Bizkaieus: Bizkaian euskerea sustatzeko bilgunea

Bizkaieus: Bizkaian euskerea sustatzeko bilgunea –

  • Bizkaian euskerearen egoeraz kezkatuta gagoz, lau urterik behin egiten dan kale erabilerearen neurketan atzera egiten gabiltzalako
  • Bilgune bat sortu gura dogu, plataforma bat, lurralde honetan euskerea bultzatzen dogun guztion artean
  • Datorren barikuan, irailaren 28an, arratsaldeko 17:00etan Gernikako Arbolaren aurrean batuko gara, ondoren bilera egiteko
  • Gonbidatuta gagoz Bizkaian euskerearen alde gagozan guztiok

Euskerearen egoera ez da gurako gendukean modukoa. Azken 10 urteetan ikusi danez, Bizkaian kale erabilerea jatsi da faktore askogaitik: euskaldunen jaiotza tasa txikiagoa, eskolak espero genduan euskalduntze maila baino txikiagoa emotea, erderazko hedabide, sare sozial, whasap… eta abarren eragina gero eta haundiagoa izatea, etorkinak euskalduntzeko behar dogun indarra ez edukitzea, enpresek eta merkataritzak gaztelera eta ingelesa bultzatzea (salerosketak, turismoa…)…

Bizkaieus: Bizkaian euskerea sustatzeko bilguneaEgoera barri horren aurrean, esan leiteke danok betiko errezetakaz gabiltzala eta ez deutsagula zezenari adarretatik oratu gura.

Horregaitik Bizkaian euskerea bizibarritzeko foro edo bilgune bat sortzea pentsau dogu, eta hor euskaltzaleak, langileak, gazteak, ikastetxeak, euskaltegiak, herri erakundeak eta kultur eta euskerearen arloko eragileak konbidatu gura zaituegu Gernika-Lumon egingo dogun batzarrera etorteko, irailaren 28an, barikuan, arrastiko 17:00etan Arbolaren aurrean agurtzeko eta 17:30etan ondoko Euskal Herria Museoan.

Parte hartzeko era asko egongo da eta Bizkaian euskereak dauen egoerak kezkatzen bazaitu eta zerbait egiteko prest bazagoz, batzarrera etortera edo foroan egotera konbidatu gura zaituegu.

Batuazaleak, bizkaierazaleak, nagusiak, gazteak, kaletarrak, baserritarrak… danok bat egin behar dogu gure hizkuntza zaharbarri hau lurralde honetan eusteko eta zabaltzeko.

.

Bizkaieus talde eragilea
posta@bizkaieus.eus

2 pentsamendu “Bizkaieus: Bizkaian euskerea sustatzeko bilgunea”-ri buruz

  • Oso ideia ona deritzait. Nik ere horrelako elkarte batean sartuko nintzateke baina Bizkaian bizi ez naizenez, ezinezkoa dut.
    Beste herrialdeetan ez ote daiteke beste horrenbeste egin?
    Bilera eta batzarre nahi eta nahiezkoak dituzu, bestela betiko ezintasunean betikotuko gara

  • Zer diot herrialdeeka? Hiri eta eskualde guzietan biltzen hasi beharko genuke euskatzaleok, elkar ezagutu, ideiak trukatu, eta ekintzak aitzina eramateko.
    Bai, herrialdeka luze ibili beharra, denok ezezagunak…horrek denak…Hala ere, hobe hola, etxe zokoan egotea baino.
    Dena dela, zuek hasi zarete. Zorte on!