Pobreziaren kontrako nazioarteko eguna (urriak 17)

Pobreziaren kontrako nazioarteko eguna (urriak 17) –

Hurrengo urriaren 17an, pobreziaren aurkako mundu mailako eguna ospatzen da. Milioika pertsona gara munduan, prekarietate, pobrezia eta miseria egoeretan bizi garenak. Elite ekonomiko eta politikoek herritar sektore zabalen aurkako menderatze eta esplotazioaren ondorioz, munduan zein euskal herrian ere, pobrezia eta prekarietatea areagotuz doaz langile klasearen eta herritar sektoreen artean.

Pobreziaren kontrako nazioarteko eguna (urriak 17)Gaur bertan 17.280 pertsona gosez hilko dira munduan eta Europar Batasunean 123 milioik pobrezia egoeretan biziko dira (ia-ia populazioaren %25a). Herrialde industrializatu gutxi batzuetan ematen den aberastasunaren metaketa mundialak dakartzan pobrezia eta desberdintasun egoera hauek badute bere isla Euskal Herrian ere: populazioaren heren batek (3tik 1ek!) pobreziaren mugaren azpitik bizirauten du, erabiltzen dugun metodologiaren arabera (BPG per capitaren %37,5a).

Esplotatutako herriak eta zapaldutako nazioak gero eta estutuagoak gaude estatu, europa zein mundu mailako kapitalismoaren mesedetan, eta Euskal herria, honen adibide dugu (kupoak, hitzarmenak, sindikatuen lanaren aurkako erasoak, eskubide sozialen murrizketak, negozio pribatuak loditzeko ondasun publikoen lapurretak, AHT, superportuak, errauskailuak, mespretxuak herritar borondateari, atxiloketak, presentzia poliziala, debekuak,…) Jendartearen dualizazioa izugarria da. Beren burua egoera honetan ikusten ez zuten pertsonek, karitate eta ongintza zerbitzuetara jo behar izan dute. Instituzioak elite ekonomikoen aldeko lanetan lanpetuta baitaude.

Urteak daramatzagu esaten ari garena adierazten dituzten datuak ematen. Prekarizazio sozialaren prozesu hau eteten hasteko konponbide umilak eta gaur bertan martxan jarri daitezkeenak mahai-gaineratu ditugu; beti ere esplotazioari mugak jartzeko ahaleginean. Hainbat instituziori zuzendu gara eta beste behin ere berretsi behar gara, ez da existitzen pobreziarekin bukatzeko borondate politikorik! Munduko populazioa migrazio ekonomikora kondenatzen duen sistema batean bizi gara eta Europak heriotza soilik eskaintzen die Mediterraneoan. Badirudi, jakin gabe (?!) orain dela hamar urteko adreiluaren burbuilaren berdina den alokairuen burbuila baten aurrean gaudela, merkatuaren liberalizaziorako lege bakar baten bitartez; bitartean, instituzio publikoetatik etxebizitzen erosketa sustatzen jarraitzen da, inoiz ordaindu ezin izango ditugun etxebizitzak. Eta badirudi ere faktura elektrikoaren garestitzea, zantarra izateaz gain, edozein pertsonarentzako ulertezina dela; uda ala negua izan, euria egin edo haizea ibili gora baizik egiten ez duen faktura.

Adibidez, pasa den astean bertan, aho bete hortz utzi gaituzten adierazpen instituzionalak entzun ahal izan ditugu, zeinetan gogorarazten ziguten Europak ez zituela baimenduko La Naval ontziolaren erreskaterako inbertsio publikoak. “Bitxia” bada ere ez genituen horrelako adierazpen indartsuak entzun orain dela hamar urte sistemaren kudeatzaileek bankaren “erreskatea” inposatu zutenean; esku publikoetatik pribatuetara inoiz eman den trasbaserik handiena, historiako lapurretarik handiena. Lehen, momentu hartan eta orain instituzioek, korporazioek eta alderdi politikoek ez daukate inolako borondaterik aldaketak egiteko; populazioa duintasun minimo batekin bizi ahal izateko gutxienekoak ziurtatzeko aldaketak. Eta dramatikoena ez da ezagutzen genuen borondate eza, baizik eta sektore politiko guztietatik planteatzen zaizkigunak begiztatzea: kasurik onenean, onuraren bilaketa irrazionala eta neurrigabean oinarritutako sistema ekonomiko honentzako erreforma lotsatiak; ondoezera eta heriotzera soilik garamatzan sistemaren erreforma lotsatiak.

Egunez egun Euskal Herrian biderkatzen ari diren pobrezia eta prekarietate egoerak ekidin nahi baditugu, gure eskubideak progresiboki urratu eta murrizten dituen sistema sozialarekin bukatu beharra dugu. Esplotazio harremanak gaindituko dituen sistema politiko eta sozial berri baten aldeko pausuak emanez. Bide honetan, kapitalaren ofentsibaren aurrean Euskal herriak bere biziraupena eta etorkizuna ziurtatu ditzan, gure ustetan nahita-nahitaezkoak diren 4 ideia garatu eta sakondu beharko litezke; Ordu gutxiago lan egitea guztiok lana eduki dezagun honela arlo pribatuan ere lana banatuz; pertsonen eta herrien gain eragiten dugun esplotaziarekin bukatzea naturarekiko oreka bilatuz; eragile sozial eta sindikalek duten pisua handitzea, arlo pribatuaren aurrean komuna denaren pisua handitzearekin batera.

Gure lan eta gizarte eskubideen aldeko borrokan nahita nahitaezkoa da langile klasearen antolakuntza. Momentu hauetan militantzia sozialak berebiziko garrantzia hartzen du. Herritar antolakundeek zein eragile sozialek, argi dugu borrokak merezi duela; esplotatuak eta irainduak garen milaka langilek, migrantek, gaztek, emakumek, zein pentsionistek, kontzienteki borrokan jarraituz pairatzen ari garen basakeriaren aurrean.

Egungo komunaren gaineko espoliazioaren aurrean, publikoaren pribatizazioaren aurrean, gure bizitzako arlo guztien merkantilizazioaren aurrean, saldu nahi diguten baina herritarron gehiengoaren aurkako gerra ezkutua baino ez dan bake sozialaren aurrean, beldurra eta babesik ezaren aurrean, kapitalaren biolentziaren aurrean, aurre egin behar diegu; elkartasun sareak indartu, elkar-laguntza sustatu, beste esperientzia batzuk ezagutu, borrokak partekatu, geure buruak ikasteko eta jazarpena existitzen den edozein lekutan aritzeko trebatu behar ditugu. Arrazoi hauengatik, urriaren 17ak ez du etsipenerako eguna izan behar. Inflexio puntu bat baizik, indar metaketarako abiapuntua, bizi dugun egoeraren kontzientzia hartzeko mobilizazio eguna alegia. Eraldaketa sozialerako abiapuntua!

ESKUBIDE SOZIALEN ALDE BORROKATU!

PREKARIETATERI AURRE EGIN!

JENDARTEA ERALDATU!

Pobreziaren kontrako nazioarteko eguna Pobreziaren kontrako nazioarteko eguna Pobreziaren kontrako nazioarteko eguna

Eskubide sozialen aldeko mugimendua