68aren ostean

68aren ostean –

Amatiñok, Euskadi Irratiko Albiste Faktorian.

Gaur iluntzean inauguratuko da, Bilboko Arte Ederren Museoan, ’68aren ostean’ izenburupeko erakusketa, non laburbiltzen den azken 50 urteotako euskal artearen antologia. Auskalo goizeko zortziak ordurik onena ote den arte-erakusketa bat gomendatzeko baina, zer gerta ere, zinez dinotsuet, ikusi beharreko erakusketa dela.

Artea, zentzurik zabalenean, jakina. Pintura eta eskultura ez ezik, baita ere argazkia, bideoa, posterrak, grafismoa, liburu-azalak, diskogintza, performanceak, instalazioak eta beste zenbait arte-praktika, Oteiza-Chillida bikotearen maisutzarekin hasi, eta gaur egungo artistarik gazteenak arte.

Erakusketak ez du aparteko aitzakiarik behar, baina, besteak beste frogatzen du Francoren diktadurapean jaiotako belaunaldiek asmatu zutela bidea egiten eta eragiten, ateak eta lehioak irekitzen, arnasa hartzen eta, munduan barrena, fruituak zabaltzen.

Frogatu ere frogatzen du, euskal artearen motorra, lehen eta behingoz, gizarte zibila izan zela eta lankidetza publiko-pribatuak aspaldidanik funtzionatu izan duela gurean.

Irratian ari garenez, berriz, azpimarragarri, ezin bestean, azken 50 urteotako musikaren nondik norakoa edo, hobeto esan, mende erdi honetako fonografiaren historia.

Sekulakoa gero, Xabier Erkiziaren eskutik estreinako osatu den disko-bilduma transbertsala. Ez daude –ezin egon– disko-azal guztiak; ezta, behar bada, beti, ezagunenak, onenak edo arrakastatsuenak ere, baina bai, ostera, mugarrienak edo erabakigarrienak.

Norberaren adinaren arabera, bisitariak sumatu ahal izango du, aitaren batean, zein urtetan sentitzen duen bere burua gozoen eta maitakorren; zein musika-mota, abeslari edo disko zaion ezagunen, kutunen edo liluragarrien.

Berrogeita hamar urte joan dira, bai; baina, inork ez ditu urte guztiak emozio edo zirrara berdinaz bizi izan. Zure nostalgiak zein urtetara eraman ote zaitzakeen jakin nahi baduzu, Bilboko Arte Ederren Museora joan besterik ez duzu. Udaberri arte.

68aren ostean
98 argazkiz osatutako instalazioa. Ibon Aranberri.
68aren ostean

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.