Antonio Amat “Guridi”, azken konspiratzailea

Antonio Amat “Guridi” –

Gasteizen oso gutxik ezagutzen dute nor izan zen Antonio Amat Maiz, Salburuako bukaeran bere izena daraman kale bat dago, besterik ez. Bere alderdian bertan nahiago dute bere figura ahaztea; Antifrankismoan paper garrantzitsua jokatu arren, beti deserosoa izan da.

Gasteizko familia kontserbadore batean jaioa, gaztetatik bere errebeldiaren zantzuak agertu ziren, esate baterako, Marianistetatik kanporatua izan zen. Gerra Zibila bando nazionalean egin zuen, badirudi errepresaliak saihestako asmoz, halere, laster erregimenaren aurkako borrokara atxikitu zen. Izan ere, 1944an Lekeition atxilotu zuten Antonio Amat Maiz, arma kargamentu bat jasotzen zuenean.

Antonio AmatHortik aurrera, alderdi sozialistara hurbildu zen, 1953an PSOEren Estatuko barne arduraduna aukeratua izan arte. Kargua hartzea ez zen izan erabaki xamurra, bere aurrekaria, Tomas Centeno, Madrilgo DGSko kalabozoetan hil baitzen torturatuta. Alderdiaren zuzendaritza Frantzian kokatua zen, eta bere lana barruko egitura birsortzea zen. Zentzu horretan, hainbat trikimailu erabili behar zituen poliziaren zaintza saihesteko, adibidez, Gasteiztik ateratzen zen kamioien kargetan edo Alaveseko zaleekin batera. Halaber, klandestinitatean zenbait ezizen erabili zuen, ezagunena Guridi, Gasteizko musikagilearen omenez. 1962an Rossana Rossandak elkarrizketatu zion, eta horrela gogoratzen zuen:

… Antonio Amat reventaba en su recinto, del que se escapaba a menudo (…) pasando de una cafetería a una taberna, saliendo por la puerta de atrás, una bicicleta, una camioneta y por carretera a Bilbao, Santander o hasta Asturias o a donde hiciera falta (…) Antonio lo corría todo porque no había tiempo que perder. Los obreros se desperezaban por todas partes, y en cambio su partido hacia algo peor que dormir, dividía, se destruía …

Inoiz ez zen izan diziplinatua, eta hainbat tirabira eduki zuen alderdiaren zuzendaritzarekin. Amaten ustez, zuzendaritzak barruko errealitatea ez zuen ezagutzen; zuzendaritzarentzat, aldiz, “se trata de persona muy individualista a quien gusta hacer las cosas por su cuenta”. Berak proposatutako bideak errefusatuak izan ziren maiz, tartean, deitutako “taktika antibiotikoa”, borroka armatua, alegia. Zentzu horretan, 1968an, ETA borroka armatua erabiltzen hasi zenean, frankisten hipokrisia azpimarratzen zuen: “ha causado verdadero indignación que se intente criticar la violencia por los mismos que de ella y desde hace más de 30 años han hecho su panacea”.

1958an sarekada batean atxilotua izan zen Madrilen eta 4 urte egon zen espetxeratua, nazioarteko kanpaina bati esker kalera atera zen arte. Kartzelan harremana zuzendaritzarekin gaiztotu, leporatu zioten, besteak beste, gehiegi hitz egitea komisarian edo harremanak edukitzea komunistekin. Horretaz gainera, bere bizimoduaren inguruko zurrumurruek ez zioten lagundu, ezaguna zen txikiteoa asko gustatu zitzaiola.

Askatasuna berreskuratu zuenean Kubara bidaiatu zen, bertako gobernuak gonbidatuta. Geroago, bere lan nagusia izan zen berrantolatzea Arabako sozialisten egiturak. Hala nola, UGTko industria-federazio bat eratu nahi zuen, baina ezin. 1968an onartzen zuen: “Todo va muy despacio, no podemos ni debemos engañarnos, y pensar por ejemplo, en la creación de federaciones de industria. Es una utopía ridícula, falaz y contrarrevolucionaria…”

1970eko hamarkadaren hasieran belaunaldi berri batek Arabako sozialisten gidaritza eskuratu zuen, orduan Amat bigarren plano batean geratu zen. Alabaina, Manuela Arocaren iritziz, bi ezaugarri inprimatu zituen orduko Arabako sozialismoari:

… consideraba la necesidad de aunar esfuerzos para crear una fuerza de gran potencia en el antifranquismo de los setenta y, por ese motivo, no era anticomunista al modo casi visceral de la tradición socialista; por otra parte, entendía el socialismo vasco con las particularidades de las referencias nacionalistas. Consideraba que el socialismo vasco debía contemplar las especificidades que se daban como consecuencia del sentimiento nacional ligado a una lengua, una tradición, una cultura vasca que el franquismo había reprimido. (…) algunos de los planteamientos de Antonio Amat se convirtieron en referencia para una militancia que no se ajustaba en modo alguno al arquetipo de la ortodoxia socialista. (El sindicalismo socialista en Euskadi (1947-1985), 154 or.)

Sureneseko Kongresua begi onez ikusi arren, Trantsizioan PSOEk hartutako bidea ez zuen atsegin. Hausturaren aldekoa izan zen beti, hori zela eta, 1977an postu bat eskaini ziotenean Senatuko zerrendetan, pikutara bidali omen zien. Bere laguna Antonio Diaz Yagüeren ustez: “Pensar que Amat, revolucionario, marxista y hombre de acción hubiera estado sentado en un escaño rodeado en las Cortes monárquicas, al lado de mediocres meapilas pilaristas o ex funcionarios franquistas, es que no lo conocía de nada”.

Bi urte geroago, minbiziak jota, eta zeharo nekatuta bizitza zein politikarekin, Bartzelona eta Mallorcaren arteko ferrya hartu zuen, baina ez zen heldu helmugara. Bere gorpua Mediterraneo itsasoan geratu zen betirako, eta, tamalez, bere gorpuarekin batera bere figura ahanzturan geratu da.

Antonio Amat “Guridi”, azken konspiratzailea

Historialaria