Pazko Igandean, ‘morrokotea’ Gorbeialdeko okindegietan
Ohitura zaharra jarraituz, Pazko Igandean -Jesukristoren berpizkunde egunean-, Gorbeialdeko herrietako aita-amabitxiek arrautza bat edo gehiago daraman ogi berezia oparitzen diete seme besoetakoei. Ogi horrek hainbat izen hartzen ditu eskualdearen arabera: morrokotea Arratien, olatea Orozkon, pazkopile Busturian, kornitea Santurtzin… Toki batzuetan borobilak izan ohi dira eta beste batzuetan, triangelu itxurakoak.
Antzinako kultura askotan arrautza jaiotzaren, ugalkortasunaren eta berpizkundearen sinboloa da eta Pazkoan arrautza oparitzeko ohitura munduko hainbat herrialdetan mantentzen da: Ingalaterran, Estatu Batuetan, Erdialdeko Europan… Katalunian, esate baterako, txokolatezko arrautza edo mona delakoa oparitzen diete aita-amabitxiek seme besoetakoei. Bizkaiko zenbait herritan morrokotea oparitzeko ohiturak bizirik jarraitzen duen arren, itzaliz joan da garai bateko baserrietan astero egiten zen labe-suarekin batera. Garai batean, baserri bakoitzak larunbatero aste osorako ogia egiten zuen eta Pazko Igande bezperan, asteko labe-sua aprobetxatuz egiten ziren pazko opilak. Gaur egun baserrietako labe-sua erlikia bihurtu bada ere, badira han-hemenka ohitura zaharrari eusten dioten okindegiak eta Gorbeialdeko herrietan behintzat pazko opilak oparitzeko aukera izaten da. (Jon Urrutxurtuk bidalia)