[Zine kritika] Girl
[Zine kritika] Girl –
Gogoan duzu zein gogorra izan zen nerabezaroa? Nirea, behintzat, bai. Hormonak gora ta behera, noraezean sentitze hori, segurtasun eza, aztoramendu amaigabea, norberak bere buruari forma ematen dion bitartean. Bakoitzaren identitatea aurkitu eta definitzen dugun bitartean. Gure inguruko artaldearen parte izaten saiatzen garen bitartean.
Nere “Ama, handia egiten naizenean titiak txikitzeko ebakuntza egingo dut” adibidez, garai hartakoa zen. Beldurgarria. Ba orain imajinatu fase izugarri horretatik bi aldiz pasa behar izatea…
[Kontuz! Spolierrak]
Lukas Dhont zuzendariaren lehenengo luzemetraiean, Girl, Lara ballet-dantzari izan nahi duen 16 urteko nerabe trans bat da. Hormona ordezkapen terapia hasi berri du eta genitalen itxura aldaketa kirurgia lortzeko prozesuan dago.
Kanpotik ikusita babes sare ederra du Larak. Gurasoak banatuta daude eta aita eta anai txikiarekin bizi da, baina familia osoa du bere alde eta bera laguntzen. Ikastetxe berri batean hasi da eta honek dakarren egokitze aldapatsua normaltzat har dezakegu. Baina orokorrean oso ondo hartzen dute ikaskideek. Segituan konturatzen gara bi ametsak lortzea (fisikoa eta profesionala) gehitxo egiten ari zaiola Larari.
Berarekin sufritzen dugu Belgikako ballet akademia onenean hartzen dutenean entsegu aurretik genitalak esparatrapuz estaltzen dituenean, azala haragi bizitan utzi arte.
Eta anai txikiarekin liskarrean dabilela haurrak, haserre, bere jaiotze izena deitzen dionean: “Victor!”. Eta bere ustezko lagunek zakila erakusteko presionatzen dutenean. Baina anekdota bakanak diruditen hauek Larak bere buruarekin (eta batez ere bere gorputzarekin) mantentzen duen borroka etengabera gehitzen dira eta eztanda egiten dute zinean ikusi dudan eszena gogorrenetako batean.
Zuzendariak asko erakusten du Lararen min fisikoa, balleteko entseguetan puntetan berandu hasteagatik (irakasleak gogora ekartzen dio, neskak, normalean, 12 urterekin hasten direla) hanketako behatzak txiki-txiki egiten dituenean adibidez. Baina hau Lararen min eta sufrimendu emozionalaren ezaugarria baino ez da. Bere ametsa lortzeko beste inor baino 100 aldiz lan gehiago egin behar baitu. Eta niri behintzat, ikusle bezala, fisikoaren gain-erakusketa horrek lagundu egin dit protagonistarekin enpatia sentitzeko.
Gaia interesgarria bezain zaila da zinean modu duin batean kontatzeko, baina Dhont-ek istorioa bikainki idatzi du eta sentsibilitatez zuzendu du, eta nire ustez filmaren indarra den hauxe islatzen jakin du: Familiaren babesa sentituta ere Larak “benetako” neska bat izateko gizarteak ezartzen dituen presiopean amore ematen du. Eta generoaren inguruko hausnarketa egitea bultzatzen gaitu Girl filmak. Zer da generoa? Zer da neska edo mutil egiten gaituena? Genitalak? Zer da “benetako” neska izatea? Zer?
Zinemaren helburua hunkitzea, entretenitzea eta hezitzea bada, film honek bikainki lortzen du hori.
Gai honi buruzko informazio ugari, nerabe eta gurasoentzat, Chrysallis elkartearen webgunean aurki dezakegu.
…
IZARRAK: 5/4
…