Txirrindulari desobedientearen manifestu baterako oharrak
Txirrindulari desobedientearen manifestu baterako oharrak –
Begiak ireki ditut eta izu-keinuz begira dudan aurpegi bat izan da ikusi dudan lehenengo gauza. Lasaitu egin naiz, ikusmena, behintzat, ez dut galdu. Eskuetako hatzak mugitzen saiatu naiz, ongi. Behatzak mugitzeko ariketa ere bikain gainditu dut, osorik nago. Berehala ohartu naiz ikara aurpegia bidegurutzean gelditu ez eta bete-betean harrapatu nauen gidariarena dela.
Bizikletaren erabilerarako udal ordenantzak ezarritako arauak zintzo betetzeak ez nau libratu gidari despistatuaren oldarralditik, edo beharbada, arauak betetzea izan da, hain zuzen ere, asfalto gainean etzatera eraman nauena. Izan ere, legediak dioen bezala, eta dagokidan bezala, errepidean pintatutako marretatik ibili beharrean, paso egin eta espaloi gainetik ibili izan banintz, ez nindukeen zorigaiztoko autoak harrapatuko.
Gasteizko Udalak bizikleten zirkulazioa arautzeko ordenantza kaleratu zuenean, hiri txirrindulari antolatuen elkarteek aho batez txalotu zuten neurria, araudi berriak bizikletak bestelako ibilgailuen pare kokatzen zituelakoan. Baina nekez izango da bizikleta bestelako ibilgailuen pare, gainontzekoek parekotzat ez badute. Nago araudi horren benetako motibazioa, txirringazko mugikortasuna erraztea eta sustatzea baino, bestelakoa dela: Bizikletek pentsaera zuzeneko hiritar boto emaile zintzoei eragin diezaieketen balizko enbarazua saihestea. Horretarako, bi gurpilen gaineko ibilgailuak espaloietatik eta erdiguneko kaleetatik desagertarazi eta, marra ziztrin batzuk pintatuz, errepideetara mugiarazi zituzten, pinturazko marra desagerkor horiek naturaz gaindiko botereak balituzte bezala, eta bizikletak motordun ibilgailuen oldarretatik salbuetsiko balituzte bezala. Baina ez da horrela. Eskarmentuak ondo erakutsi dit ez dela horrela.
Baina, zer dela eta hainbesteko egoskorkeria bizikleten kontra? Zer du bizikletak oinezkoen, auto gidarien eta agintarien suminaren jomugan etengabe izateko?
Bizikleta deabruaren asmakeria madarikatua da. Bizikleta denik eta garraiobiderik anarkikoena da; noranahi, nolanahi eta musutruk eramaten zaituena; eta horrek sistema kapitalistaren logikaren kontra egiten du talka. Erregai fosilen neurrigabeko ustiaketan oinarritutako ekonomia sistema batean gasolina bidezko ibilgailua bazter uztea hautu iraultzailea da; areago; hirigunean bezala, motorrik gabeko ibilgailua motorduna baino eraginkorragoa eta azkarragoa denean. Etengabeko kontsumoaz elikatutako egitura ekonomiko baten baitan iraingarria da kontsumitzen ez duen musutrukeko garraio bide bat, logika guztiaren kontrakoa. Horrexek bihurtzen du bizikleta ibilgailu maradikatua. Horrexegatik hainbesteko setakeria bizikletak esparru publikotik ezabatu eta asfalto gainera mugiarazteko, inongo babes fisikorik ez duten eremura, kristauak lehoien aurrean jartzen zituzten bezala.
Baina ni ez naiz kristaua, eta ez dut martirirako inolako bokaziorik. Ez ditut nire hezurrak asfaltoaren gainean botata berriro ikusi nahi. Larru zaharra baina bakarra dut eta nire esku dagoen guztia eta senak agintzen didana egingo dut osorik iraun dezan. Horretarako ditxosozko araudia urratu behar badut ere. Nire segurtasuna lehenetsiko dut. Arriskua somatzen dudanetan espaloi gainean ibiliko naiz, pentsaera oneko hiritar boto emaile zintzoen madarikazioak jasan behar baditut ere. Semaforo gorrien gainean ere pasako naiz, atzetik datorkidan eta ikusi ezin dudan autoak eskuinera jotzeko asmorik balu harrapatu ez nazan, gidari amorratuen irainei aurre egin behar badiet ere. Eta hori guztia udaltzainen begirada zelataria saihestuz egingo dut.
Ederki Koldo. Bejondeizula! Ideia zoragarria eman didazu.
Ni, oinezko desobediente bihurtuko naiz: espaloian dabilen txirrindulariari ostia on bat ematea debekatzen duen araua hausteko prest nago.
Twitterreko hari honetan “sistema kapitalistaren” kontra aritzen diren ekintzaileak agertzen dira.
Nire umeak eta ni “pentsaera oneko hiritar boto emaile zintzoak” gara, beraz eskubiderik ez dugu espaloian lasai-lasai ibiltzeko.
https://twitter.com/unaimy/status/973452177120399360
Gauza ia guztietan bezala, errespetua eta enpatia dira neurria. Nik ez dut arazorik arriskuan dagoen ziklista bat espaloira igotzeko. Baldin eta lasai eta tentuz igotzen bada. Zer da kontua, auto gidarien ehuneko jakin bat artaburu arriskutsuak diren bezala ziklisten ehuneko jakin bat ere artaburu arriskutsuak direla, eta espaloira igotzen utziz gero, arazoak sortzen direla, Ziklistek kotxe gidariekin dituzten bezala.
Nik ulertzen dut bizikleta galtzaile ateratzen dela kotxearekin duen lehian, baina bizikletariek ulertu beharko lukete lehia hori galdu izanaren ondorioak ezin dizkiotela “proiektatu” oinezkoei.
Oinezkoa da zirkulazioaren unitate elementalena, oinezko bat ezin da “beldurrez” ibili kalean. Ni gazte naiz oraindik eta izan dut sestra pare bat eta susto oso serio bat bizikletariekin, oinezkoentzako lekuan nindoala. Ez dut pentsatu nahi susto hori edadetu batek, edo desgaitu batek izan balu…
Enpatia eta errespetua… Baina nola kudeatzen duzu bi balore horiek unibertsalak ez diren gizarte bat. Nik ez dakit.
Nire ustez, mugikortasunean aldaketa bat eman da gizartean, eta hortaz azpiegiturak egokitu behar dira. Ez egokitze horrek, artikuloan (eta iruzkinetan) sortzen dituen arazo eta eztabaidak ikusten ditugu.
Lehen, kaleak oinezko eta ibilgailuen artean banatu zituzten, espaloi eta errepide.Ibilgailu motordunek saturatu dituzte errepideak, besteentzat aukerak urrituz.
Orain, beste mugikortasun estiloak sortzen ari dira (ekologia tarteko) : txirrinda, patinete elektrikoak, … Mugikortasun hau ez da ongi uztartzen ez errepidetan ezta espaloietan, beraz, espazio propioa behar du: BIDEGORRIAK.
Hau da, bitan banatua zegoen espazioa, hiru mugikortasun mota hoietan banatu beharko litzatekela iruditzen zait: espaloi, bidegorri eta errepide.