Inauterietan mozorrorik gabe eta biluzik
Inauteriak Aste Santua bitartean irauten omen zuen barau edo haragi uzte aurretik burutzen diren jaiak direla esan ohi da. Euskal Herrian bestelako ohiturekin ere lotuta omen dago, zuhaitzen inaustearekin hain zuzen. Dena dela, nago berriro ere barau gogorra datorkiola herri honi eta kanpoko kultura, oraingoan kultura politikoa, inposatzen jarraituko zaiola aurrerantzean ere.
Esan genezake aurtengo inauteriak Sortu alderdiaren kontrako Estatuko Abokatuaren salaketarekin hasi zirela, Fiskaltzarenarekin jarraitu eta asteartean Epaitegi Goreneko onarpenarekin amaitu. Asteburuan ere, aurreko astelehenean burututako operazio polizialaren ondorioz eman diren tortura basatien salaketak jaso genituen. Gertakari guzti horiek markatu zituzten festa giroan eta alaitasunez bideratu behar ziren jai egunak, berriro ere Euskal Herriko plaza politikoan giro gazi eta garratza ezarriz.
Ezker abertzalea ahalegin iraunkor eta etengabeak egiten ari den honetan, eragile ugarik bake prozesu bat aldarrikatzen duen Gernikako Akordioa sinatu dutenean, ETA erakundeak su eten iraunkor eta orokorra iragarri duenean, herrian benetako itxaropena pizten ari denean, inauteri hauetan Estatua mozorrorik gabe agertu da.
Ezker abertzalearen lehen urratsen aurrean ez nahikotasunaren mezuarekin hasi ziren. Ondoren, adierazpenak baino ekintzak behar zirela. Ekintza ezaren iragarpenak suposatzen duen ekintza erraldoia bera mespretxatu dute. Alta, ez nahikotasunaren mezua agorturik eta euskal jendartearen aurrean ezker abertzalea irabazten ari den sinesgarritasuna kontutan hartuz, azkenean Sorturen estatutuen urratsa aitortu behar izan zuten, baita Patxi Lopezek Sorturen legalizazioa nahi zuela esan ere. Halakoak entzutea behar zituen gure Herriak eta horretarako jantzi zuten mozorro aproposa.
Inauteriak iritsi ordea eta beti alderantziz jokatu ohi duten horiek mozorroa kendu eta bere eskaintza gordinki azaldu digute: atxiloketak, tortura eta ilegalizazioa….Euskal jendarteak halakoak ezagun baditu ere, txundituta agertzen da Estatuaren jarreraren aurrean, inork ulertzen ez duen jarduera baten aurrean. Garai berriak datozela iragartzen dizkigu Lopez Lehendakariak garai zahar eta gogorrenen tortura testigantza errepikatuak irakurtzen ditugun bitartean. Sortu legalizatzea ona litzatekeela esan baina bi salaketa oso sartzen dituzte. Horiek bai hitza eta ekintzen arteko ezberdintasuna.
Tolosako inauterietara mozorrotu gabe joaten denari begiratzen zaion bezalaxe begiratzen dio euskal jendarteak estatuaren mozorrorik gabeko erasoaldiari. Urduri dabil eta berriz ere zuzenbide estatu demokratiko baten mozorroa janztea ahaztu zaio. Agerian geldituz, sinesgarritasuna galtzen jarraituz eta epe motzeko ustezko aurrera urratsekin epe luzeko bere galbidean sakonduz.
Egia da bitartean gu geu(lariak), mozorrotuta ere, biluzik sentitu garela astindu gaituen erasoaldi honetan. Batzuk mozorrorik gabe eta besteak berriz biluzik eta kale gorrian bageunde bezala. Badakigu ordea gure herria biluzik sentitu ez dadin asmo berri bat jorratzen hasia dela, askatasunaren soineko edo alkandora josteko lanean hasiak direla eragile ezberdinak, baita herritarrak asmo hori indar biziz bultzatzen eta babesten ere.
Mozorrorik gabekoak biluztea eta argudiorik gabe uztea behar du gure zeregina. Baina bereziki, guk behar ditugun jantziak prestatzen hastea eta gureari ekitea behar du lehentasuna.