Armistizioa eta nazionalismoa
Armistizioa eta nazionalismoa –
Rikardo Arregik Deia egunkarian.
Lehen Mundu Gerraren amaiera ekarri zuen armistizioaren inguruko ospakizunak handiak izan dira aurten, azken buruan ehun urte bete dira; halaber, handiak izan dira aurten politikari zein kazetari batzuek egin dituzten adierazpenak, handiak bezain hutsalak, batez ere, oroitzapenaren aldarrikapen beharrezkoa egin ondoren, “berriro gerta ez dadin” edo “berriro ez errepikatzeko” leloa agertzen denean. Badirudi ahantzi egin dituztela azken ehun urteotan izan ditugun gerra guztiak, edo uste dutela ehun urtetan ikasi ez duguna oraintxe bertan ikasiko dugula, 2018ko azaroaren 11n, magia berezi bati esker, eta 2018ko azaroaren 12rako desagertuko direla hortik dauden gerra guztiak. Politikarien eta estatuburuen zinismoa begi bistan gelditu da, jakina, adierazpen horiek guztiak ez baitira oztopo armagintzaren negozioarekin segitzeko; kazetari batzuen buru nagikeria ezaguna da, edozein dela gaia edo egoera betiko klixeak (“ez errepikatzearena” kasu honetan) erabiltzen da gehiegi pentsatu gabe, zertarako nekatu.
Adierazpen higatuen egun goibel hauetan deigarriak izan dira Macron presidente frantsesak egin dituenak. Ez dakit oso ondo ulertu dudan, baina badirudi Macronentzat nationalisme (nazionalismoa) kontu txarra dela eta patriotisme (abertzaletasuna), aldiz, ez; are gehiago, nazionalismoak piztu zuen, Macronen ustez, Lehen Mundu Gerra. Alemaniarena nazionalismoa zen eta Frantziarena abertzaletasuna? Eta Austria-Hungariarena zer zen? Frantzia Aberriaren alde Lehen Mundu Gerran hildakoen omenez eraikitako monumentuz beterik dago, herri guzti-guztietan ikus daitezke: Morts pour la patrie. Morts pour la Patrie, Gorka Knörren kantu hura. Iparraldean ere Aberria, jakina, Frantzia da. Frantziak oraintxe bertan euskararekiko duen jarrera abertzalea da edo nazionalista? Abertzaleak onak dira eta nazionalistak, txarrak? Hitz joku eta txantxa guztiak egin daitezke, bai.
Edo beharbada denok sumatzen duguna da egia bakarra: txarra besteak direla beti; gaizkia, besteak; nazionalismoa, besteak.