Estreinaldiak badatoz!
Estreinaldiak badatoz! –
Estreinaldiak: Azaroak 16
…
Fantastic Beasts: The Crimes of Grindelwald
Urteetan egindako mehatxua egikarituz, bere zaindarien zaintzatik ihes egingo du Grindelwald magoak, eta jarraitzaile ejerzito bat osatzeari ekingo dio. Aztiaren asmo ilunak gelditzekotan, Albus Dumbledore gazteak Newt Scamander ikasle ohia erreklutatuko du, zeinak bere laguntza eskainiko dion horrek ekarriko dizkion arriskuei erreparatu gabe.
Harry Potterren istorioak ez luke inoiz etenik izan behar. Edo hala uste dute mago gaztearen abenturen jarraitzaileek. Hala, hilabeteetako ikusmirarekin helduko da aretoetara ildo nagusiaren adarretatik sortutako atal berri hau.
Bad Times at The Royale
Zazpi ezezagun Tahoe lakuan bilduko dira, iragan iluneko El Royale hotel narriatuan. Bakoitzak ezkutatu nahi duen sekretu bat du. Zorigaiztoko gau batean zehar, erredentziorako azken aukera izango dute guztiek… guztia pikutara joan aurretik.
Donostia Zinemaldiko 66.edizioa itxi zuen filma dugu hau, lehiaz kanpo aritu izanagatik, oihartzun handia utzitakoa.
El desentierro
Albaniar jatorriko emakume baten bat-bateko etorrerak, bere aitaren iragana arakatzera eramango du Argentinatik Espainiara heldu berri den Jordi protagonista. 20 urte atzera utzi zioten aitaren berri izateari, eta zendutzat jotzen dute denek, baina bizirik egon daitekeenaren arrastoak topatu dituzte orain.
Colette
Sidonie – Gabrielle Collette idazlea ekarriko du pantaila handira, 20.hamarkadako Paris hirian hautsak harrotu zituzten Claudine eta Gigi eleberrien autorearen historia. Emakumearen bizitza ezagutuko dugu, landan bizi zen haur zoriontsua zenetik, ospea lortu zuen arteko ibilbidea.
Mi obra maestra
Galerista xarmagarri eta eskrupulorik gabekoa da Arturo protagonista. Renzo, berriz, gainbeheran dagoen margolari zakarra da. Urteetan mantendu duten laguntasun batek lotzen ditu, baina ez dute amankomuneko beste ezaugarririk. Galeristak, ahalegin guztiak egingo ditu lagunaren ibilbidea berriro ere gorenera jaurtitzeko, baina egoerak okerrera egingo du nakarrik. Bat-bateko ideia zoro batek behin-betiko konponbidea ekarri dezakeela erabakitzen duten arte.
Ni distintos ni diferentes: Campeones
Javier Fresser zuzendariaren Campeones filmetik abiatuta, Alvaro Longoria zinegileak errodatutako dokumentala da. Lehenengoaren protagonista berdinak ekartzen ditu pantaila handira, baina oraingoan haien egunerokoa erakusteko helburuarekin.
Alegría Tristeza
Marcosek (Roberto Álamo), Sandrak (Maggie Civantos) eta haren alaba Lolak (Claudia Placer) karismaz beteriko famili bizia osatzen dute. Hala usteko dute, behintzat, Markosek ingurukoen sentimendu eta emozioak ulertzea galaraziko dion blokeo emozionala sufrituko duen arte.
Ingurukoen laguntzarekin, shock hori gainditzeko tratamendua hasiko du eta ulertuko du, berriro sentitzen ikasteko bide horretan, beharrezkoa izango dela alabak jokatuko duen papera.