Udako uzta bilduta, ziklo bat itxi beste bat hasteko
Udako uzta bilduta –
Iritsi zen uda, eta berekin, udazkenean Pikunieta baserrian hasi genuen zikloa ixteko tenorea. Elurrak ezinezko egin zuen negu gorrian Etxarri-Larraungo Arbelbide baserrira iristea, bedatsean Urduñako Tologorriko fruitu arbolen artean ibili ginen bueltaka, eta amaitzeko, sendabelarrak bildu ditugu Arbonan, Jokin Zaldunbideren etxaldean. Fini, beraz; oraingoz…
Baserriko Uztara hurbildu zen batek baino gehiagok beldurtuta hartu zuen autoa goizean goiz, Senpereko erlojupekoak ordulariaren aurka jarriko zuelakoan. Baina sigi-saga iritsi ziren adiskide guztiak Jokin Zaldunbide belargilearen etxaldera, inork ez zion eta uko egin nahi aurreikusita zegoen planari.
Eguraldia lagun baino ezagun genuela ekin genion EH Kolektiboak, Enbor kultur elkarteak eta ZuZeu atariak antolatutako jardunaldiari. Jokinek, anfitrioiak, ongi etorria eman zigun guztioi, eta jarraian bere ogibidearen inguruko azalpenak emateari lotu zen, labur eta zehatz; esateko zeukana entzun eta gero, badirudi belargileak larre motzera ohituta daudela.
Hasi da Uzta Festa! Gaur Jokin Zaldunbideren etxaldean. @EHKOlektiboa pic.twitter.com/cnlslunvdx
— Mirene Begiristain (@mirenebegi) July 28, 2018
Duela urte gutxi hil zen belargile titulu ofiziala zeukan azkeneko pertsona frantziar estatuan, egun administrazioak onartzen ez duen lanbidea baita. Honen inguruan hipokrisi handia dagoela salatu zuen Zaldunbidek, batetik sendabelar eskolak baitaude, baina bestetik bertan ikasitakoak ez duelako ondoren aitortza ofizialik jasotzen. 158 sendabelar lantzea baimentzen die estatuak; hortik aurrerakoak farmazeutiken konpetentzia izendatu dituzte. Hor bataila handia daukatela gogorarazi zigun Jokinek. Berak dezente lantzen ditu bere etxaldean, baina horretaz gain, basora eta mendira ere joan ohi da bilketa lanak egitera Arbonako intxixua.
Zuberoan sorgina izendatzeko “belagile” (belar-egile) hitza erabiltzen da, eta izen bereko elkartea sortu dute lagun gutxi batzuk, tartean Jokinek, elkarri babesa eman, sendabelarren inguruan jendea informatu, eta haien ofizioak dauzkan oztopoak salatzeko.
Ereiten dituen sendabelarren artean dauden bidexketan murgildu ziren ekimenera hurbildutako ehun lagun inguru, eta Jokinek denoi eman zizkigun aproposak iruditzen zitzaizkion azalpenak, batzuetan denoi batera, eta besteetan taldez talde. Bien bitartean, bazegoen bakarrik ibiltzea nahaigo zuen jendea, belarrak eta loreak aztertuz, ukituz, usainduz… Jokinek kontatu zigun azkenaldian “olio esentziala” ateratzen diela landare batzuei, propietate on ugari dauzkan sustantzia. Landare bat testuinguru zail batean dagoenean defentsak eraikitzen ditu gehiegizko eguzki, haize, euri edota zomorroen kontra; txantxetan esan zuen bezala, “landare estresatu bat da”. Une oro borrokan dabilenez defentsa oso indartsuak garatzen ditu (eroso eta bikain bizi den lorea ez bezala”); olio esentziala da defentsa hori, eta mundu bat zabaltzen duela azpimarratu zuen Zaldunbidek.
Froga eta esperimentu asko ere egiten ditu. Kontatu zigunez, landareen izendegia oso interesgarria da beretzako, eta aurrekoek egindako lana kontutan hartzeaz gain, bera bere koadernoan parean tokatzen zaizkion landareen izen eta propietateak apuntatzen joan ohi da. Mila baino gehiago baditu gaur-gaurkoz. Orain bere burua prestatzen hasi behar da ukenduak egin ahal izateko, zeren eta saldu nahi izanez gero kosmetikoen legea bete behar da, eta afera zinez konplikatua izan behar da (kasu askotan, elikagaiena baino gehiago).
Jokinek etxaldean zehar paseatzeko gonbitea luzatu zien bertaratutakoei, eta tartean idortegia ikusteko aukera izan genuen; ikusi baino, usaintzekoa. Sartu ginen guztiok azpimarratu genuen liluratzekoa zela bertan zegoen edota zeuden usain zoragarriak.
Hamaiketakoa une ezin hobean iritsi zen orduan, Goiabe jantoki ekologikoko adiskideen eskutik: Jokinen belarrekin prestatutako infusioa batetik, eta patea zein marmelada zeukan tostadatxo batzuk bestetik, goxoak zinez biak ala biak.
Mikel Urdangarin gitarra fintzen zebilen ordurako, eta mahaiean sagardoa eta ardoa (ekologikoak eta Euskal Herrikoak, prefosta) jarri zizkiguten unean hasi zen zornotzarra kantuan. “Margolariak” lana kaleratu zuen iaz Urdangarinek, eta azken diskoko zein bere kantu zahar eta ezagunenetako batzuk jo zituen; ez hori bakarrik, baizik eta gainera, abesten hasi aitzin, kanten nondik-norakoak azaltzen jardun zen entzuleentzat. Intimitate giro bat sortzea lortu zuen Urdangarinek, bera, bere gitarra eta entzulea; beno, eta uneren batean oholtza gainean laguntza eman zion txakurren bat ere bai.
#Arbona #BaserrikoUzta Mikel Urdangarin #orain @EHKOlektiboa pic.twitter.com/qDgmJWtUmu
— Baserriko Uzta (@BaserrikoUzta) July 28, 2018
— Mirene Begiristain (@mirenebegi) July 28, 2018
Mikel Urdangarin #orain Jokin Zaldunbideren etxaldean. #BaserrikoUzta #Arbona pic.twitter.com/ynqC26wpVX
— Baserriko Uzta (@BaserrikoUzta) July 28, 2018
Hasi da Mikel Urdangarinen emankizuna sendabelarren etxaldean #BaserrikoUzta pic.twitter.com/9hMlAEc944
— zuzeu (@zuzeu) July 28, 2018
Bizipoza agroekologiaren sena. @EHKOlektiboa-aren uztak jarraituko du. Adi! pic.twitter.com/b6UffLgy53
— Mirene Begiristain (@mirenebegi) July 28, 2018
Kontzertuaren ostean, bazkaria; dena ekologikoa, tokikoa eta Goiabeko lagunek mimo handiz prestatua. Esaten da, maiz zaila suertatu arren, kronikak ahalik eta hobekien helaraztyeko adjektiboak saihestea komeni dela. Beraz, zeinen ongi bazkaldu genuen ulertzeko, irakurri menua eta atera kontuak (kasu lerdea dariola hasiz gero, ez izorratu ordenagailua!):
Amaitzeko, Udako Uztara inguratu zirenei Jokin Zaldunbideren etxean jakinarazitakoa plaza honetan haizatzea tokatzen da: hurrengo ikasturtean ere izango dela Baserriko Uzta gehiago, Euskal Herriko beste lau etxaldetan eta beste lau musikari edota musika talderekin. Oraindik ezinezkoa zaigu esatea non izango diren, edota ze muskari hurbilduko diren. Aurreratu dezakegun bakarra da, ahal den neurrian geure akatsetatik ikasten dugun jendea garenez, hurrengo Neguko Uzta kostaldean egingo dugula!