Inpunitatea amaituko zaien eguna

Inpunitatea amaituko zaien eguna –

Israel bonba zaparrada jaurtitzen ari da, berriz ere, Gazako zeru gainean; eta gertaera, errepikatuaren errepikatuaz, aipamen laburra baino ez da gaur egun hedabide hegemonikoetako albistegietan. Baina iragarritako erailketa baten kronika da. Espero litekeena zen, bi urtetan behin gutxi gora behera horrela gertatzen baita. Munstroari (Israelgo gerra makineriari, alegia) jaten eman behar zaio, asetu egin behar da bere odol egarria.

Inpunitatea amaituko zaien eguna

Iragan igande gauean eten zuen Israelek sekula su etena izateko bokaziorik izan ez zuen balizko su etena. Palestinarrez mozorrotutako komando militarra bidali zuen konzentrazio eremu barrura klandestinitatearen babesean ekintzaile politikoak garbitzera. Sei lagun erail zituzten, izen abizenekin: Nour al-Din (37), Mohammed al-Qarra (23), Alaa al-Din Quder (29), Mostafa Abu (21), Mahmoud BH (25) eta Alaa Fseifis (24). Hurrengo orduotan, gainera, hamaika eraikin eta erakunde zibil bonbardatu dituzte; besteak beste; Gazako Unibertsitateko Zientzia Aplikatuteko Akademiaren eraikina, Al Aqsa telebista katearena, Al Rahma mertataritza gunea, Amal hotela, eta hamarnaka etxebizitza. Eta zerrendak aurrera darrai. Sokak ez du etenik, ondotxo dakitelako Israelgo apartheid erregimeneko lemazainek euren ekintzek ez dutela ondoriorik. 70 urtez inpunitate osoz aritu badira, hurrenez hurren, nazioarteko erakundeek giza eskubideen inguruan kaleratutako ebazpen guztiak urratzen inongo zigorrik jaso gabe, zergatik jarri galga orain odolez baino asetzen ezin den bizio zoro honi?

Israel gaizki hezitako umea bezalakoa da, sekula mugarik jarri ez zaion horietakoa (izango al da, akaso, mugarik ez duen munduko estatu bakarra delako). Ez daki noraino iris daitekeen, beti urratu izan dituelako gizalegearen mugak inongo zigorrik jaso gabe. Baina, urrunegi iritsi denean, nork dauka haur tiranoa arrastoan sartzeko ardura? Nazioarteko komunitatea, erakundeak, estatuak behintzat ez; sobera erakutsi dute euren utzikeria, euren axolagabekeria, munduan burutzen ari den giza eskubideen urraketa eskandaluzkoenetako baten aurrean.

Gazak auzitan jartzen gu gizateria bera. Bi milioi pertsona Trebiñuko azalerako eremu baten barruan itxita; ihes egiteko inongo aukerarik gabe; lurrez, itsasoz, airez eta lurrazpitik ere hesiz eta frankotiratzaile armatuz inguratuta. Edateko urik ere ez dute; elikagaien, botiken eta eraikuntza gaien sarrera ere kartzeleroak kudeatzen du. Israelek neurtuta dauka bi milioiko populazio batek bizi irauteko egunean behar duen kaloria kopuru minimoa, eta horren arabera kontrolatzen du jakien sarrera konzentrazio esparrura. NBEak berak iragarri du giza bizitza bideraezina izango dela Gazan 2020 urterako; eta nire kezka da, baldintza hauetan, nola demontre iritsiko ote diren bizirik bi milioi gazatarrak 2020 urtera arte. Gazako populazioari zigor kolektiboak ezartzeko neurri anker bakoitzak beste bat ankerragoa dakar atzetik. Gutxieneko senaren eta gizalegearen estandar guztiak aspaldi gainditu dira Gazan… eta zer? Zer ondorio dakarkio horrek ume bihozgabe tiranoari? Bat ere ez.

Ez dago munstroa geldiarazteko borondaterik erakutsi duenik. Ez behintzat munstrua geldiarazteko gaitasun efektiboa daukatenen artean. Ez dago nazioarteko erakundeen ebazpenak eta zigorrak indarrean jartzeko erabaki irmoa hartuko duenik, ez dago etikaren izenean Israelekiko harreman ekonomikoak eteteko etika nahikoa duenik. Ez dago nazioarteko erakunderik, estaturik, gobernurik gaizki hezitako haurrari belarrietatik tira egiteko borondaterik erakutsi duenik.

Gu baino ez gaude. Gutxieneko gizatasunari eusten diogun hiritar xumeok. Sarraski honen ikusle axolagabe hutsak izateari uko egiten diogunok. Gogora dezagun Israelgo ordezkariak, aldiro bezala, gurera etortzen diren hurrengoan. Gogora diezaiegun urtero Gasteizera etortzen den Maccabiko delegaritzari, tartean hemengo erakundeetara bisitan etortzen den Israelgo enbaxadoreari, Israelgo armagintza industriari altzairua saltzen dion Sidenorreko arduradunei, ustezko punk jaialdi alternatiboetara musika talde sionistak ekartzen dituzten enpresariei, jaialdi gastronomiko herrikoietan muturra sartu nahi duten Israelgo lagunen elkarteei…

Gure txistua aurpegian besterik ez dute merezi horiek guztiek. Jakinaraz diezaiegun gurekin jai daukatela. Inpunitatea amaituko zaien eguna gero eta gertuago dagoela.

Inpunitatea amaituko zaien eguna
Inpunitatea amaituko zaien eguna
Inpunitatea amaituko zaien eguna
Inpunitatea amaituko zaien eguna, Palestina

5 pentsamendu “Inpunitatea amaituko zaien eguna”-ri buruz

  • euskaldun bat 2018-11-17 08:53

    Israeli iritsiko zaio ordua, ez izan zalantzarik. Nola eta noiz ez dakigu, baina iritsiko zaiola, bai.

  • Interger Kolektiboa 2018-11-17 11:28

    Nik lasai lasai azalduko nuke zergatik dagoen mundua Israelen aginduetara. Baina Artazien Jauna hona etorriko litzateke segituan, beraz, irakurlearen esku utziko dut gelako elefantea aurkitzea.

    Lasai irakurle, ez duzu zertan hemen idatzi edo hortik esan behar zuk ongi dakizun hori. Ez hartu halako arriskurik, ez baitu ezertarako balioko. Zeure buruarekin zintzoa izatea nahikoa da Gezurraren Aroan. Egiaren Aroa iristean, alfonbrapean gorde duten min, kaka, gezur eta hezur guztiak aterako dituzte gure ondorengoek.

  • (((Beraiek))) jaun eta jabe dira. Eta ez dute daukate boterea era onean galtzen utziko. Hobe genuke munduko injustizia guztiak salatu ordez beraiengandik ikasi eta geure burua salbatu

  • Maider Esnaola 2018-11-17 22:50

    Antisemitismoa berriro ere ustezko antisionismoaz mozorrotuta. Arrazoia dauka Mikelatsek, Israel inspirazioa izan beharko litzateke estaturik gabeko nazioentzat, baina hori egin ordez autogorrotoz flajelatzen dugu gure burua, batzuk oso pribilejiatuak sentitzen omen direlako mendebalde aberatsan jaiotzeagatik eta gure kultura, historia eta izaerari uko egiten dieten bitartean.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2018-11-18 22:41

    Palestinako konfliktua egiazko tragedia bat da.
    Oraiko palestinarra banintz kasik segur juduak hastiatuko nituela.
    XX hasierako judu bat izan banintza europa ekialdeko gettho batean sortua, pogromekin nazkatua, espero dut joanen nintzala Palestinara kibutz bat sortzera.
    Bai erabat ados Maiderrekin asko bainan zinez asko badugu ikasteko judutarren historiatik, kibutzen historiatik batez ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude