Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko adierazpena

Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko adierazpena –

Hitzaurrea

Duela ehun urte Oñatin egin zen lehen Kongresua mugarri bihurtu da gure historia garaikidean. Orduan finkatutako oinarrien gainean eraiki ahal izan ziren ondoko urteetan gure herriaren garapenak ezinbestean behar zituen hainbat estrategia eta egitura. Gainera, eta bulkada horri eusteko, kongresu berak erabaki zuen Eusko Ikaskuntza sortzea, bertan bil zitezen Euskal Herriko andre-gizonak, edozein izanik haien klase soziala, ikasketa maila edota atxikimendu ideologikoa; ikerketa bezainbat ekintza maite zuten pertsonak, eta ardura partekatua sentitzen zutenak, herriaren kohesioaz eta aurrerapenaz bezala, euskararen, euskal izaeraren nahiz kulturaren babesaz eta sustapenaz.

1918tik hona, Eusko Ikaskuntzaren egitekoa izan da bere sorrera eragin zuten kezka haiei edukia eta erantzuna ematea: alde batetik, ikerkuntza eta kultura zentzu zabalean sustatuz eta gurea unibertsaltasunean txertatuz; bestetik, gure komunitatearen garapenak etorkizunean izango dituen erronkak jorratuz.

Duela ehun urte bezala, gaur ere agertoki berriak eta irismen zabaleko ziurgabetasunak ditugu aurrerabidean. Eragin handiko aldaketa eta joerek ezarritako erronkei egin behar diegu aurre, hala nola: iraultza teknologikoak eta gorantz datozen makro-sektore produktiboak; globalizazioa eta gune tekno-ekonomikoen lekualdaketa; digitalizazioa; bioaniztasuna urritzea eta klima aldaketa; migrazioak eta aniztasunaren kudeaketa; eragile-botere geopolitiko berriak; demokrazia ahultzeko joera globala eta Europako ongizate ereduaren neurri bateko akidura, besteak beste. Eta barrura begirako erronkak ere ez dira makalagoak: jaiotze-tasa apala eta bizitza luzatzea; euskararen nahiz euskal kulturaren biziberritzea; euskal lurraldeen kohesioa eta memoria historiko partekatua eraikitzea; Euskal Herria munduko periferian gelditzearen arriskuari aurre egitea, gure ehun produktiboa eta soziala ontzea edota gure bizi-kalitateari eustea.

Globalizazio prozesuak bultzatutako munduaren azkartze honek noraeza eta ziurgabetasuna sortzen ditu. Beldur kolektiboari erantzun dakioke ezkortasun antropologikoarekin, eta ondorioz etor daitezke itxikeria, xenofobia eta askatasunen murrizketa. Ez da hau gure herriak nahi duena; ez da Eusko Ikaskuntzak mende berrian defendatuko duen ikuspegia. Lurraldearen aldarrikapena eta Euskal Herriko lurretan bizi den komunitatearena, hori da egitasmo kolektibo itxaropentsua, kohesioan eta elkartasunean oinarritutako espazioa sortzeko, bertan bizitza duina izan dezan euskal hiritargoak, bai egungoak eta bai etorkizunean jaso dezakegunak.

Gure herriak malgutasun nabarmena erakutsi du aldaketei egokitzeko, eta hauei emandako erantzun proaktiboetan bikaintasuna erdiesteko. Hobetzekoak ere baditugun arren, gizarte kapital esanguratsua metatu dugu, ondoko osagaiekin: gauzak ondo egiteko joera, gizarte-erantzukidetasuna, ekintzailetasuna, lankidetza, gure kulturaren eta euskararen defentsa, barne elkartasuna, etorkinak bertakotzeko gaitasuna edota aniztasunari errespetua, osagai bakoitza bere neurrian. Ezaugarri hauek eman digute iraganean bizirauteko indarra, eta oinarri sendoa dira gaur, etorkizuneko erronkei aurre egiteko.

Dena den, balio kolektiboak ez dira aldaezinak, baldintza sozialen eta iraganeko historiaren ondorio dira. Horregatik, harro sentiarazten gaituena nabarmentzearekin batera, ezin aipatu gabe utzi aurrerantzean indartu beharreko balio batzuk: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, ezberdinekiko enpatia, ongi komunarekin konpromisoa eta lurrari errespetua.

Atzean geratzen da zalaparta handiko XX. mendea, zeinetan gure herriak ezagutu baitituen gertakari odoltsuak –gerrak, bortizkeria eta sufrimendua- eta baita ere kulturaren loratzea, garapen ekonomikoa eta aurrerapenak berdintasun sozialaren bidean. Gure herriak erakutsi du baduela erresistentzia-eta hausnarketa-gaitasun aski unerik gogorrenak gainditzeko, baita berradiskidetzeko eta bizikidetzarako esparrua eraikitzeko. Gogoan izan behar dugu iragana. Etorkizun baketsuaren bermerik onena da akats eta lorpen kolektiboak biltzen dituen oroimen integrala. Etorkizun horrek posible egin behar ditu herri egitasmo guztiak, justizia, elkarrekiko errespetua eta aitortza oinarri.

Duela ehun urte Oñatiko lehen kongresuak asmo handiko agenda finkatu zuen -neurri handian bete dena- eta gaur dagokigu utopia hura eguneratzea. Helburu horrekin, Eusko Ikaskuntzak hiru urtez bildu ditu -Geroa Elkar-Ekin lelopean- akademiako, gizarte antolatuko eta erakundeetako ehunka pertsona, adituak eta arituak, Euskal Herria XXI. mendean artikulatzeko funtsezkoak diren bost aztergai lankidetzan jorratzeko: I) kohesioa euskal gizarte anitzean; II) garapen sozio-ekonomikoa; III) gobernantza demokratikoa; IV) euskararen etorkizuna; eta V) iruditeria kolektiboa eta gizarte-agertoki desiratuak.

.

Adierazpena

Gaur, bere mendeurrena dela eta, euskal gizartearen eta bere ordezkarien aurrean, Eusko Ikaskuntzak ondokoa adierazi nahi du:

1918an Oñatin irudikatu ziren hainbat agertoki errealitate bihurtu dira neurri handian: lehen aldiz, euskal lurralde guztiek dituzte erakunde propioak, autogobernu maila ezberdinekin; baditugu kalitatezko sistemak hezkuntzan, osasunean eta gizarte babesean; nabarmen biziberritu dira euskara eta kultura; unibertsitateak sortu dira; euskal gizarteak bizi maila ona du eta bere erabakitzeko ahalmena areagotu egin da…

Oinarri honen gainean, eta jabetuta mende berriko erronka sakonei soilik aurre egin ahal izango diegula gure adimen kolektiboa aktibatuta, eta lankidetzan hausnartzeko eta erabakitzeko dugun gaitasuna indartuta, etorkizunerako egitasmo eta helburu berriak proposatzen ditugu, lan-ildo hauen inguruan:

Globalizazioaren eta aldaketa lasterraren abagunearen aurrean,

Beharrezkoa da hausnarketa partekatua eragitea Euskal Herriko hiritarren eta lurraldeen artean, herri ikuspegitik erantzuteko ondoko galdegaiei: non eta nola kokatuko garen munduan, nolako harremanak nahi eta behar ditugun Europarekin eta estatuekin (Espainia eta Frantzia), nola demokrazian sakondu eta nola bultzatu euskal lurraldeen arteko kohesioa eta elkartasuna.

Euskal Herriaz hausnartzeko esparru bat artikulatzea

Esparru horrek ahalbidetu behar du egitasmo komuna sendotzea, harreman egonkor eta egiturazkoak finkatuz gizarte-, kultura-, politika- eta ekonomia-eragileen, udalen eta erakundeen artean, berdin esparru materialean zein sinbolikoan, konfiantza sareak sortuz.

Identitate partekatua eta komunitate egitasmoa eraikitzea

Hiritartasun kontzeptua sakontzea eta itun sozial berri baterako bidea bilatzea, aniztasuna onartuz eta nahi ez diren ezberdintasunei aurre eginez, interes komunak josiko dituzten egitasmo partekatuen bitartez.

Proposatzen dugu aniztasuna ehuntzea identitate partekatu batean, balio komunen inguruan, euskara eta euskal kultura ardatz ditugula. Ezagutzaren gizartea eta eztabaida soziala batuta, herritarren partaidetza aktiboa oinarri izango duen identitate solidarioa eraikitzea, horretarako modu aktiboan erabiliz hezkuntza sistema, kulturarena eta komunikatiboa.

Ekonomia sustatzea ingurumen- eta gizarte- garapen jasangarriaren mesedetan

Sinetsita gaude gizarte-babes zabala, eraginkorra eta jasangarria bermatuko dituen eredua herrialde egitasmoa dela Euskal Herriarentzat, eta gizartea trinkotzeko tresna; eredu inklusibo bat, oinarrian izango dituena belaunaldi arteko elkartasuna, ingurumen-jasangarritasuna eta genero berdintasun egiazkoa. Horretarako funtsezkoa deritzogu erraztea ehun produktiboak kalitatezko enpleguaren sorrerari eta aberastasunari egiten dien ekarpena, eta lan-harreman marko egonkor bat ahalbidetzea, itunaren eta elkarrizketaren gainean.

Gizarte ongizatera bideratutako gobernantza kolaboratiboa ezartzea

Euskal hiritar guztien bizitza duina bermatze aldera, beharrezko ikusten dugu bere erabaki-ahalmena sendotzea –gainontzeko herrialdeekin elkartasunezko harremanean- eta berau garatzea, gobernantza demokratikoan sakonduz, pertsonak gai izan daitezen adostasun zabalak eraikitzeko, eta saihestu ezin diren desadostasunak kudeatzeko.

Eusko Ikaskuntza, Mendeurreneko Kongresuan gure herriaren etorkizuneko galdera gakoen gainean hausnarketa sakona egin ondoren, zinez prestatuta dago –eta guztiz prest- lankidetza estuan jarduteko erakunde publikoekin, eragile politiko eta sozialekin, unibertsitateekin eta herritarrekin, tinko eutsiz bere sortze-egiteko gaurkotuari: herri garapenerako ikuspegi orokorra eta arnas luzekoa lantzea, politika publikoen eta gizarte beharren mesedetan.

Ilusioz, eta zuen babesaren konfiantzan, irekitzen dugu gaur mendeurren berri baten orrialdea. Mila esker!

.

Oñati, 2018ko azaroaren 24a

Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko adierazpena

Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko adierazpena Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko adierazpena Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko adierazpena Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko adierazpena Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko adierazpena Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko adierazpena Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko adierazpena Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko adierazpena Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko adierazpena Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko adierazpena
Eusko Ikaskuntza, mendeurrena
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude