Kuneteroak

Kuneteroak –

Mahai-inguru harrigarria egin zuten aurrekoan Zumaian (Gipuzkoa), bertako gazte mugimenduak antolatua. Alde batean Eneko Compains Sortuko Kontseilu Nazionaleko kidea jarri zuten, eta haren eskuinean benetako izena ezkutuan gorde nahi izan zuen eta argazkietan aurpegia lausoturik ageri den Kolitza izengoitiko bat.

Kuneteroak

Ekitaldiari buruz, Axier Lopez (@axierL) kazetariak zinez kronika interesgarria idatzi du Argia astekarirako. Nire ustez izenburua eta sarrera lerratu samar baldin badaude ere, arretaz irakurtzea merezi du. Benetan.

Bada, ekitaldi mamitsu hartan, gauza anitz aipatu zituzten bi gonbidatuek, baina kronika irakurrita argi dago eztabaida batez ere izan zela hainbat gazte militantek Ezker Abertzalearekin duten “haustura agerikoaz”.

Eta, tira, ni ez naiz nor haustura horretaz mintzatzeko. Baina ez dut eztabaidaren xehetasun txiki bat komentatu gabe uzten ahal. Gipuzkoan egonagatik ere, Nafarroa berehala agertu zen elkarrizketan. Compainsek halako batean adierazi zuen Nafarroan aldaketaren alde edo kuneteroen alde egin behar dela. Eta Kolitza horrek erantzun zion Ezker Abertzalea kuneteroekin ari dela gobernatzen Nafarroan, Geroa Bairen barnean EAJ baitago sartuta.

Eta zera, ni ez nauzue oso Geroa Baizalea, eta are gutxiago EAJzalea ere. Baina halakoak ezin dira bota; zintzo eta zorrotz jokatu nahi badugu, ez bederen. Nahi izanez gero, eztabaidatzen ahal dugu Napar Buru Batzarrak faxisten altxamenduarekiko beldurrez edo konbentzimenduz hartu zuen jarreraz. Baina ezin diogu EAJri kunetero deitu, Fortunato Agirre Lizarrako alkatearen eta Nafarroako bertze hogei alderdikideren oroimena zikindu gabe.

Zorroztasun pixka bat, mesedez.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko azaroaren 20koa]

Kuneteroak
EAJ, ezker abertzalea, fortunato agirre, fusilamenduak, geroa bai, historia, Kuneteroak
Asier Azpilikueta

Iruindarra Iruñean. Kazetaria @LABnafarroa sindikatuan. Irakaslea 'stand by' batean. Kolaboratzailea @fm983irratia n. Ekintzailea @ekonafarroa n.

3 pentsamendu “Kuneteroak”-ri buruz

  • Arrazoi daukazu, “kuneteroak”, “faxista”, “homofobo”… Errazegi erabiltzeaz gain eztabaida ukatzeko eta aurrekoa deskalifikatzeko erabilitako hitzak dira, zentzu batean dialektikoki garaitua izatearen seinale. Bestela ez da hitz hauek erabiltzeko beharrik.

    Hala ere eztabaida horretatik detailea baino argazki orokorra ateratzea nahiago dut nik. Aurrez-aurreko eztabaida honetan parte hartzearekin Sortuk onartu du (eta legitimitatea eman) badela bere ezkerretik sortzen ari den indar politiko bat. Ezinbestean kontutan hartu beharko duena hemendik aurrera politika egiterako orduan.

  • Urte asko izan dira etsaigoaren kultura politikoa ereiten. Kolitza horrena duela urte gutxira arteko ezker abertzalearen diskurtsotik oso gertu dago.

  • euskaldun bat 2018-11-24 23:27

    Euskara eta euskal kultura erdigunetik kentzen direnean eta ismoekin hasten garenean horrelako gauzak gertatzen dira, geure artean ere elkar ez ezagutzeraino iristen garela. Eta horretan ezker abertzalea espezialista bat da, kanpoko korronte eta zabor guztia inportatzen. Gero zabor horretan kakazten da eta atera ezinik gelditzen da. Eta okerrena da, ez duela akatsetatik ikasten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude