Ur goiena, ur barrena. Urtezahar gaueko erritoa

Ur goiena, ur barrena. Urtezahar gaueko erritoa –

Nafarroa Garaiko Baztanen, Basaburuan, Imozen, Larraunen, Burundan eta Arakil aldean bazen urte berriaren etorrerarekin loturiko errito bat, urtero errepikatzen zena. Gaur, tamalez, badirudi bakarrik Burundako Urdiain herrian egiten dela. Pena da, errito hau baita euskaldunok urtezaharreko edo urtatseko gauean urte berriari ongi etorria emateko izan dugun berezko errituala. Hamabi mahatsen ohitura horrek ez du bide luzea Euskal Herrian, eta ez du zer ikusirik euskal kulturarekin.

 1.- Erritoa zertan den.

Ur goiena, ur barrena. Urtezahar gaueko erritoa

Urtatseko gauean mutilak lehen, eta neska-mutilak orain, euren herrietako iturrietara joaten ziren eta hortxe zain egoten ziren gaueko hamabiak jo arte. Urte berria hastean, ura jasotzen zuten pitxarretan eta apaizari, alkateari eta gainerako bizilagunei banatzen zieten ur berria edan zezaten. Garai zaharretan urteko lehen ura sendatzailea eta berritzailea zela sinesten zuten. Jose Maria Satrustegi idazle eta antropologoaren esanetan, ur horrek gaitzak sendatzeko eta urte berriko alde txar guztiak uxatzeko balio omen zuen.

Gure arbasoen ustez, ura zerutik datorkigu euriaren bidez (ur goiena) eta lur barrenean aterpetzen da. Lurretik isurtzen diren iturri, erreka eta ibaiek ur hori etengabean ateratzen dute lur azalera (ur barrena). Eta bi ur horiek, goikoa eta barrukoa, goiena eta barrena, dira errito honetan gurtzen direnak.

Gazteak etxez etxe joaten ziren urte berriko ur berri sendatzaile eta berritzailea banatuz. Etxeetara iristean oihu egiten zuten: Urteberri berri! eta etxekoek erantzun: Zer dakarrazu berri?  Ondoren, gazteek hainbat bertso eta kantu eskaintzen zituzten eta esker ona adierazi nahian, etxeetako jaun-andereek jateko eta edatekoak ematen zizkieten. Horrela zen arestian aipatu eskualdeetan, eta horrela da oraindik, Urdiain herrian.

Julio eta Pio Caro Baroja anaiek 1972an plazaratu zuten “Navarra, cuatro estaciones”  izeneko erreportaje gogoangarrian jaso zituzten errito honen inguruan ditugun lehen irudiak. 1977an, Pantxoa Karrere eta Peio Ospitalek argitara eman zuten “Oles eta oles” diskoan Urdiainen Ur goiena, ur barrena erritoaren egunean abesten den kantu zaharra jaso eta zabaldu zuten.

Ur goiena, ur barrena. Urtezahar gaueko erritoa1980an, etnografo handia eta urtetan Urdiaingo apaiza izandako Jose Maria Satrustegik, Txertoa argitaletxearen bidez, plazaratu zuen “Mitos y creencias” izeneko liburuan deskribapen zehatz eta zabala egin zuen. Eta azkenik, 2015ean, Olatz Zugastik “Ur goiena, ur barrena” izeneko disko ederra plazaratu zuen errito zahar horren oihartzuna denon gogora eta belarrietara hedatu nahian.  Bada garaia, gaurko euskaldunok errito zahar hau indartu eta zabaldu dezagun gure geografiaren luze-zabalean.

2.- Erritoaren inguruko bertso eta kantuak.

Zoritxarrez aunitz galdu badira ere, baditugu oraindik herrietan egin izan diren hainbat aldaeraren zati batzuk. Polita da, esate baterako, Imotz udalerriko Oskotz kontzejuan Fermina Lizasori jaso zitzaion sarrerako bertsoa: Ur barrena, ur goiena / urte berri egun ona / egun onaren seinalea / Izotzetan eta lurretan / hemen dekargu ur berria / Iriki zazu abenduko / gau luzeetan / gu gaixuok ementaria / presta dezazu gosaria / gabiltza hotzak hiltzen / oin hutsetan.

Gaur egun ezagutzen dugun bertso sorta osatuena Urdiainen urtero kantatzen dena da. Hasieran gazteek honako zortzi bertso hauek abesten dituzte:

 

1.- Arantzazu zer dekazu?

     Ur goiena, ur barrena.

     Ur goiena, ur barrena,

     Urteberri egun ona.

2.- Etxe honetan sar daiena

     bakearekin osasuna,

     bakearekin osasuna,

     onarekin ondasuna.

3.- Etxekoandre giltzaria

     iriki ezazu ataria.

     Badekagu ur berria,

     presta ezazu gosaria.

4.- Etxe honetan oilar bi,

     bata bestea iduri.

     etxe hontako etxekoandreak

     Ama Birjina dirudi.

5.- Etxe hontako nagusi jaunak

     urre gorrizko bizarra.

     Hartxek, hartxek eman dia neuri

     errealtxo biko zidarra.

6.- Goian-goian ilardia,

     erdi-erdian klabelina,

     gure baratzan belar ona

     hark botatzen dau usai ona.

7.- Izotzetan, elurretan,

     abenduko gau luzeetan,

     beste guziak ohean eta

     gu, gaixook, oinutsetan.

8.- Eguzu bada, eguzu,

     baldin eman nahi badezu,

     baldin eman nahi badezu eta

     bestela despegi gaitzazu.

 

Zortzi bertsoz osaturiko kantua amaitu ondoren, gazteek ura eskaintzen diete etxeetako bizilagun guztiei. Lehendabizi agintariek edaten dute ur berritik, apaizak eta alkateak, eta gero, gainerako guztiek. Etxe batean kantariek lortutako saria eskasa bada, bi bertso gehiago gaineratzen dituzte:

 

9.- Arramarioan dabil sagua,

     hari segi dabil katua.

     Etxe hontako limosnarekin

     ez dugu beteko zakua.

   10.- Etxe honetan dago uztarri

         haren gainean uzkar bi.

     Amen.

Ur goiena, ur barrena. Urtezahar gaueko erritoa
Ur goiena, ur barrena. Urtezahar gaueko erritoa
Ur goiena, ur barrena. Urtezahar gaueko erritoa

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

6 pentsamendu “Ur goiena, ur barrena. Urtezahar gaueko erritoa”-ri buruz

  • Eskerrik asko artikuluarengatik.

    Hori dela eta, Pantxoa eta Peioren abeste honen bertsio zoragarria entzuteko aukera izan dut.

  • Joseba: nik dakidala oraindik Itsaso eta Etxalekun ibiltzen dira eskean. Doinua dute arront diferentea

  • ???? youtube: xebe diez

  • Urritza herrian (Imotz) zaharrek koplak ezagutzen dituzte, nahiz erritoa galdua egon; hango gizon bati behintzat kopla batzuk entzuna naiz, orain dela 8 urte.

  • Joseba Aurkenerena 2019-01-09 21:10

    Mila esker A eta Agus, eman dizkidazuen datuengatik.
    Adiskidetasunez.