Oporrak, Gabonak eta hauteskundeak
Oporrak, Gabonak eta hauteskundeak –
Leire Narbaizak Gipuzkoako Hitzan.
Matrail-hagin batean arazoak izan ditut, eta nahi baino gehiagotan joan behar izan dut dentistarenera. Azkenerako, hagna salbatu ezinda, erauzi eta inplante bat jarri behar didate. Mindua dut oia, are minduago poltsikoa. Prozesu luzea da, faktura bezainbestekoa, eta eman didaten hurrengo hitzordua datorren urteko otsailerako izan da. 2019ko otsaila! Baina noiz da hori? Non egongo ote naiz? Zenbat gauza gerta litezke epe horretan?
Lehengo batean, batek aitatu zidan inauterietarako kuadrillako mozorroa erabakia zutela. Aratusteak! Lekutan daude, barren! Haginlariarekin dudan ordua baino urrunago! Gero, beste batek kontatu zidan eurak Gabonetan hasten zirela prestatzen udako oporrak! Eta oraintsu jakin dut lagun batzuk badabiltzala datorren udazkenean egingo duten asteburu-pasa kontratatzen! Gure amamak horri guztiorri “gauzei aurrea hartzea” esaten zion, prebenitzea!
Supermerkatu jabe batzuek ere gauzei aurrea hartzen diete, eta urri hasierarako jartzen dituzte Gabonetako turroiak eta enparauak. Orduan oraindik sandaliatan ibiltzen garenok begiak talo eginda geratzen gara produktu horiek ikusita. “Zelan izan liteke, hilabete luze bi geratzen dira-eta?”. Urtero harridura bera, beharbada, guk ez dugulako horren premiarik ikusten. Ze nezesidade Eguberriak aurreratzeko?
Gabonak baino urrunago daude, ordea, maiatz bueltako udal eta foru hauteskundeak, baina dagoeneko kanpaina betean murgildu dira alderdiak. Horiek bai direla espezialistak botazioei gaina hartzen. Gurean, daborduko alderdi bi ahalegindu dira saltzen txarto amaitutako ospitale bat, lehendakari izandako trenzale batek mitin baten inspirazio une bat eduki eta agindu zuena. Kromo truke baten ostean, hementxe daukagu (Eibarren) trafiko handiko errepide biren artean egin duten erietxea, momentuz osasun-etxe handi bat baino ez dena. Mugitu kontsultak beste leku batzuetatik, ospitalea hornitzen dugulakoan. Fantastikoa!
Beste alde batetik, aurrea hartzeko lasterketa horretan, psikoanalista bihurtu zaizkigu Gipuzkoako diputazioko publizistak, “Gipuzkoa gehiago, konplexu gutxiago” aldarrikatzen baitute. Ez dakit “Gipuzkoa gehiago” esanda zer proposatu nahi diguten: Ermua, Hendaia, Aramaio eta Leitza okupatu nahi ote dituzten, herri horiek geureganatuta txikitasun konplexua desagertuko zaigulakoan. Kolonizatu eta handitu Gipuzkoa. Auskalo. Baliteke New Guipuscoa bat aldarrikatu gura izatea Nevadan, beste Gipuzkoa bat gehiago egon dadin munduan. Edozer izan liteke, inoiz ez dago jakiterik batzuek zer duten buruan jira-bueltaka; prebenitu, badaezpada ere!
Aurrea hartze horretan, agintari askok Olentzerori gutuna idazten diharduen ume bat ematen dute: eskutitzean ondo portatu dela adierazi, obra pila bat inauguratu, argazki askotan agertu, eta ez-dakit-zenbat aurresku adi-adi ikusi dituztela adierazi. Trukean, Olentzeroren lau arroako zahagia ardoz hornituta barik, boto-kutxak euren alde beteta ekarriko dizkioten ustean, besaulkia ipurdipean itsatsita jarraitzeko.
Aurrea hartzea biharkoan begia jarrita, atzokoa mantentzeko. Gain hartzea, gainean segitzeko. Burua biharkoan, ipurdia atzokoan. Orainean, inoiz ez, aurrea hartuta ezinezkoa delako.