Internazionalismotik ere jarrai dezagun memoria feminista eraikitzen!
Azaroak 25: internazionalismotik ere jarrai dezagun memoria feminista eraikitzen! –
Oroimenak osatzen du memoria. Eta memoriak, idatzi, historia. Ondo baino hobeto dakigu, baina, historia, gizon zuri heterosexualak idatzi zuela. Eta emakumezkoak itzalpera bota gintuztela. Bada garaia ilunpetik argitara ateratzeko, eta herri memoria eta, bereziki, memoria feministaren erroei eusteko. Guk geuk osatutako memoria berreskuratzen hasteko unea iritsi da eta horrekin batera internazionalismoaren historia luzean giltzarri izan diren hamaika emakumeak lehen planora ekartzeko unea. Emakumeak gerrako fronteetan, gidaritza politikoetan, liburu furtiboen idazketetan, matxinaden atzean, herriaren eraikuntzan, ideien gudan, zaintza lanetan, auzolanetan… Kontaezinak dira emakumeok mendeetan zehar historiari eta beraz, borrokari, egindako ekarpenak. Bada, goazen gaurkoan horiek guztiak balioan jartzera!
Izan ere, memoria feminista ezkutatzea, indarkeria sexista mota bat da. Geure historia eta istorioetatik desjabetzea, horiek desitxuratzea edota gure memoriak eraikitzeko tresnak ukatzea, emakumeon aurkako indarkeria dira, ondo baitakite kapitalismo patriarkalaren aurkako subjektu garela. Horregatik ukatzen zaigu memoria, ondarerik ez dugula sinestarazteko, isilarazteko eta jazarririk mantentzeko. Hala azaldu ziguten Erdi Aroa, emakume ahaldunduak sorgin gaizto bihurtuta, hainbatek emakume horien aitortza egin zuten arte. Subjektu izaera ukatu digute gure bizitzako esparru guztietan eta, noski, baita gure memoria kolektiboaren baitan ere. Internazionalistok ondotxo ezagutzen dugu hori: nork ez ditu ezagutzen Ché, Chavez, Fidel, Pakito… Baina, 30. urteurrenean esan genuen bezalaxe, internazionalismoaren ibilbidean ezinbestekoak izanak diren arren, gehiegitan ikusezinak izan diren horiei guztiei zor diegu, eta gu ere memoria feminista horretan gure aletxoa jartzera goaz: Eva Forest, Begoña Gacía “Alba”, Marta Gonzalez “Begoña”, Doris Benegas…
Sistema kapitalista heteropatriarkalak emakumeok subjektu baino objektu isil eta sumiso nahi gaitu. Sistema elikatzea da gure funtzioa; hau da, sistemak bere horretan jarri dezan, jazarpena (sarri logika burgeseko giza-eskubide indibidualekin estalia) onartzea. Eta asko dira jazarpen horren adibideak: zor zaiguna baino gutxiago jasoko dugun soldataren trukeko lan prekarizatuak, lan erreproduktiboaren erabilera, beste herrialdeetako emakume langileen esplotazioa mendebaldekoen mesedetara, hezkuntza patriarkala, emakumeon irudi estereotipatuak eta haien ondorioak, emakume “askearen” interpretazio kapitalistak, feminizidioak, eta abar luze bat. Duen guztia jartzen du martxan dinamika mekaniko horrek funtzionatzen jarrai dezan. Baliabide guztiak ditu horretarako, eta geu gara baliabide horiek kendu eta berreskuratzeaz arduratu behar garenak.
Horregatik guztiagatik aldarrikatzen dugu autodefentsa feminista, are gehiago, horregatik egiten dugu dei ofentsiba feministara. Defendatzea eta geure historiari eta subjektutasunari eustea dagokigulako; baina ez gaitezen defentsara muga. Ez gara erasoetatik babestera soilik ohitu behar, baizik eta ofentsibara. Gerran gaude, ez gaudela sinestarazi nahi diguten arren, eta ondo dakigu aurrera egiten. Ondo dakigu eraikitzen. Ondo dakigu sare feministak sendotzen, lanean gabiltza beste hezkuntza eredu bat diseinatzen, lantokietan antolatzen, unibertsitateak astintzen, gaztetxeak elikatzen, lan erreproduktiboaren kontzepzioari buelta ematen, zaintza eta elkartasuna erdigunean jartzen, justizia burges patriarkala borrokatzen, gerrak salatzen eta gerren erantzuleak seinalatzen, erasotzaileak kanporatzen, auzoak altxatzen, etxe hutsak okupatzen, apurtzen, eraikitzen, desegiten, egiten. Etsaia gogorra da borrokatzeko, eta garrantzia handia ematen diogu emakume langileon ahalduntze kolektiboari. Ezerk badu garrantzi berezia feminismoan, kolektibotasuna delako.
Kolektibotasun eta sare internazionalistaren bitartez soilik lortuko dugu sistema kapitalista patriarkalaren gainbehera eta bestelako harreman sozialen eraikuntza. Logika osoa apurtzeko ezinbestekoa dugu munduko emakume zapaldu guztion arteko aliantza; elkarlan eta elkartasun internazionalistarik ezean, nekez lortuko dugulako parekidetasunik. Horregatik, indarkeria kapitalista heteropatriarkalaren aurka antolatzen eta kalera ateratzen jarraitzeko deia egin nahi dugu, Askapenatik. Itzaletik argitara, gaurkoa zuentzat: Berta Cáceres, Sakine Cansiz, Marielle Franco, Begoña García “Alba”, Florentina Jimenez, Magouette Mbeugou, Roxane, Sophia Losche… zuekin memoria osatzen jarraituko dugu.
Emakumea Europan inon baino hobeto dago. Emakumearentzat okerrena herrialde musulmanetan dago.
Islama kritikatzen duzuzenean sinesgarritasuna izango duzue, ordura arte, txiton.
“Sistema kapitalista heteropatriarkalak emakumeok subjektu baino objektu isil eta sumiso nahi gaitu”.
Zuek zer erretzen duzue?