Ezker Abertzalearen bide berriak
Manifestazioak errutina eta ez salbuespen bilakatzen dituenean gizarte mugimendu batek, haien eragina nabarmen murrizten du (helburua boterearen aldaketa bada bederen). Ezker Abertzaleak hainbat urtez euren jarraitzaileei arrazoi ezberdinengatik hamaika manifestaziotara joateko deia egin die. Urrutikoetxeak dioen bezala, ordea, Zutik Euskal Herriaren eztabaidaren ostean eta Sorturen jaiotzearekin, ez ote zaizkio mobilizatzeko moduak ere aldatzeko unea heldu?
Europan ez da Euskal Herrian adina manifestazio egiten den lurralderik izango. Manifestazioak bilakatu dira Ezker Abertzalearentzat ez ezik, sindikatu, euskararen edota ingurumenaren aldeko taldeen adierazpide (ia) garrantzitsuena eta horrek, guztiz desaktibatu du protesta herritarraren indarra.
Ilegalizazioak eragindako salbuespen egoera batean, bere inguruan jendea batzeko bestelako formularik bilatzea zaila dela esan beharrik ez dago, eta manifestazioek, kanpora begira baino, barne kohesiorako, Xabier Gantzarainek aste honetako bere zutabeetan adierazi bezala, sentimendu bat mantendu eta sustatzeko elementu baliagarriak izan dira Ezker Abertzalearentzat. Indar batuketaren logikari atxekita ordea, bestelako formulak bilatzeko unea da, Urrutikoetxeak eta Petxarromanek adierazi bezala, eta beste askok sentitzen dugun bezala.
Nik ez dakit Zubietako flashmoba ote den adibidea, baina inguruetan aspaldiko poz eta alaitasun iturri handiena izan da: aldarrikapena beste modu batetara zabaltzea eta bere ingurura jende asko biltzea lortu du.
Estrategia berrien baitan, manifestazio gutxiago eta bestelako formulazio berriak ere bilatu beharko ditu Ezker Abertzaleak, noranahikoa eta jende guztiarentzakoa, baina batez ere XXI. mendeko balore eta jendeen interesetara gerturatu nahi badu.
Nik ere kezka bera dut. Manifak bai, baina zer gehiago? Zer egin dezakegu ilegalizazioa saihesteko?
Nik uste dut Euskal Herriko alderdi demokratikoek dutela giltza hemen. Eranztun bateratua eman behar da, baina manifatik areago joanez.
Flashmob bat ez da areago joatea. Batzuentzat dibertigarria izan daiteke, baina manifa batek jende gehiago biltzen du eta oiartzun handiagoa du albistegian, gaur egun.
Zerbait gehiago behar dugu. Eraginkortasuna.
Alderdiek plante bat egin beharko lukete, edo zerrenda bakar bat aurkeztu… Erasoari tamaina berean erantzun.
Espainiako Epaitegi Gorenak Sorturen debekua iragarri eta Egigurenek anekdota bat iruditzen zitzaiola esan zuen. Milaka herritarren eskubideen ukazioa txikikeria omen. Orain egoera horri erantzuteko Gernikako Akordioko eragileek manifestazioa deitzen dute eta berau egin baino lehen gure artean manifestazioa eredu-bide ona edo txarra den eztabaidatzen hasi behar dugu? Egoera hain larri izanik ez al da hori bera nahiko anekdotikoa? Ni Zubietan egon nintzen, zoragarria benetan! bide ta formen inguruan eztabaidak ireki behar dira, baina uneak eskatzen duen erantzuna baldintzatu gabe. Nire uste apalean behintzat.
egunon lagunok
Kopurua ez da nik asmatua, espainiako auzitegi goreneko epaile batek baino: SORTU ez legeztatzearen ondorioz, 200.000 lagun izan gaitezke geuk gura dugun aukera politikoaren aldeko bozka emateko. Ezker Abertzalearen aurkako bazterketa politiko-soziala hasi zenetik, 20.000 bat lagun izan gara Ezker Abertzalearen bateko zein besteko zerrendetan aurkeztu eta legez kanporatuak. 20.000 lagun inguru gara ordezkari politikoak izateko eskubide bakoak.
EAk Nafarroan zein EAEn, indarrak batu eta aukera politiko berria sortzeko prest dago, Alternatiba antzera mintzatu da. ARALAR eta PNV legez kanporatzearen aurka dagoz baina ez digute legez kanporatzearen aurkako alternatiba praktikorik ematen, ez bada eurei bozka ematea, noski. ARALAR eta PNV prest daude euren zerrendetan Ezker Abertzaleko kideak biltzeko? Prest leudeke maiatzera bitartean sor daitezkeen aukera politiko berrien aurkako balizko legez kanporatzeari erantzuteko, plantoa egin eta euskal herritarroi maiatzaren 22an ez bozkatzeko eskatzeko?
Gernikako Akordioak borrokatu beharra ere jasotzen du, berbarako, desobedientzai zibila erabilita.
Gatazka politikoko aktore politiko guztiek aldarrikatzen dute herritarron hitza dela errespetatu eta kontuan hartu beharrekoa. Halandaze, zertarako egon behar dugu herritarrok alderdi politikoek erabakitzen dutenaren zain? Zergatik ez diegu herritarrok alderdi politikoei erakusten zer egin?
Zelan egingo diegu aurre espainiako eta frantziako estatuek indarrez inposatzen digutenei?
hor benetan demokrata denak esan behar luke, edo denok baldintza berdinetan edo inor ezta joango , eta boikota egin auteskunde ez libreei