Santo Tomaseko feriya, txoixua…ta estreinaldiak!

Santo Tomaseko feriya, txoixua…ta estreinaldiak! –

Estreinaldiak: Abenduak 21

Abenduko lehen estreinaldiak!

Dantza

Ekaitza lehertu da landako lan egun gogor baten ondoren. Atertu duenean, bizitza erne da lehen agor zen lurretik. Fruitu bat hazi eta heldu da, bizirik eutsi die izurrien erasoei, eta sagardoaren bizigai izango den sagar bihurtu da. Orduan, uzta ospatzeko tenorea da, topa egitekoa eta maitasunaren festan murgiltzekoa. Bizitzaren eta heriotzaren zikloari buruzko istorio bat da filma, bizirik irauteko borroka batena, eta dantza da hori kontatzeko hautatutako hizkuntza. Gai unibertsalak, sinbologia berezi batez jantziak. Tradizioari, lurrari, haren jendeari, mitoei eta ohiturei egindako kantu poetiko bat. Ederra oso, gure-gurea.

Manbiki kazoku (Shoplifters)

Hotz izugarri baten erdian, barkartutako neska txiki batekin egingo dute topo Osamu protagonistak eta haren semeak. Emazteak errezeloz hartuko badu ere, haurra jaso eta hezteko erabakia hartuko dute. Famlia behartsua dira, bizirauteko apenas dute baliabiderik, baina zorionez beteta daude. Edo hori pentsatuko dute behintzat, ezusteko istripu batek trapu zikinak agerian jarriko dituen arte. Urte amaieran sarri ikusten dituen ‘onenen’ zerrenda horietariko askotan egoteko aukera ugari ditu filmak. Zama emozional altuko filma delako, eta Cannesko zinema jaialdiaren irabazle izateak ohore hori dakarrelako.

Mary Poppins Returns

Haur zaintzaile ‘ideala’ da Mary Poppins (Emily Blunt). Berezko dituen dohain berezi batzuen laguntzaz, gai da etxeko lanik zakarrena ere abentura zirraragarriena bilakatzeko. Haurrek maite dute bere zaintzapean egotea, eta hasieran bere moduak mesfidati hartuko badituzte ere, gurasoek ere begi onez joko dute azkenean. Bueltan da 90.hamarkadan ezagutu genuen pertsonaia, oraingoan Banks familiaren belaunaldi berri bat hezteko asmoz. Aurrekoan kedar-garbitzailearen konplizitatea izan zuen, eta oraingoan Jack farolgilearen laguntza izango du, zeinak argia eta bizia eramango dituen galera handi bat pairatu berri duen etxera.

Spider-Man: Into the Spider-Verse

Peter Parker zendutzat jotzen duten unibertso paralelo batean, Miles Morales deituriko gaztea izango da Spider-Man berria. Bere zama berriari aurre egiteko prest azalduko da, armiarma gizonaren inguruan ahal beste irakurriz eta ikasiz. Berehala ikusiko du, ordea, badirela heroia errepikatzeko saiakeran dabiltzan asmo txarreko zenbait mafioso eta ikerlari. Istorioaren saiakera aldizkakoa dugu hau, heroi bakarraren nagusitasuna alboratu, eta salbatzaile berdinaren bertsio ugari ekarriko dizkiguna.

Paris pieds nus

Kanadar jatorriko liburuzaina da Fiona, egun batetik bestera bere burua Parisera lekualdatzera behartuta ikusiko duena. Gertuko senide bakarra du izeba Marta, eta bere laguntza ematen ez badio, zahar-etxe batera eramango dute gogoz kontra. Berarekin zeraman ekipaje guztia galduta, pentsatu zezakeenetik urrun, lurreratze sail samarra izango du protagonistak maitasunaren hirian. Gutxi balitz, gainera, Donekin egingo du topo…

Tout le monde debout

Enpresa gizon arrakastatsua da Jocelyn, erakargarria, aberatsa… eta gezurti konpultsiboa ere bai. Bere buruaz eta inguruan duen erosotasunaz asperturik, pertsona elbarri baten paperean sartuko da emakume gazte bat limurtzeko. Bide erraza dirudien hori okertuko zaio berehala, gurpildun aulkian dabilen emakumearen ahizpa ezagutuko duenean.

estreinaldiak
Gaiaren inguruan gehiago jakiteko, zatoz ZINEAra!

Euskal pantailaren gunea