez aireratzen gorrotoaren diskurtsoak. Eta gurean?
Eskuina beti egon da hor, badakigu; kontua da, PPren eta Ciudadanosen barruan eskuin muturrak babesa duela jakina bada ere, bi alderdiek ez dutela publikoki defendatu ultraeskuineko ideologia, orain arte behintzat. Aldiz, Vox alderdiak bai. Santiago Abascal buru duen alderdi jaioberriak ez du berritasunetik ezer ere ez; beti egon dira hor, bai haiek eta baita defendatzen dituzten ideia zahar eta atzerakoiak ere; eta orain, eskuin mutur zaharkitu baina ez desagertu horren birjaiotzearen garaiotan, bularra harro ateratzeko unea iritsi zaie, oilar burugabeen moduan. «Espainia, lehendabizi». Hauteskunde urtea dugu estreinatu berri duguna; unvoxing egiteko prest?