Kohesioa eta aniztasuna? Norena?
Kohesioa eta aniztasuna? Norena? –
Ibai Iztuetari erantzun dio Julen Zabalok Berrian. Akademiari darion jakituriatik ezer gutxi daukadan arren, badut iritzirik bere gutunaz, gutaz, euskal herritarrez ari denez gero.
Bertoko “Akademiak”, Eusko Ikaskuntzak, “Euskal Herriaren aniztasunaz jabetu, onartu, eta kohesio bideetan sakondu” nahi izan bide du bere XVIII. Kongresuan.
Akademiatarrak ez izan arren, EHko herritar xumeok ere, gure inguruko aniztasunaz jabetzen garela esango nuke. Aspaldidanik. Pasabidea izan eta baita Euskal Herria betidanik. Hango eta hemengo herriak nahiz armadak igaro eta geratu dira lurrotan, euskaldunez gain edota gaindi. Aniztasunean bizi izan gara halabeharrez, beti. Besterik dira “aniztasun” horren ezaugarriak. “Aniztasuna”, zapaltzaile arrotzek (erromatarrek, arabiarrek, visigodoek, normandoek, espainiarrek, frantsesek…) bortxaz inposatua izan baitzaigu gehienetan (noizko horiek aztertzeko kongresua?). “Aniztasuna”, inbasioen ondorioak, herrialde ustiatuenetatik ihesean etorritako migratzaile saldoak, edota uniformizazio eta akulturazio prozesuak ezkutatzeko erabiltzen den eufemismoa da sarritan. Gure kasua ere, hortxe kokatuko nuke neuk behintzat, atrebentzia ez bada.
“Zer da Euskal Herria? … arraza, etnia, ondarea, hizkuntza edo lurraldea… guztiak edo bat baino gehiago… baina azkenean erabakigarriagoa suertatuko da euskara askoren ustez. Ikuspuntu zientifikoari, kanpoko esperientziei erreparatuta, konturatzen gara beste herrialde batzuetan beste elementu batzuei, ez halabeharrez hizkuntzari, ematen dietela zentralitatea” ohartarazi du Zabalok.
Oso gurea, oso bertokoa baita “kanpotartasunari” halako gainbalio bat ematea. Eta alderantziz ere bai. Baina ikuspuntu zientifikoari, kanpoko esperientziei erreparatuta, konturatzen gara beste herrialde batzuetan ere, askotan, hizkuntzari ematen zaiola zentralitatea. Frantziar inperioak frantsesa, eta espainiarrak espainiera. Zapaltzen gaituzten Estatu biok hizkuntzaren gainean eraiki eta hedatu dira, gurea bezalako nazio txikien hizkuntzak ezabatuz indarrez, gaur egun arte. Eusko Ikaskuntzak ez die “kanpoko esperientza” horiei erreparatu?
Euskararen Herriaren muina euskara da guretzat, bai. Nazio gehientsuenek egin eran. “Herria da gorputza, hizkuntza bihotza” kantatu zuen, akademikoa izan barik be, jakituria handiko bertsolari are handiago batek. Xalbadorrek, oker ez banago. Akademiak zuzenduko bestela. Zabaloren (Eusko Ikaskuntzaren?) ustez, ikuspuntu zientifiko batetik ez ei dago nazio baten erdigunea halabeharrez hizkuntza dela esaterik. Ez da beti hizkuntza, jakina. Badira nazio eleanitzak ere, baina horra galdera bueltan: ausartuko litzateke inor, ikuspuntu zientifiko batetik, nazio baten erdigunea hizkuntza ezin dela izan baieztatzera?
“Esan genezake, Euskal Herria euskalherriagoa zela 1818an euskararen ehunekoa gaurkoa baino handiagoa zelako?… Bazuten, hasteko, herri izatearen kontzientzia kolektiborik?”…itaundu Zabalok.
Euskalerriagoa ez dakit, baina askoz euskaldunagoa bai, herritar-xeeki nahiz akademikoki. Bietara.
Herri kontzientzia esango nuke bazutela, bai. Aldakorra, garaian garaikoa, unean uneko boteredunek egokitua… (Heldu zaigun) Euskal Herriaren lehen aipu idatzia XV. mendekoa ez da ba?
Lope de Aguirrek berak, Espainiaren zerbitzurako inbaditzaile Oñatiarrak ere, ez zuen bere burua txantxikutzat edo gipuzkoartzat aurkezten, “vascongadotzat” baino. Bere herri koxkorretik haratagoko definizioa da hori, ezta? Ez dut uste gure naziotasun sentimendua Aranarekin jaio zela esaterik dagoenik adibidez. Ez akademikoki, eta ez bestela ere, interes alderdikoi batetik ez bada.
“Absurdora eramanda, euskararen ehunekoak markatuko ote digu, besterik gabe, euskalerritartasun-aren neurria? Ablitas, Baztan, Angelu, Larraine, Aramaio, Irun, Aulestia… euskalerritartasun handiagoa edo txikiagoa lukete horren arabera?” Galdegin Zabalok orain.
Absurdutik gutxi eta egiatik asko du horrek. Galde bestela Euskal Herriaz herri horietan, eta alderatu (zientifikoki) erantzunak… Besterik gabe ez da izango, baina neurri handi batean bai.
Eta aurrerago, “desberdinak gara gauza askotan EHn: ekonomikoki, sozialki, kulturalki, administratiboki, identitateak ulertzeko/sortzeko moduetan, hizkuntzan edo nazio sentimenduan… eta badakigu gure arteko desberdintasun horiek gatazka iturri direla”.
Ez digute sinistuko beharbada, baina “Akademiatik” at bizi garen kalegorritarrok ere, konturatuta geunden horretaz, alajainkoa. “Aniztasuna”, aldakorra, gehienetan behartua, Euskal Herriaren eta beste herrialde askoren ezaugarria da, bai. Eta?
Kohesiorako deia entzun omen dute “behin baino gehiagotan” Eusko Ikaskuntzan. Eta argi ei daukate: “zazpi herrialde horietan bizi diren biztanle guztiak, euskal herritarrak, kohesionatu behar dira, aniztasun hori abiapuntu hartuta, kontsentsua bilatuz,… lurralde berean bizi behar garelako, eta zenbat eta kohesio maila handiagoa, onura handiagoa izango delako denontzat”.
Ez du zertan. Kontsentsu hori zein baldintzetan eta kohesioa zein oinarriren gainean eratzen diren baitakoa izango da “onura” (nire osaba akademikoak esan dit belarrira). Gero eta kohesio kultural handiagoan bizi gara, adibidez: Euskal Herria gero eta erdaldunagoa da mendebaldetik ekialdera. Onuragarria da hori? Espainia eta Frantziarentzat bai. Euskaldunontzat nekez.
“Garai berrien ezaugarrietako bat demokraziaren sakontzea da“, Akademiaren aburuz. Egun ez omen gara konformatzen “lau urtean behingo hauteskunde prozesuekin; aitzitik, erabakietan parte hartu nahi omen dugu, baina baita erabakia hartzeko prozesuan ere”.
Ikuspegi zientifiko batetik eutsi dakioke baieztapen horri? Ez dakit ba nik…
Egitate barik, gurari begitantzen zait gehiago. Espainiaren eta Frantziaren menpe gaudelarik (zientifikoki ere esan daiteke), euskaldunak errespetatuko dituen prozesu “demokratikorik” ezin dugu abiarazi. Horretaz jabetzeko ere, Katalunia ez dago ba horren urrun!
Alabaina, aurreko guztiak esan ostean, “euskal herritarrek euren geroaz erabaki ahal izateko tresna demokratiko eraginkorrak falta direla” aitortzen du Zabalok, eta “tresna horiek gabe aniztasuna aldatu ezineko desberdintasun bihurtzen dela, eta kohesioa boterea duenaren iruzur”.
Akademiarekin bat! Kezkatzen hasita nengoen…
Honako hauxe baita gure markoa: erabaki-ahalmenik eza, botere-harreman oso desorekatua, homegeneizatze prozesu bortitza mozorrotzen duen sasi-aniztasuna, eta botereak indarrez eta indarkeria erabiliz behartutako kohesioa.
“Saia gaitezen tresna horiek lortzen, eta konfronta ditzagun, orduan, proiektu eta ideia desberdinak, denon artean erabaki dezagun nolako Euskal Herria nahi dugun”, dio azkenik Zabalok.
Bada bai. Saia gaitezen tresna horiek lortzen (euskaldunok adibidez. Ez dute ba uste izango, unionistak borroka horretara elkartuko zaizkigunik, ala?) eta botere maila handiagoak eskuratzen…. Soilik orduantxe konfronta ahal izango baititugu proiektu eta ideia ezberdinak, Euskal Herritik ezabatuak izateko arrisku handiegirik gabe, egun ez bezala.
Botere osoa daukaten espainiar eta frantsesekin nola hasiko gara bada “nahi dugun” Euskal Herria “erabakitzen” egungo baldintzetan? Neurtu ditu batzuen eta besteen indarrak Eusko Ikaskuntzak?
Nago euskaldunoi eskatzen zaigula soilik “aniztasunaren” onarpen ariketa hau, homogeneizazio eta akulturazio prozesuari men egitea finean. Atzean Estatu armatu uniformizatzaile amorratuak dauzkaten komunitate (espainiar eta frantsesena) biren; komunitate gero eta txikiago eta zatituago baten (euskaldunona), eta hamaika komunitate txiki eta egituratu gabekoen arteko “kontsentsua” baita proposatzen zaiguna antza.
Lopez Basaguren eta PSEtarren Espainia federalaren aldeko manifestua dakarkit gogora, edota Urkulluren Espainia konfederal baten aldeko aldarria.
Bidaia horretarako ez genuen abarkarik behar.
Berandu ezagutu diat Zabaloren elkarrizketa, eta orain egun pare bat egin nioan ondoko iruzkina ZuZeun:
“Zabalo ez da ari Euskal Herriaz, ezta? Euskaraz bizi den edota bizi nahi duen herriaz, ez? Baizik eta gaur egun Euskal Herrian nahasian bizi garen jendeez, herriez, komunitate linguistikoez. Hori ‘herri bat’ da? Agian… Hainbeste moduz definitu liteke herria… Baina nire herria, nik indartu nahi dudan herria, da, euskaraz bizi garenona, euskaraz bizi nahi dugunona… Eta Zabalo ez da ‘gure’ herri horretaz ari, ezta? Nahiz eta hortz betean Euskal Herria aipatzen jardun… Engainatuta bizi da bera? Engainatu nahi gaitu gu? Isuri zaio barrena…?”
Eta Zabaloren oraingoa ezagututa, ezin garbiago geratzen da bera ez dela ari ‘Euskaldunon Herriaz’, baizik ‘Euskaldunon Herri historikoan bizi garen jendeez’, oro har espainolez Hegoaldean eta frantsesez Iparraldean, eta hori ez da ‘Euskaldunon Herria’, eta Zabalori ez gatzaizkio gehiegi inporta…
Eta nik ere hartu dut parte ‘Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren adarretako bat[ean]’, Gasteizkoan, Zabalok -nahita edo nahi gabe, maltzur- izendatzen duena ‘euskararen etorkizuneko eszenarioez’, gure artean maiz izendatzen moduan.
Ez baikara ari ‘euskararen’ etorkizunaz, baizik eta hezur-haragizko EUSKALDUNON ETORKIZUNAZ eta gure eskubideaz EUSKARAZ BIZITZEKO gure herrian, hain zuzen debekatzen diguten eskubide horixe, gure herrian eta gure artean bizi ditugun ERDALDUN HUTS espainol edo frantsesdunek. Eta ez dugu hauekin herri bera egingo hauek guztiek EUSKARA (ere) EGIN DEZATEN ARTE. Ulertzen da? Ez duzu ulertu nahi, Zabalo?
« Iraultza haundi »aren hastapenean, 1789an, aniztasun oso guti zegoen Lapurdi gure probintzia historikoan. Egia erraiteko erabat euskalduna zen.
Justu arrazoin horrengatik, iraultzaileek nahi izan zuten, askoz homogenoegia zitzaien Lapurdiko lurralde historikoa hura bere biltzarrarekin batera betiko suntsitu, etnikoki mistoa izango zen departamendu bat sortzeko, Pabe eta eta Baiona bi herri gaskoi-frantses buru inposatzen zizkigutela badaezpadaere.
Artetan erraiteko, ez dakit beti konturatzen den Hegoaldean Lapurdi, Nafaroa behera edo Xuberoa ordutik ez direla existitzen ere, Gipuzkoa existitzen den bezala Espainian.
Ez dakit nazio sendimenduz mintza zitekeen denbora hartan, bainan, biltzarraren protestek, parroki asanbladeen erresistentziak, frantziarrek lapurtarren kontra erabilitako gaztigu basek, argi frogatzen dute, orduko lapurtarrek guk baino gehiago bazutela beren identitatearen sendimendua eta gelditzen zitzaien burujabetasuna defendiatzeko nahia.
Beraz, Lapurdiren kasuari dagokionez bederen, ez nintzateke ausartuko erraitera gure arbasoek baino nazio sendimendu gehiago dugunik ; modestiaz, haien memoria ez iraintzea gatik.
Itsu, ignorantea egon nahi ez duenak aski du irakurtzea Zuzeun bertan agertutako bi itzulpenetan, Michel Duhart historialariak erraiten diguna Lapurdiren historiari buruz.
Kuriosa ikustea nola gaur, berrehun urte baino gehiagoren buruan, Uztaritzeko udaletxearen barruan, beraz Lapurdiko biltzarra zenaren biltokitik zenbait metretan, gatazka berritz sortu den, prefetarekin bai ta zinegotzien artean ere bai, euskararen erabileraren eta itzulpenaren gainean
Baina, ea… Zabalok (Eusko Ikaskuntzak) ba al du aukerarik beste era bateko ikuspegi “akademikoa” izateko? Nik uste dut ezetz, diru iturriak agortu nahi ez baditu bederen. Tonto-tontoak ere ez dira. Gero beste gauza bat da benetan zer pentsatzen duten.
“zazpi herrialde horietan bizi diren biztanle guztiak, euskal herritarrak, kohesionatu behar dira, aniztasun hori abiapuntu hartuta, kontsentsua bilatuz,… lurralde berean bizi behar garelako, eta zenbat eta kohesio maila handiagoa, onura handiagoa izango delako denontzat”
Beraz Abascalekin, Urquijorekin, Mayor Orejarekin, Unzalurekin, Redondo Terreserosekin, Barcinarekin, Mayarekin, Beltránekin, Rosa Diezekin eta euren alderdiekin abarrekin adostu behar dugu gure geroa???
Hori da Eusko Ikaskuntzaren proposamena?
Julen Zabalo, Txoli Mateos eta konpainiaren filiazio politikoa zein den jakinik, galdera da: ezker abertzalea bat dator proposamen hauekin?
Beste eztabaida ildo batetik ekarri ditut Beñat Castorenek idatzitako pasarte hauek. Argi azaltzen dute zertan den Lapurdiko egoera, Zabaloren taldeak “aniztasuna” deituko lukeen hori. Ordezkapena, akulturazioa eta herriaren desegiteari esateko modu “akademikoa”.
Horratx:
“1789an iraultzaileek beren nahia inposatu zigutenean, biltzarreko eta parrokiko asanbladeetako lapurtarrek argi ta garbi bazakiten Baionaren inposaketa militar hutsa zela.
Entseiatu ziren erresistitzen, bainan indarren arteko desoreka lehergarria zen.
Hau guzia oso ongi dokumentatua dago”.
“Oso gogorra da aitortzea abertzaleak argi ta garbi erratuta ibiltzen direla guti gora behera XX mendearen erditik. Exodo rurala akzeleratu denean, lana herrian sortzen ahalegindu ordez, jende apolitizatu bezala joan dira BABera lanera, eta gero emigrazioa justifikatu behar izan dute.“L’être determine la conscience“ zioen Marxek”.
“Behar ginuke lehenik gure errua edo gezurra umilki aitortu, beharbada esplikatuz gure inozokeria edo iruzurra ere, bortizkeriazko politika inperialista baten aplikazio jarraitu baten ondorio ideologikoa direla.
Umiltasuna eta adorea beharko da. Izanen duguia?
Kaltea itzela da eta meaculpa drastikoa egin beharko da”.
“Bigarren partea Hegoaldetik etorriko da.
Ezbada nazio osoko estrategia independista bat sortzen zentro batean, guk bakarrik ezin dugu Frantziari erresistitu, ez ahantz, BAT LAREHUNEN KONTRA ari gara eta
Bitartean, erreskateko soluzioak aurkitu beharko dira bizirauteko eta zertxobait salbatzeko arrotzen inbasioaren erdian”.
Ederra litzateke Eusko Ikaskuntzatarrek Castoreneren azalpen hauek irakurri, eta “aniztasuna” euren ustez zertan den azalduko baligute…
Gurean, funtsean, anistasuna biren arteko aukera da: el Mono edo Cadenas.
ELA rena bai aniztasuna ta kohesioa. Bizkaiko ahaldun nagusitik…..langile prekarioenera. Abilezia behar
La secretaria general del PSE-EE, Idoia Mendia, ha manifestado su preocupación por que el PNV lleve a Euskadi al “abismo” y al “caos institucional” de Cataluña. Asimismo, ha indicado al presidente de la Generalitat, Quim Torra, que debe aprender de la “ESTABILIDAD, COHESIÓN y PLURALIDAD” del País Vasco, y ha advertido de que el PSE-EE no permitirá que “nadie arroje por la borda”.
https://www.europapress.es/temas/idoia-mendia/
Abertzaletasuna likidazioan?
Ba niri primeran iruditzen zait Eusko Ikaskuntzaren proposamena. Ez da nire gustukoena, baina Jeltzaleek eta Bildu dituzten eskakizunak Espainia eta Frantziatik ikusita, biek elkarlana egiteko modu bakarra bururatzen zait. Ez al genuen eskatzen partido abertzaleen batasuna? Behingoz biek batera estrategia bat bideratu ahalko dute Kataluñako bide independentista hasi baino lehen, jendartearen konfiantza eta babesa lortu, euskara bultzatu, eskumenak lortu erakundeentzat, eta gehiago ezin denean lortu independentzia aldarrikatu. Ez da nire gustokoena, uste dut gizabanakoek argi eduki behar degula euskara dela euskaldun egiten gaituena eta Euskal Herria guztia euskaldundu behar dugula, baina alderdiek ezin dute hori esan.
Guztiok bat!
“Behingoz biek batera estrategia bat bideratu ahalko dute Kataluñako bide independentista hasi baino lehen, jendartearen konfiantza eta babesa lortu, euskara bultzatu, eskumenak lortu erakundeentzat, eta gehiago ezin denean lortu independentzia aldarrikatu”.
Hori EHBilduren asmoa izan liteke, baina EAJk ez du bide hori egingo. Erabakitze eskubidearen aldarrikapen xumean ere, ikus nola dabiltzan…
Gainera, gizartearen konfiantza eta babesa lortzeko prozesu parte hartzailea behar luke, eta hori ez da inondik inora EAJren eskuliburuan agertzen (eta ezker abertzalearenean ikuskizun). Urkulluri prozesu katalanari buruz galdetu ziotenean, hau erantzun zuen: “Larritzen nau herri mugimendu ardurarik gabeek baldintza dezaten Katalunia”.
Eta, tamalez, EAJn ez du Ibarretxek agintzen, Urkulluk, Ortuzarrek, eta enparauek baizik.
Bestalde, ez dakit alderdiek zer esan dezaketen euskarari buruz (ezer gutxi esaten dute-eta), baina Zabalok eta bere taldeak proposatzen dutena ondo tristea da. Horretarako, hobe da isilik geratzea.
For the love of sweet baby jesus EZABATU ORAIN IRUZKIN ANTIAKADEMIKO GUZTI HAUEK
Non daude erabiltzaile baldintzak behar ditugunean?????
Black Friday-en erosteko zain dagoen beste bat. Zer moduzko Hallowena izan duzu aurten?