Pentsioak

Pentsioak –

Azken bolada honetan pentsioen gaia guztiz gatazkatsua izan da. Pentsiodunak kalera irten dira Euskal Herrian pentsio duinak aldarrikatzera.

Baina pentsioak, duinak izateko, zenbatekoak izan behar dira? Eta zergatik sortu da tira-bira hau, hau da, zergatik dute Gobernu ezberdinek pentsioen zenbatekoak igotzeko erreparoa?

Denok dakigun bezala, biztanleriaren piramideak guztiz eraldatu da, hau da, gero eta urte gehiago bizi gara eta gainera seme-alabak izateko joera beheranzkoa da. Lehen, bizi-itxaropena askoz baxuagoa zen. Jendeak, normalean, ez zen 60 urte baino gehiago bizi XX. mendeko 50 hamarkadan. Pentsio sistema 60 urterekin jubilatu eta gutxi gora behera 5 edo 10 urtez kobratzen ibiltzeko diseinatua zegoen. Orain, ordea, medikuntzan eman diren aurrerapenei esker, jendeak, gero eta gehiago irauten du. Gaur egun, bizitza-itxaropena 80 urtekoa da gure herrian. Horrez gain, ume gutxiago edukitzearen ondorioz, lanean eta kotizatzen daudenen kopurua txikiagoa da.

PentsioakIrudiaren azalpena:
  • Ezkerrean: 10 milioi langile kotizazioak ordaintzen, 2 milioi erretiratu pentsioa kobratzen. Ratioa: 2/10 (edo 1/5). Kotizatzen dauden 5 pertsonekin jubilatu baten pentsioa ordaindu.
  • Eskuman: 8 milioi langile, 4 milioi erretiratu. Ratioa: 4/8 (edo 1/2). Kotizatzen dauden 2 pertsonekin jubilatu baten pentsioa ordaindu.

.

Pentsioei buruz egiten ari diren erabaki berriak ez dira batere erakargarriak laster pentsiodunak izango diren pertsonentzat edo jadanik badirenentzat.

Alde batetik, helduek, bere pentsio duinak eskatzen dituzte. Haiek bere bizitza osoan zehar lanean egon dira, gainera hilero haien soldatetatik zergak ordaindu dituzte, zehatz mehatz Gizarte Segurantzaren kuota. Hau guzti hau kontuan izanda, guztiz ulergarria da, pentsio duinak eta erretiro adina ez atzeratzeak eskatzea.

Beste aldetik, pentsioak ordaindu edo haien gainean erabakiak hartu behar dituztenak dauzkagu, alegia, politikariak. Pentsioak gutxi igotzea izan da orain arte ohikoena. Igoera, KPI (Kontsumoaren Prezio Indizea) baino gutxiago izanda, eros-ahalmena galtzen da gutxika. Oraindik, zenbatekoa ez igotzea edo zenbatekoaren jaitsiera ez da egin Euskal Herrian, baina Grezian adibidez, bai, gertatu da. Horren alternatiba bezala, teknikariek iradokitzen dituzten irtenbideak hauek dira:

  • Pentsio adina igotzea: pertsona batzuei ez zaie axola urte gehiago lan egitea. Batez ere bere lanean prestigio, botere edo soldata ona badute. Adibidez, Donald Trump-ek 72 urte ditu eta beste agintari askok 65 urte pasatxo dituzte. Lana fisikoa ez bada, urte gehiago lanen ematea posible da. Baina langile askorentzat ez da batere erosoa eta erretiroa hartzeko irrikan daude.

Edonola ere, neurri hau graduala da. Hasieran borondatezkoa eta lan-arloaren arabera. Lanaldia murriztu daiteke lanpostuaren arabera. Gutxika erretiro adina 70 urtera helduko da.

  • PentsioakKotizazioak handitzea. Neurri hau erretirodunentzat mesedegarria da, baina kotizazioak handitzen badira, langileen soldata garbia gutxitzen da.
  • Zerga gehigarriak soilik pentsioak ordaintzeko.
  • Beste zerbaitetan ez gastatzea. Beti dago aukera administrazioen gastua aldatzeko. Baina segun eta zertan aplikatu murrizketa, protestak egongo dira.
  • Pentsio-sistema pribatua ezartzea. Estatuen zain egon ordez, norberak aurreztea bilatzen da. Batzuentzat (aberatsentzat) errazagoa da aurreztea besteentzat baino. Baina borondate eta aurreikuspen kontua da ere. Eta arriskua ere badu: aurrezkiak behar ez den tokian sartuz gero, aurrezkiak murriztu edo galdu daitezke.

Neurri hauek martxan jartzea ez da erosoa, beti egongo delako aurkako jendea. Ez dira neurri herrikoiak. Baina horien guztien arteko konbinazioa egiten da.

Ikusten den bezala, ez da batere erraza pentsioen arazoa desagerraraztea. Pozik egon beharko ginateke biziraupena gero eta altuagoa delako. Beste alde batetik biztanleriaren piramidea alda dadin, ume gehiago izan beharko genuke, horrela, gero eta langile gehiago egongo balira errazago izango litzateke haien soldatetatik dirua zergen bidez lortzea. Onartu behar da, hautsak harrotu dituen gai hau konpontzea asko kostako dela, eta daukagun egoera latz hau ez dela egun batetik bestera bideratuko.

Pentsioak Pentsioak Pentsioak

9 pentsamendu “Pentsioak”-ri buruz

  • Enperadorea biluzik dagoela seinalatzen gutxi ausartzen dira.

    Mendebaldeko pentsio-sistema publikoak ez dira sustengarriak eta datorren krisian pikutara joango dira. Honen arrazoiak eta erantzukizunak eztabaidagarriak dira, ziurra dena da hurrengo belaunaldien gain egundoko marroia ari dela pilatzen, ordezkari politikoek ez daukatelako eduki beharrekorik arazoari errotik heltzeko. Beste gauzen artean, bertakoen natalitatea igotzeko politikak bultzatu beharrean nahiago dute beste kontinenteetatik lan-indarra lapurtu (esklabutza deitzen zitzaion lehen), erremedioa gaixotasuna baina okerragoa dela jakinik ere.

    Hau itxura beltza ari da hartzen

  • Benat Castorene 2019-02-06 13:15

    Bai Mikelats, pentsioen finantzatzeko arazoa, ahuleenentzako pentsio eskasak, natalitate eskasa, lanerako gogo urria, gehiegizko imigrazioa, herri batzuen kontsumerismo ahalgegingarria, globalizazioaren apologia, dena lotuta dago eta adierazten du gure zibilizazioaren egoera.

  • Gehiago bizitzen gara? Ez denak berdin. Auzo txiroenetik aberatsenera 20 urteko bizi iraupeneko aldea dago, egungo sisteman txiroek lan hobeagoen pentsioak ordaintzen dituzte. Bizitzaren bataz beste orokorra hartzen bait da. Ta badakizu, nik 2 oilo baditut ta zuk 0,bataz beste bakoitzak 1 du. Gero ta gehiago bizitzen gara bai (batzuk + ta hobeto) bainan gero ta gehiago produzitzen da, hau da, lehen 100 pertsona behar baziren 10 kotxe egiteko, orain 10 beharko lirateke, horrek eragiten du lehen 4 langile behar baziren pentsio bat ordaintzeko, orain 2,3 dira ta izan dugun produktibitatea ikusita, hemendik 50 urtera, langile batek, pentsio bat ordaindu dezake. Ta nork dio pentsioak kotizazioen bidez ordaindu daitezkeela bakarrik ta ez aurrekontu generaletik. Hau da, guztion ondasunetik. Gero ta BPG handiagoa dugu beraz… Pentsio pribatuena da iruzurra ta pentsio publikoak nahita ondatzearen arrazoia. Bilioiak mugitzen dituzte pentsio publikoek, ta negozio hori nahi dute. Krisiaren hasieran pentsio pribatuek 5 bilioi galdu zituzten. Ezin ordaindu AEBko hainbat lekuetan, Txilen.. Azkenean hori, dirua kasinoan jokatzea bezalakoa delako. Hori bai, gure dirua, etekinak beraientzako, arriskua gurea. Modu askotan ordaindu ta igo daitezke pentsio publikoak, bainan diru hori nahi dutenen negozioak orduan?

  • PPk kotizazioak jaitsi, kontratu bakoitzeko urte batez gizarte segurantzari ez ordaintzea, enpresa haundietzako mota guztietako kenkaria, kontratu prekarioakta kotizazio baxukoaz sustatuz, pentsio ez kontributiboak kotizaziietatik ordaindu ILEGALA denean, aurrekontuetatik ordaindu behar dira. 1992tik 80 mila milioi edo gehi hori ordaintzeko behar diren baliabideak, beste 5 mila milioi. Urtero pentsio pribatuentzako ehundaka milioi euro kenkarietan, enpresa handiek etekin gehiago dituzte bainan 2008an ordaintzen zutenen erdia ordaintzen dute, elizari ematen zaiona.. Pentsio publikoak igo daitezke, bainan beste zerbitzu pribatu batzuk bezala, gaizki kudeatzen dituzte pribatizatzeko.

  • Arazo nagusia ez da demografikoa, non eta ez den pentsioak finanziatzeko gaur egungo eskema ukiezintzat jotzen. Artikuluan ondo azaltzen den bezala, arazoa finanzitzeko moduan dago. Finanziazioa, langileen soldaten arabera egiten baita, horren proportzionala da beraz. Demografiagatik ala bestelako arrazoiren batengatik, robotizazioa adibidez, langile beharra gutxitzen bada, sistema hori eutsiezina da, gereoz eta langile gutxiagoren esku geroz era pentsiodun eta langabetu gehiagori eustea baitakar.

    Aldiz, ekonomiari begiratzen badiogu, honek hazten darrai, hau da, ondasun eta zerbitzu gehiago ekoizten dugu urtetik urtera. Populazioa ez bada handitzen, bakoitzarentzat are eta gehiago daukagula esan nahi du horrek. Ondasun hoien banaketa justua gerta dadin mekanismoek ordezkatu beharko lukete pentsioen finantziazioa, hau da, enpresen irabaziek, eta ez, langileen soldatek (enpresek ordaintzen duten gizarte segurantza zatia gaur egun horren araberakoa da).

  • Arazoa ez da finantziazioa, arazoa da pentsioak pribatizatu nahi dituztela. Herrialde automatizatuenetan langabezia txikiagoa da ta adibide ona. Pentsioak herrialdearen aberastasunarekin ordaindu daitezke, robotek aberastasuna biderkatzen badute, aberastasuna hartu ta pentsioak ordaindu. Zelanda berrian aurrekontuetatik ordaintzen dituzte ta artikuluak tesi neoliberal guztiak hartzen ditu bideragarria egiten dituenak ahaztu. Pentsio publikoak ez dira arazoa, arazoa da bilioak direla ta bankuek, funts pribatuek… hori kudeatu nahi dutela. Robotek kotizatu dezakete. Dena gezurrak edo erdi egiak. Herrialde batek %3ko defizita baino gehiago izanda ezin zuela hazi ziotenean bezalaxe. Hortik EBren defizit muga. 3 unibertsitario ikerketa ikusi (logikak dio gezurra dela) ta beraien datuak ezeztatzen zituzten datu guztiak ikerketan ez ziren aipatzen. Bazeuden defizit horrekin, hazi ta zorra murriztu dutenak. Irensten ditugun gezur hutsak.

  • Beñat Castorene 2019-02-08 19:25

    Bizi garen oraiko sistema honetan, zaharren pentsioak ordaintzeko robotak taxa daitezke seguraz ere bainan neurri batean bakarrik.
    Enpresa haundiek, izan herrikoak ala kanpokoak, plantak eraikitzen dtuzte kostu baxuko herrietan eta robotizatzen dute ere jatorriko herrian bertan.
    Bi taktika horiek batera erabiltzen dituzte beren kostuak beheititzeko.
    Izan ere enpresa haundi gehienak munstro hotzak bilakatu dira eta ezdute gehiago benetazko “Herri”rik. Gainera, denak dira engaiatuak hil ala biziko konpetentzia batean. Orduan kapaz dira dena deslokalisatzea kostu baxuko herrietara, kapaz dira gainera han robotisatzea soldatak hasiko direlarik igotzen.
    Horrengatik, gobernuek frenatuko dute gehiegizko inposazioaren soluzio bat. Izan ere ezdakite zer egin gabezia beheitzeko edo mantentzeko bederen. Orai ez da lehen bezala, kapitala asko behar da ekonomia klasikoko lanpostu bat sortzeko, eta, herriko iniziatiba nahikoa ez denez, gehiegi espero dute atzerritik etorritako multinazionalen laguntza. Hauiek hona etorriko dira ez badira beste tokietan baino askoz inposatuagoak.
    Beraz, edonola ere:
    Zinez gureak mantenduko diren enpresak eta baserriak pentsatu beharko ditugu.
    Parte haundi batean bederen herriko langileen elkartasun belaunaldiartekoaren gainean kontatu beharko da.
    Belaunaldi berriek derrigorrez guk baino ume gehiago egin beharko dute.
    Lan produktiboaren berritz baloratu beharko da eta espekulazioa desbaloratu.
    Zaharrek, beren ahalen araberan, lagundu beharko dute bururaino.
    Utopikoa iduriko luke alta bestela Mikelatsek zioen bezala “itxura beltza”hartuko du .

  • Deslokalizazioa beti egon da ta ez ditu pentsioak bideraezinak bihurtzen. Gaur egun duela 10 urte ordaintzen zutenaren erdia ordaintzen dute aberatsek gehiago irabaziz. Zergatik? Agintean daudelako ez pentsioak bideraezinak direlako. Baserritarrek ta edonork erabili ditzake teknologiaren aurrerapenak. Askotan Deslokalizazioa ez da soldatarengatik, multinazionaletan soldatak kostuaren zati txikia da. Datuak mesedez. Adibidea duela 80 urte, 3 milioi egiten zuten lan landa gunetan. FEDEA ta enparauen gezurrak jarraituz, gaur egun soilik 300 mila daudela hortan lanean. Ba gosez hil beharko ziren, ta halare Espainiak askoz langile gutxiagorekin, duela 80 urte baino gehiago produzitzen du. Pentsioak bideragarriak ta igo daiteke. Kontrakoa dionak, edo gezurretan dabil, edo zuzenean ez du ideia pitorik. Datuak oso argiak dira. 1995-2005 Espainiak BPGa bikoiztu zuen, hau da, ABERASTASUNA. Soldatak ta pentsioak bikoiztu ziren? Ez, ta posible zen. Pentsioak HERRIAREN ABERASTASUNAREKIN ordaindu daitezkeelako, ta aberastasuna baldin badago, DIRUA badago. Beste guztia, pentsioak pribatizatzeko NAHI hutsa. Datuak. Zer egiten ditu bideraezin? Jarri ditudan datuei kontra egiten dioten datuek? Ba ez jarri, ez daude ta erraz gezurtatzen dira. Ez dugu ikasten, edo ez dugu nahi.

  • Benat Castorene 2019-02-09 22:42

    Ez, deslokalizazioak ez dira beti egon. Eskala honetan bederen, duela hirurogoi urteko fenomeno bat da.
    Ez dut erran deslokalizazioek pentsioak bideraezinak bihurtzen dituztela, baizik eta, gaurko egoera politikoan, deslokalizazioen areagotzeko eta konpetitibitatea galtzeko arriskuak zailtzen dutela arazoaren soluzioa.
    Horrengatik, roboten eta enpresen gaineko inpuestuen igoerak ezin zuela berak bakarrik soluzionatu demografia katastrofiko batek eragindakoa
    Diozu : « Deslokalizazioa ez da soldatarengatik, multinazionaletan soldatak kostuaren zati txikia da. »
    Ez naiz ados zurekin : soldata ez da zati hain tikia haientzat.
    Izan ere, ehunekoan tikia baldin bada hemengo enpresa tikienenarekin alderatuta, hala ere han aurkitzen dituzten soldaten eta taxazioen diferentzietatik eiki dute gehien irabazteko aukera. Konduaren beste postu guziak berdintsu izan daitezkeelarik mundu guziko herrietan, hala nola, materiaprima, inbertsio materialak, asurantzak eta abar…
    Zergatik pentsatzen duzu bada soinekogintza guzia Europatik Asiara joan zen? ez ote zen hangotarren esplotazioa hemengotarrena baino errentagarriagoa zelako?
    Egia da badela ere beste arrazoin bat, alegia, kapitalistek badakitela demografiagatik etorkizuneko merkatuak han izanen direla ez eta zahartzen ari den Europa batean.
    Arrazoi duzu, aberatsen eta multinazionalen zuzendarien aginte egoista problemaren parametro bat da dudarik gabe, bainan pentsatzea haiek bota eta gero pentsioen problema mirakuluz bezala soluzionatuta legokeela erru larri bat da
    Laborantzaren produktibitateari dagokionez, barkatu zure ondotik gure gaiatik urruntzea gatik, bainan, gaur egungo 300 000 laborarik 3 000 000 aurrekoen lana egiten dutela, arrazoin dukezu, Espainako datuetan ez naiz jakinean zu bezala.
    Alabainan ez ote da hau piskat erlatibisatu behar ?
    Zeinbat tonela gazoil errez ? zeinbat tonela pestizida hedatuz ? zeinbat laku eta erreka agortuz ?
    Egonkorra ote da horrelako produktibitatea ?
    Parentesisa hesteko, ez zait iduritzen egungo gure nekezariek asetzen dutela Euskal herriaren behar guzia.
    Zuzeuko irakurleetan, dakidanez, nehor ez da pentsioen igoeraren kontra.
    Aldiz badira, Irati Armentiak bezala, pentsatzen dutenak ez dela « gezurretan ibiltzea »,edo, « ideia pitorik ez izaitea » , baizik eta, erraitea pentsioen problema serio bat dagoela gure Herrian ondoko herrietan bezala.
    Badira pentsatzen dutenak, probema horren soluzionatzeko, produktibitatearen ustezko igoera batek ahalbideturiko enpresen taxazioaren igoerak laster limita bat joko lukeeela.
    Gaurko zapalkuntzarenpean edo nahiago ginukeen askatasunean, eskuina agintean edo ezkerra agintean, demografiaren koska hor egongo da, eta, demografia sendoa beti erabakigarria izanen da epe ertaineko ekonomiarako eta jubilatuen pentsionetarako.