Lumaren beldur

Aitortu beharra daukat lumaren beldur naizela. Beno, luma baino gehiago, ordenagailuaren teklen beldur –ordenagailuak aspaldi ordezkatu baitzuen luma– . Lumaren arrasto ilun eta sakona, ordenagailuaren teklen tak-tak-tak mehatxagarria… Hotzikara.

Hitzak haizeak eramaten ditu, gaur esandakoak bihar ez du balio, hitzak gure memoriatik irristatu eta galdu egiten dira. Baina hizkiak… Hizkiak betiko geratzen dira inprimatuta paperean, egurrean, horman edota kode bitarrean; garai batean esandakoaren lekuko.

Beste pertsona batekin hitz egitea ikaragarri erraza eta azkarra da, hitzak iragankorrak dira eta gure oroimena murritza; horregatik solasaldiak ausardiaz beterik egon ohi dira.

Gutun bat idazterakoan, ordea, zenbat eta zenbat buelta ematen dizkiogu buruari? Hitzak ondo aukeratu, ordena, ideien garapena, agurra… Hizkiak paperean edota ordenagailuaren pantailan inprimatzen ari direla ikusten dudan bakoitzean, norbaitek nire hitz horiek behin eta berriz irakur ditzakeela datorkit burura, eta behatzak dardarka hasten zaizkit.

Hizkiak, hitzak, esaldiak, paragrafoak… Amesgaiztoak.

Jabetzen naiz testu hau idazten ari naizen bitartean, nire beldurraren sua pizten ari naizela, hitzok betiko geratuko baitira inprimatuta hor nonbait eta etengabe berpiztuko direla. Baina ez du axola, beldurrak gainditzeko bide bakarra beldurrei aurre egitea baita. Beraz, hemen nago, ordenagailuaren aurrean, nire behatz puntek ausardiaz mozorrotutako lotsaz teklak jotzen dituzten bitartean.

Beldurra

beldurra

UDAZKEN KOLOREAK

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude