Altsasukoen aldeko manifestazioa gaurko prentsan
Altsasukoen aldeko manifestazioa gaurko prentsan –
Jende uholdea izan zen atzo Iruñeko kaleetan Altsasuko gazte zigortuei babesa agertzeko, eta berau izan da Euskal Herriko hedabide gehienen azaleko lehen berria gaur.
Ez guztiena, ordea. Diario de Navarrak, milaka eta milaka lagun bildu zirela onartu arren –“Decenas de miles de manifestantes piden la libertad de los condenados de Alsasua”, dio azalean-, nahiago izan du ordu eta toki berean izan zen maratoiko argazkia agertu -Diario de Noticiasek bai, manifestazioaren argazkia darama azalera: “Clamor de justicia”-, eta Vocentoko bi hedabide nagusiek, El Correo Español eta El Diario Vascok, ez dute azalera eraman atzoko manifestazioa. Garak, bere aldetik, azal bikoitza eman dio berriari, oso garrantziskotzat jotzen dituen gaiekin egin ohi duenez.
Manifestazioan bildu zen jende saldoa kontatzerakoan izan da borrokarik, eta hala islatu da hedabideetan ere. Iruñeko udaltzainek emandako kopurua hartu du aintzakotzat Diario de Navarrak, 30.000 lagun, eta antolatzaileen esanei egin diete jaramon Berriak eta Argiak, 80.000 lagunetik gora. Garak, historikotzat jo eta inoiz Iruñean egin den jendetsuenetakoa izan zela azpimarratu du.
Gara (Mikel Zubimendi): «Izan bitez Iruñeko kaleak Altsasuko gazteentzat etorbide»
Argia (Xabier Letona): «80.000 pertsona baino gehiagok arbuiatu du Iruñean Altsasuko gazteen aurkako epaia»
Berria (Joxerra Senar): «Elkartasunak gainezka egin du»