GARA 3 milioi euro ordaintzera derrigortua
GARA 3 milioi euro ordaintzera derrigortua –
Lapurreta bat eta eraso bat prentsa askatasunari
…
Donostia, 2018/01/30
Gaur hogei urte betetzen dira GARA sortu zela. “Egin” itxi eta bi hamarkada geroago eta Baltasar Garzon gure egunkariarekin gauza bera egiten saiatu eta 15 urtera, hain zuzen berak ilegalki itxitako egunkariaren zorra guri leporatuz, gaur iragarri behar dugu aurreakordio batera iritsi garela Gizarte Segurantzarekin. Horrela, beraz, erresistentzia aro bati amaiera ematen diogu.
2003an Baltasar Garzonek hamabost eguneko epea eman zigun 4,7 milioi euro haiek ordaintzeko edo ixteko. Gogorarazi beharra dago urte horretan Audientzia Nazionalak “Egunkaria” itxi zuela. Euskal prentsaren aurkako eraso bateratua izan zen. Geroztik hamabost urtez eutsi diogu eta une honetarako prestatu egin gara, baina horrek ez du esan nahi kolpe latz bat ez denik, soseguz eta inteligentziaz kudeatu beharko duguna.
“Egin”-en zorra ordainaraztea erabat bidegabea da. Justizia espainiarrak ilegalki itxi zuen, bere arduradunak espetxean eta baldintza izugarrietan izan zituen denbora ikaragarri luzez, ondoren bere ondarea suntsitu egin zuen eta gure bila etortzea erabaki zuen. Milaka pertsonaren ekarpenari esker lortutako kapital berria, lantalde berria eta proiektu berria izan arren, “enpresen ondorengotza ideologikoa” ezarri ziguten eta zorra leporatu.
Hori 2003an gertatu zen. Irmoki uste dugu 2019an Euskal Herrian soilik gutxiengo autoritario eta marjinal batek nahi duela komunikabide baten itxiera, edo zuzenean eta zeharka 200 langile baino gehiagori lana ematen dien enpresa baten porrot behartua. Zentzugabekeria itzela da eta horregatik eskatzen diegu babesa euskal instituzioei, eta laguntza gizarteari.
Gizarte Segurantzari dagokion hitzarmenaren partea oso latza da. Datozen urteetan, sei hilabetero, milioi erdi euroko ordainketak egitera behartzen gaitu. Hartzekodunen hitzarmenaren amaieran, guztira, 3 milioi euro baino gehiago izango dira. Urte oso bateko soldata kostu guztia baino handiagoa da; hau da, gure langile guztien urtebeteko soldatak baino handiagoa. Krisi iraunkorrean dagoen eta birmoldaketa gogotik saiatuta egin behar izan duen sektore bat da hau. Gure inguruko inongo hedabidek ezingo luke horrelako kolpe bat jasan. Gure inguruko inolako enpresak ez du horrelako jazarpenik jasan. Hau lapurreta bat da.
Eskerrak eman nahi dizkiegu konponbidean lagundu diguten instituzio, erakunde eta pertsona guztiei. Baita gainerako hartzekodunei ere. Oraindik beraien babesa behar dugu zoritxarreko gertakari hau ixteko. Haiei adierazi diegun bezala, egoera horretara iritsi gara gure hedabideen bideragarritasuna bermatzeko. Konfiantza dugu gure buruan. Trantsizio digitala arrakastaz egiten ari gara, eta abian jarri dugun ereduaren bidez harpidetzak eta komunitate konprometitu baten ideia bateratu ditugu. Diskriminazioa pairatu dugu baina geure burua baliarazi dugu. Gipuzkoako kioskoetan bigarren hedabidea izaten jarraitzen baitugu, eta hirugarrena Hego Euskal Herriko beste hiru lurraldeetan. Eta interneten indartsu ari gara lehiatzen gurea baino askoz handiagoak diren eta laguntza askoz handiagoak jasotzen dituzten enpresekin. Kolpea jasan arren, gure asmoa da debate publikoan eragiten jarraitzea, pertsona kritikoak sortuz eta boterearen kontrola eginez.
Solaskidetza garai bat zabalduko dugu instituzioekin, alderdiekin eta gizarte zibilarekin. Era berean, barne gogoeta bati ere ekin diogu, kolpe honi nola aurre egin hausnartzeko. Gure sorreraz geroztik ez dugu babes ekonomikorik eskatu. Eta orain bitartekoak jarriko ditugu eraso honen aurrean laguntza eraginkor bat bideratzeko eta elkartasuna egituratzeko. Beti esan dugu gure konpromisoa euskal herritarrekin eta irakurleekin daukagula. Gaur esaten diegu borrokan jarraituko dugula kazetaritza politikoa, independentea eta profesionala eskaintzeko. Eta horrexetarako, etorkizunera begiratzeko, eskatzen dugu zuen laguntza.
… “enpresen ondorengotza ideologikoa”. To eta no. Salbuespen legeria. Etsaiari aplikaturiko zigor-legea.
Egin egunkari oso on bat zen.
Gara…. aipamenik ez. Bere zentsura bezala.
Beti men egin behar al dugu? Beste biderik ez al zegoen? Ez dut uste argi azaldu dutenik
Niri ere ez zait argi geratu. Espainiako SSarekin hitzarmen bat sinatu dute? Edo ordaintzera behartu dituzte besterik gabe?
Albistea ez da argia ez bait du azaltzen Egin eta Gara egunkarien arteko lotura juridikoki demostraezina baldin bada nola eta zergatik Gara egunkariak Egin egunkariaren zorrak bere gain hartzen dituen.
Ezin al daiteke Espainiako Gizarte Segurantzaren erabakia errekurritu?
Lege-teknikariek Egin eta Gararen artean enpresazko loturarik ez dagoela badiote, ez al dago goragoko erakunde jurikorik oker hau zuzenduko duenik?
Inperialismoaren aurrean ahultasuna erakusten diozunenan, kasu hontan kolaborazionismoa, ba horrela bukatzen duzun. Depredadorea zurekin bukatu arte ez da geldituko. Ematen du zailatasun haundia dugula hori ulertzeko.
Neri piskat inpresentablea iruditzen zait GARAren bideragarritasun ekonomikoa eta Euskal Herriko interesen nahasmen inplizito hori. GARA ezker abertzaleko egunkaria da eta bere interesak zerbitzatzen ditu eta ez da Auñamendiko artza arrea ez eta Erronkariko azken uskalduna. Arazo ekonomikoak baditu haziendarekin berak jakingo du zergatik.
Freud: Arerioa zu baino askoz ere handiagoa eta indartsuagoa denean, zuhurra izan beharra dago aurka egin ahal izateko, indar hutsa ez bait da nahikoa.
Zelai batean azeriak nekez egin diezaioke lehoiari aurre baina basoan azeriak lehoia alboan utz lezake bere adimena, zuhurtasuna eta abilezia erabiliz (inguru zuhaiztuaz duen ezagutza, landare txiki eta handien artean mugitzeko duen trebetasuna, eta zoko eta zuloetan ezkutatzeko gaitasuna, denak aldeko ditu azeriak basoan).
Azerien taktika, estrategia bihurtuz, inondik han ikusten dugu. Oso ondo dago printzipio orokorra bezala hori eukitzea baina gure gaurko herriaren egoera ikusi ez gero, bistan da hori ez dela aplikatu eta ez dago inondik intenziorik hori aplikatzeko eta bai Inperialismoaren estrukturetan integratzea eta asimilatuak bukatzea. Lehen pausoa, independentziatik autonomismora (status berria) eta hori ere azerien “taktika” ote izango da?
Printzipio estrategikoak baster batera uzten dituzunean, handik aurrera ez dago ez ta taktikarik ez ta estrategiarik txarlatanismo politikoa baizik.
Hemen idazten da (hala ematen dit gutxienez) GARAkoak “lagun” zoragarri maitagarri eta inuxenteak balira estatu gaizto baten kontra. GARAko orrialdeetan enpresari, politikari eta hainbat euskalduni kriston irain piloa bota zaio ezker abertzalearen konsignak estuki jarraituz. Izparringi honek erdeina besterik ez du merezi giza-balioen ikuspegitik: nola zuritzen zituen ETAko ekintzak; nola jasotzen zituen Kale borrokaren ekintzen errebindikazioak, aingerutxo batzuen ekitaldiak izango balira bezala. Arazo ekonomikoak dituztela? Euskaldunak arduratu behar al gara ezker abertzalearen boletinaren arazoengatik? Mesedez, ez adarrik jo.
Bentazar: hain doktore jakituna eta EAJko aparatukoa izateko sentsibilitate pixka bat falta zaizu benetako arazoak zertan dautzan ikusteko.
Asmakizun bat, hortaz, zuretzat: ezetz asmatu zer den hemen benetan jokoan dagoena? ezker abertzalearen boletinaren etorkizuna? GARAren inguruko jende purtzilaren arazo ekonomikoa? botere judizialen arbitrariokeria berme sekularra eta sekulakoa? adierazpen askatasuna? besteren bat?
Kirtenkerietan ez desbideratzeko pista bat: irakur itzazu bederen Ortuzarrek eta bestek esandakoak!
Eskerrik asko Meredith zure irain purrustadarengatik.
Ortuzarrek bere iritzia du eta nik nerea. Neri oso aurpegi gogorrekoa iruditzen zait GARAren arazo ekonomikoak eta giza-eskubideak nahasi beharra. Benetan. Adierazpen askatasuna? Zer esaten zuten GARAko orrialdeek Santi Oleaga DVkoa eta Lopez de La Calle artikulugilea erahil zituztenean? Nik oroitaraziko dizut: estatuaren peleleak zirela eta horregatik justifikagarria zela erahilketa. Eta GARA gaizki dabilela. A ze pena!
Ez litzaidake GARA desagertzea gustatuko. Euskarari eta abertzaletasunari ekarpen garrantzitsua egiten dio. EAJk eta Ezker Abertzaleak medio potenteak behar dituzte, bakoitzak bere esparruan.
Hori bai, immigrazio masiboaren defentsa eta irakurleen iritziak zentsuratzeagatik puntu asko galtzen ditu.
ETArekin erabat itsu ibili zen ezker abertzalea. Immigrazioarekin areago.
Ene Egia, ez erori erromantizismo faltsuetan, euskarari zer ekarpen egin dio GARAk? ETAko komunikatuen perfekzio gramatikala (hainbat erahilketa aipatuz)? Abertzaletasunari ekarpenik eman diola? Ezker abertzalearen boletina izan da eta bertatik abertzale pilo bat iraindua izan da eta ordea hamaika internazionalista espainol, frantses, uruguayo eta beste hainbat lekuetako izan du bertan kabi bero bero munduko egoeraz betiko hitzaldi iraultzaile-txatxua errepikatzeko.
Bentazar: Ni ez nintzen Egin egunkariaren irakurlea eta egun ez naiz Gara-rena ere.
Hala ere Gara egunkaria isilarazteko asmo zitala ikusten dut Espainiako agintariengan, Espainiako Gizarte Segurantza tresnatzat erabiliz Gara ekonomikoki hertsatzeko.
Adierazpen askatasunaren aurkakoa da edozein komunikabide isilaraztea, baita komunikabide horren ideologia gorroto baldin badugu ere. Argi dago Espainiako zenbait agintarik Gara gorroto duela eta bere mezua ixilarazi nahi duela ekonomikoki itoaraziz. Halako jarrera zorigaiztokoa da adierazpen askatasuna maite dugunontzat eta Espainiako demokraziaren kalitate kaxkarra erakusten du.
Frantzian kritika zorrotz, gordin, eta maiz amorragarriak egiten dizkiete “Charli Hebdo” eta “Le Canard Enchainé” bezalako astekariek frantziar politikariei baina Frantzian ez dago agintaririk halako aldizkari kritikorik itxiko duenik, han (Frantzian) adierazpen askatasunaren ideia sendoagoa dutelako.
Espainian Gizarte Segurantzak eman dezaken nolabaiteko “onargarritasuna” erabiltzen ari dira Gara itotzeko, zeren nor ausartuko bait da gure langabezi-, gurasotasun-, eta zahartzaro-pentsioak ordaintzen dituen administrazioari aurka egiten?
Hemen oraindik argi ez dagoena da nolatan Gara egunkariak onartu duen enpresa ezberdin baten zorra (Egin egunkariarena) bere egiten eta nola ez dion Gara-k aurre egiten zuzengabekeria honi goragoko auzitegietara joaz.
Ez dakigun zerbait ezkutatzen al digute?