Lubakiak eta Arrakalak (eta III): Baserria eta Baserria

Lubakiak eta Arrakalak (eta III): Baserria eta Baserria –

Lubakiak eta Arrakalak (eta III): Baserria eta Baserria

Lubakiak eta Arrakalak bildumaren azken atalera heldu naiz, jakinda beste hamaika lubaki eta arrakala dagoela; baina ez nuke nahiko hodeitza ezin beltzagoa izan buru gainean, egoskor, Zaldieroaren pertsonaiaren bati gertatzen zitzaion bezala. Horregatik idatzi honekin amaiera emango diot bildumatxo honi.

Baserri munduan ikusi eta bizi ditudanak izango ditut gaur hizpide. Izan ere, baserritarrok maiz aipatzen ditugu baserri mundua eta besteen arteko arrakalak, ezin ulertuak eta ikusi ezinak; baina gutxitan ekartzen ditugu mahai gainera gure artekoak. Ulertzen dut –beste lanbideetan gertatzen den bezala– baserri mundua ez kaltetzearren erabakitzea isiltzea –hain dago pattal…–, erabakitzea kutxa itxi batean guztiak gordetzen saiatzea. Baina epe ertain eta luzera kutxak ezin dio eutsi barrukoari eta lehertu egiten da.

Eta gainera, ezin dugu ahaztu hiritarrek ere behar dutela jakin zer gertatzen ari den jaten ematen dion sektorean, haien babesa izango badugu. Mila arrazoi eman ditzaket, baina uste dut heldu dela mamiari heltzeko ordua.

Lubaki hitzak gaurkoan ekoizpen ereduak dakarzkit gogora. Uste dut denok sentitzen dugula, neurri batean behintzat, halako distantzia elkartzen garenean formazio edo bileraren batean. Beharbada, ez da izango eredua distantzia hori markatzen duena; agian, zer edo zer pertsonala liteke –baina kostatzen zait hori sinestea–.

Lubakiak eta Arrakalak (eta III): Baserria eta BaserriaUste dut denok barruan dugula Dorian Gray bat, eta parean gure erretratua. Bagoaz bizitzan aurrera, eta gure baserritar –artzain– esentziatik zenbat eta urrunago izan, orduan eta itsusiagoa da aurrean dugun erretratua. Gure arimaren irudiaren aurrean erraietan sortzen zaigun horretan dago gakoa. Barnean sentimendu askok hartu ahal dute ostatu: amorrua, tristura, damua, arrangura, inbidia, ezinegona… Kontua da zer egin dugun apopilo deseroso horiekin. Aukera bat da aurrera jarraitzea egun dugun funtzionamenduarekin, eta oihal batez estali erretratua; jakinda erretratuak, gure esentziatik urruntzen garen heinean, jarraituko duela bere prozesua. Apopiloak ezagutzen eta ulertzen saiatu beharrean, bidali ahal ditugu etxetik modu bortitzean –zenbait egoeratan, itzuliko direla argi izanda–; eta euren agerpenaren arrazoia gure jardunean bilatu ez, eta esentzia horretatik gertuago daudenen existentzian jarri pisua, eta geurea dena besteei burutik behera bota.

Nire aukera beste bat izan da; gehienbat ahalik eta lasaien bizi nahi dudalako. Ezer baino lehen esan nahi dut argi dudala artzain-esentzia eta biok ez gaudela elkarrekin, eskutik helduta. Badakit makinaz jezteak, ardi zaharrak tratanteari saltzeak, aurrerako arkumeak beti amarekin ez izateak eta ardi zain ez egoteak egun osoz mendian –adibidez– urruntzen nautela artzain-arima horretatik. Badakit nire erretratua ez dela oso ederra, ez behintzat nik nahiko nukeena. Horren aurrean heldu naiz apopilo batzuk identifikatzera, baina nabarmentzen direnak inbidia eta tristura dira. Inbidia beste artzain batzuengan esentzia gorpuztuta ikusten dudalako, nik egiten ez ditudan horiek egiten dituztelako. Beharbada, buruan ditudan artzain horiek ez dute nik osatu dudan zerrenda osoa betetzen, baina orokorrean ongitxo dakit euren erretratua eta nirea ezberdinak izango direla. Tristura sortzen dit jakiteak une honetan ezin naizela gerturatu artzain-esentziara, zerrendan dauden horiek egin ezin ditudalako egin. Bi arrazoi ditut horretarako: denbora eta dirua. Horren gordina izanik, onartu besterik ez dut izan. Onartu artzain horien kontra ezer jaurti gabe, juxtu kontrakoa, haiek erakusten didate esentziarako bidea; eta horregatik eskertzen dut haiek gertu izatea. Izenak esaten hasiz gero, gehiago dauden arren, hiru botako ditut: Yas Recht, Isabel Villar eta Claire Saporta.

Umiltasun osoz uste dut baserri-ereduen arteko lubakia txikiagoa litzatekeela denok onartuko bagenu ez garela baserritar perfektuak; onartuko bagenu –pribatuan eta publikoan– askotan ez dela zer nahiko genukeen, baizik eta zer ahal dugun, eta horren arrazoiak; onartuko bagenu, zintzoki, noizbait esentzia horri ez diogula lehentasuna ematen, eta indarra beste nonbait jartzen dugula; eta onartuko bagenu baserritar esentzia horretatik –itxura batean– urrunago dagoen batengandik ere ikasi ahal dugula.

Ez dakit aipatu dudan lubakiaren ondorioa ez ote den hurrengo arrakala: benetakotasunaren jabetza.

Batzuentzat benetako baserritarra da genetikoki sortutako hori; batzuen ustez bizitza osoan tailerrean pasatuta ere, kontserbatzen den titulua da. Zenbat belaunaldi behar ote dira label hori lortzeko? Egia da miresmena sortzen didatela hamarkadaz hamarkada –mendez mende– baserriari eta baserriko jardunari eusteko gai izan diren baserriek eta familiek. Kasik, zer edo zer magikoa iruditzen zait, mirarizkoa; eta gordetzeko altxorrak direla sinesten dut.

Dena den, ez dakit hori ez dugunok benetakotasunik ez ote dugun, altxorrak ez ote garen… Gure kasuan bion gurasoak ziren baserritarrak; batenak beti maizter eta bestearenak jabeak bai baina baserritar oso txiki. Bi familiek utzi behar izan zuten euren bizimodua, ezinaren ezinez, eta kalean hasi lanean, hil arte. Gu, bakoitza bere modura, leku berera heldu ginen: baserriari heltzera. Eta hementxe gaude, gure bizimodua baserrian egiten eta irabazten. Ez da harropuztearren, baina aurrekoena bezain mirarizkoak iruditzen zaizkit halako prozesuak eta baserritarrak, eta gordetzeko moduko altxorrak sortu ditugun baserriak.

Gure multzo horretan ez dauden beste batzuek dute ezinezkoa benetakotasunaren labela: baserrira etorritako kaletarrak, alegia. Euren arbasoek loturarik ez baserriarekin, eta halere, baserrian topatu gogoa. Zenbat aldiz ez ote dira trufarako gaia, zenbat aldiz ez ote zaie deitzen neorural edo hippy iraintzeko asmoz… Eta, hala eta guztiz ere, hor jarraitzen dute, egunez egun, lanean; alde guztietatik zailtasunak, zalantzak, kritikak eta gutxiespenak jaso arren. Miraria da baserritar horiek hor jarraitzea eta, gainera, ilusioz. Horiek ere zaintzeko altxorrak dira.

Bada beste irizpide bat benetakotasun labela emateko orduan, genetika eta historiarekin loturarik ez duena: tamaina. Edozein gauzaren tamaina: baserria, lur-azalera, buru kopurua, esne-litro kopurua, traktorea, tona kopurua, gazta egiteko esne-ontzia, jasotako sari kopurua, langile kopurua, diru-laguntzak… Edozein gauzak balio du besteengandik distantzia markatzeko eta nolabaiteko mailaketa egiteko. Neurketa horren ondoren, zenbaki eta neurrietan noraezean gaudela, ez gara konturatzen teknokratek egiten duten bezala, ustialeku kontzeptura mugatzen garela, ez ditugula pertsonak eta egindako ibilbideak ikusten, eta are gutxiago baloratzen.

Idatzitakoa idatzita ez dut zalantzarik egiten badugula zer hausnartu, onartu eta aldatu baserri munduan ere. Botere eta ekonomia teknokraten zurrunbilo eroan itotzeko arrisku bizian gaude, erretratuz erretratu, arimaz arima eta labelez label. Ez gara ohartzen maiz erabiliak garela, hitz goxoz eta zuriz erabiliak ere. Sinestarazi digute ondokoa dela etsaia, lagundu egin dugu lubakiak eta arrakalak eraikitzen. Eta orain? Nola eraiki orain aldeen arteko zubiak? Ez dut oso argi nola hasi eraikitzen; beharbada, komunean dugunari erreparatu beharko genioke: bizimodua, eta horrek dakartzan zailtasunak eta arazoak ere. Agian ez da erosoa izango zenbaitetan, baina uste dut elkarrekin joan ezean, ahuleziak eta ezinak irentsiko gaituztela.

Lubakiak eta Arrakalak Lubakiak eta Arrakalak Lubakiak eta Arrakalak Lubakiak eta Arrakalak Lubakiak eta Arrakalak

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN