Podcastak hor daude: irratia nahieran

Podcastak hor daude: irratia nahieran –

Gari Araolazak Teknosexua blogean.

Podcast bat Interneteko audio emankizun bat da, periodikoki banatzen dena eta nahi dugun unean entzun dezakeguna.

Irrati programa bat bezalakoa da podcasta, baina nahieran entzutekoa, ondo datorkizunean. Ez da ahaztu behar bideo bidezko emisio askori ere podcast esaten zaiela, baina jatorrian podcast audioa da.

Podcastek ia 15 urte dituzte, hain zuzen Appleren iPod-aren garaian egin ziren ezagun, 2004an. Hortik datorkio izena, “broad-cast” edo “emisio” hitzaren ordez, “pod-cast”. Nire kasuan beti izan ditut presente, irratian kolaboratzen nuenean ere saioak grabatu eta podcast formatuan ematen nituen, baina duela gutxi engantxatu naiz telefonoko aplikazioei esker. Izan ere, horixe falta zitzaidan, telefonoan eroso entzun ahal izatea.

.

Podcastak hor daude: irratia nahieran
Pocket Casts-en pantaila irudia.

Noiz entzutekoak dira podcastak?

Ondo datorkizunean edo gustoa duzunean, horixe bait da abantaila nagusiena.

Normalean etxean gauzak egiten nagoenean, irratia jarri beharrean aukeratutako programa horiek entzuten ditut. Horretarako lagun ezinbestekoa da bluetooth bozgorailua. Ez dut orain arte JBL GO baino hoberik aurkitu. Txikia, arina, indartsua, erabilterraza, soinu kalitate oso ona eta… merkea!

Autoan noanean ere lagun oso onak dira podcastak. Horretarako baina, telefonoaren soinua autoaren bozgorailuetatik ateratzeko zure modua aurkitu behar duzu, kable bidez, bluetooth edo horrelakoren bat.

Eta noski, aurikularrak jarri eta oinez edo garraio publikoan zoazenean ere entzun daitezke podcastak, edo ohean loak hartu aurretik (alferrik nere kasuan, 5 minutu ez dut esna irauten eta).

.

Podcast-erako telefono aplikazioak

Ordenagailutik ere entzun daitezke podcastak, baina telefonoz erosoagoa da. Aplikazio bat beharko duzu horretarako, eta hamarnaka aurkituko dituzu bilaketa txiki bat eginda.

Duela gutxi arte Podcast Republic erabili izan dut. Baina azkenaldian aplikazioaren diseinua aldatu dute eta ez zait lehen bezain erabilterraza iruditzen. Horregatik beste baten bila hasi eta Pocket Casts aukeratu dut.

Pocket Casts-ek diseinu erabilterraz eta bisuala du eta erraz kudeatzen dira programak, emankizunak eta harpidetzak. Ez da doakoa, 4 Euro ordaindu behar dira, baina diru gutxi iruditzen zait horrelako erabilpena emateko.

.

Zein funtzionalitate ditu Pocket Casts-ek?

  • Harpidetzak kudeatzeko modu erraza.
  • Entzun ditugun eta entzuteke dauden saioen kontrola, zatika zerbait entzun eta geroago erraz jarraitzeko modua.
  • Audioen abiadura azkartu edo geldotzeko aukera. Oso interesgarria dominatzen ez ditugun hizkuntzetan dauden podcastekin erabiltzeko.
  • Medioetako aplikazio propioek baino bateria gutxiago jaten du, eta gainera entzuten gauden artean beste telefonoa beste aplikazioetarako erabili daiteke.
  • Saioak wifian gaudenean automatikoki deskargatzeko aukera.
  • Sleep funtzioa: Lotara goazenean denbora jakin baterako martxan utzi daiteke, bakarrik itzali dadin.

.

Zer entzun daiteke?

Hainbestetan bezala, euskaraz ez dago halako eskaintza handia, baina badago zer entzun:

  • Euskadi Irratiko programak, batzuetan programa osoak eta bestetan aukeratutako korteak.
  • Info7 irratiko programak.
  • Xerezaderen artxiboa (entzuteko literatura).
  • Tropelaren podcasta (txirrindularitza).
  • France Bleuren euskarazko saioa.
  • Irrati libreetako hainbat programa (Eguzki irratikoak adibidez).

Eta beste hizkuntzetan, ia edozerri buruzko programak aurkituko dituzu:

  • Radio Euskadiko programak (Roge Blascorena edo La mecánica del caracol).
  • RNE, Radio Clásica edo Radio 3-eko programak.
  • Buenafuenteren Nadie sabe nada (umore inprobisazioa).
  • NPR-ren Radio Ambulante (Hegoamerikako historiak dramatizatuta, aste honetan gomendatu didate).

.

Beti bezala, podcast aplikazioarekin laguntza behar baduzu, laguntzeko prest.

Podcastak hor daude Podcastak hor daude

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.