Jose María Arguedas: “Punguaren ametsa” (Itzulpen saio bat kitxuatik)

Jose María Arguedas: “Punguaren ametsa” (Itzulpen saio bat kitxuatik) –

“Ni ez naiz akulturatua. Ni, deabru zoriontsua bezala, indioz eta kristauez, kitxuaz eta gaztelaniaz mintzo naizen perutarra naiz. Hizkuntza artistiko ere bihurtu nahi nuen neure barruko izate neure-neurezko hori… Eta badirudi halako adostasun aski zabala ere dabilela, bazterretan hor gaindi, den gutxieneko arrakasta bederen lortua dudala ahalegin horretan.” (Jose María Arguedas)

.

Hona ekartzen dut “gauza” bat. Kostata atrebitu naiz aspaldi bateko ahalegina apur bat orrazten eta orain hemen agertzen. Jose Maria Arguedas perutarraren Punguaren ametsa dugu, euskaraz.

Ohi zuen bezala, kitxuaz argitaratzen zuena, erdaraz ere ematen zuen, beti alde txiki batzuk bien artean, noski, egilea beti bera izateak ematen zion askatasunetik.

Garai bateko “ikaste-ariketa” baten emaitza birbisitatua da hau, Arguedasen bi emankizunak (espainolez nahiz kitxuaz) parez-pare, ikasten, estudiatzen, irakurtzen, idazten eta, hitz batean “letrekin berotzen” ari nintzen aspaldiko hutsarte batetik hona berriro ekarria.

Espainola ondoan neukala kitxua ikasi nahiean irakurritakoaren berridazketa da hau, zerbait izatekotan ere. Kitxuatik eta espaineratik aldi berean itzulita, nahiz ez, seguru, modu erabat ekilibratu batean… Ordutik hona, halere, kitxuazko testuan zuzenean pixka batean hobeki sartzen ikasi dudalakoan, orrazketa batzuk egin ditut eta… “Azarkuntzeak uxa bez beldurra…”

Debilidade dut nik kitxua, egiaz. Kitxua ez baita nire hizkuntza, ez eta nire arbasoen hizkuntza ere. Baina bai nire semeen arbaso batzuren hizkuntza eta, hola esatekotan, neure semeetatik heredatua dut nik kitxuaren alderako interesa. Eta begirunea.

Hortaz, gauza batzuk sinesten dituen euskaldun baten aldetik horrenbesteko ahalegina merezi duelakoan, honatx. Ez al du itsusiegi emango.

.

PUNGUAREN AMETSA (1)

(El sueño del pongo / Pongoq mosqoynin)

(Itzulpen saio bat, kitxuatik)

__________

 

Nagusiaren etxaldera abiatu zen gizonttoa. Morroia zenez, pungu-aldia, hau da, landa-egoitza handiko zerbitzari-txanda, betetzera zihoan. Txikia zen, erkina gorputzez, ahula kemenez, arlote itxurakoa edonondik ere. Zaharrak zituen arropak, piltzarrak baino ez.

Gizonttoak jauregiko korridorean ugazaba agurtu zuenean, ezin eutsi izan zion honek farregurari.

—Gizakia haiz hi? Edo beste edozer, beharbada? —galdetu zion, han bertan lanean ari ziren zerbitzuko gizon eta emakume guztien aurrean.

Bere buruaz lotsaturik eta apal erantzun zion punguak. Eta han geratu zen, beldurturik, izotzezko ziruditen bere begi haiekin, geldi.

—Ea!! — esan zuen ugazabak— sukaldeko lapikoak garbitzen jakingo al duk behintzat… edo esku ezteus horiekin erratza astintzen bederen bai!!!… Ken iezadak begietatik kanpora zabor ustel hori!! —agindu zion etxaldeko langileburuari ugazabak.

Belaunikatu eta eskumuinkatu zuen punguak ugazaba, eta sukalderaino jarraitu zion gero langileburuari, urratsean konkortuta.

Oso txikia zen pungua gorputzez, baina bazuen gisako gizon baten ainako indarra eta ongi burutzen zuen beti agintzen zioten dena. Halere, halako izutu aire bat ageri zuen beti bere aurpegiak. Etxeko morroi batzuk farre egiten zioten itxura ikaratu horrekin ikusten zutenean; beste batzuk, berriz, hartaz errukitzen ziren. «Umezurtzetan umezurtz; bere begietako hotz hori, bere bihotzeko tristura bare hori… Ilargiko haizearen kume dira horiek, alajaina!», horrela irten zitzaion berehala sukaldeko andre mestizoari gizonttoa ikusi bezain pronto.

Gizonttoak ez zuen inorekin hitz egiten; isil-isilik egiten zituen bere lanak; isil-isilik jaten ere zuen. Isil-isilik beti dena. Agintzen ziotena betetzen zuen, «Bai jauna, bai andrea» motx-motxa, besterik esan gabe.

Beharbada izuti itxura zuelako, eta jantziak zeharo piltzartuta, edo beharbada hitz egin nahi ez zuelako, inoiz ez bezalako erdeinu zekena hartu zion ugazabak gizonttoari. Iluntzero, morroiak etxeko korredore luzean «Agur María» errezatzera biltzen zirenean, orduantxe jarduten zuen ugazabak pungua bereziki martirizatzen. Gainerako morroien aurrean beti, amaraun itogarri bati eragin nahiean bezala.

Burutik oratzen zion eta beherantz erakartzen zuen, belauniko jarrarazteraino; eta horrela, jezarririk jarria zuelarik, eskuzarta txikiak jotzen zizkion masailean.

—Txakurra haiz hi, nik uste —esaten zion—. Zaunka egin ezak!!

Gizonttoak ezin zuen zaunkarik egin.

—Lau zangotan jar hadi! —agintzen zion orduan ugazabak.

Punguak esana egiten zuen eta urrats batzuk egiten zituen gero, lau hankatan.

—Korri albokara! Txakurren gisara! —jarraitzen zuen ugazabak nahitara aginduak ematen.

Gizonttoak bazekien punetako [bortuetako] txakur txikien gisara lasterka egiten.

Gogotik egiten zituen orduan ugazabak farreak, eta gorputz osoa astintzen zitzaion farre lodietan lehertu beharrez bezala.

—Itzul hadi! Erdu hona!— egiten zion oihu, morroia korridore luzearen muturrera iristean.

Albokara lasterka itzultzen zen berriz ere pungua, neka-neka eginda.

Bien bitartean, «Agur Maria»ka segitzen zuten gainerako morroiek, otoitzean, astiro, bihotz barneko haize mantsoaren antzera.

—Orain jaso belarriak, tente, bizkatxa! Bizkatxa haiz orain! Bizkatxa halakoa! —agintzen zion ugazabak gizontto etsituari— Eseri bi hankatan, eskuak elkarlotuta, bizkatxen antzera!!

Eta amaren sabeletik beretik zerbaitek bizkatxaren berezko izana erantsi eta txertatu balio bezala, animaliatxoaren planta peto-petoa egiten zuen orduan punguak, bizkatxaren figura berdin-berdina, bizkatxa txikiak harkaitz gainean otoitzean bezala zutik, geldi, erne eta dandai kulunkan daudenean bezala.

Belarriak, baina, ezin zituen zutitu… Farre algaran hasten ziren orduan gainerako morroi guztiak ere.

Gero, ostikoz poliki jota, ez zakar, korridoreko adreiluen gainera etzanarazten zuen gizonttoa ugazabak.

—«Aitagurea» erreza dezagun! —agintzen zien ugazabak iladan zain zeuden bere indiarrei.

Ahal bezala zutitzen zen orduan pungua, nekez, baina berak ezin zuen otoitzik egin, bera inoiz ez baitzegoen otoitzerako zegokion lekuan… Lekurik batere ez baitzegoen berari zegokionik…

Ilundutakoan, korredoretik patiora jaitsi eta etxaldeko baserrira abiatzen ziren morroiak.

—Hoa, txotxo, hoa hi ere! —agintzen zion orduan ugazabak punguari.

Eta egunero zen horrela, egunean eta egunean berdin: gainerako morroien aurrean ihalozkatzen zuen nagusiak pungua. Farre egitera behartzen zuen, edo negar-marraska itxurak egitera, edo… zernahi!

Guztien farregarri erabiltzen zuen beti, nahitara, eta haren kideen burlagarri merke ere bilakatu zuen horrela ugazabak, halabeharrez.

Baina… arratsalde batean, «Agur Maria»-ren garaian, etxaldeko lagun guztiak korredorean zeudelarik eta nagusia ohi bezala punguari zeiharrez begirakune mutiriaz jada “bazetorrela” so egiten hasia zitzaiolarik, hizketan hasi zen pungua, inoiz ordu artean ez bezala, argi eta goitik. Izu larria ezagun zuen bere aurpegierak hizketan hasi zenean.

—Jaun gorena, eman biezat berorrek bere baimena, arren bai arren, hitz erdi txiki batzuk egin nahi bainizkioke neure aitatxo horri —esan zuen.

Ugazaba ezin sinetsita zegoen hura entzunda…

—Zer? Hik hitz egin didak, ala beste inor ari ote zait? —galdegin zion.

—Bere baimena, mesedez, eman biezat berorrek, aitatxo nireak, hitz egin diezaiodan. Berorri hitz egin nahi nioke, otoi —eskatu zuen punguak berriz ere.

—Hitz egin ezak… baldin hizketan badakik ere, bederen —erantzun zion nagusiak.

—Nire aita, nire bihotzeko jaun nirea —hasi zen gizonttoa—, amets egin nuen bart gauean, gu biok hilak ginela; elkarrekin, aldi berean hilak ginela gu biok.

—Neurekin batera hi? Hi? (2) Ia, konta ezak hori, indioa! —esan zion ugazabak.

—Gizon hilak ginenez, neure jauna, biluzik geunden biok, elkarren ondoan biok; gure Aita San Frantziskoren aurrean biluzik.

—Eta gero zer? Esan ezak! —agindu zion ugazabak jakinminez, haserre bizian bezain urduri larrian.

—Gure Aita San Frantziskok elkarrekin, biluzik, hilik, ikusi gintuenean, noraino iristen eta noraino ikusten duten ezin jakin ahaleko bere begi zorrotzez aztertu gintuen, xeheki. Berori eta biok aztertu gintuen, bai, eta gutako bakoitzaren bihotza eta gutako bakoitza zer izanak ginen eta zer garen arreta handiz miatu zuen. Edo hala ari zela iruditu zitzaidan niri behintzat… Berorrek, nire aita jaun horrek, gizon handi eta aberatsa denez, buruz buru eutsi zien haren begiei, tinko, aurrez aurre begira.

—Eta hik, ordea?

—Ezin dut nik jakin nola nengoen, jaun handia. Ez dago nire jakitean nire balioa…

—Ondo duk hori. Segi kontatzen.

—Orduan, segituan, gure Aita handiak honela esan zuen bere ahotik. “Aingeru guztietarik, datorrela ederrena, eta aialdeko eta lagun egin diezaiola horri beste aingeru txikiago eta ezin berreginago batek. Eta aingeru txiki horrek urrezko kopa bat ekar dezala, eta urrezko kopa hori txankakazko eztirik gozo eta gardenenaz betea izan dadila”.

—Eta orduan? –galdetu zuen ugazabak.

Inguruko morroi indiarrak adi zeuden ordurako, punguari dena belarri jarrita. Erne zeuden… eta beldurrez ere bai

—Aitatxo jaun nirea, nire nagusi jaun hori: orduan gure Aita San Frantziskok hura agindu ez ahal zuelarik ia, segituan agertu zen aingeru bat, dirdirka, eguzkia bezain altua, eta gure Aita San Frantziskoren aurre-aurreraino iritsi zen, ibilgune lasaian, astiro… Eta aingeru eder handi horren atzetik aingeru txikia ere etorri zen, ederra, lerdena, loreen dirdaia bezain argi goxotan bildua eta inguratua zirudiela. Urrezko kopa bat zekarren aingeru txikiak eskuetan.

—Eta orduan?? —estutu zuen ugazabak, arbinduta.

«Aingeru nagusia: urrezko kopako eztiaz estal ezak zaldun handi hau; eta luma samurrak bezain leunak izan ditzaala beti hire eskuak haren gorputzetik igarotzean, laztankiro». Horrela agindu zion gure Aita San Frantziskok aingeru goitiarrari. Eta horrela, aingeru goresgarriak, esana zioten bezala, bere eskuetan eztia jaso eta ezti gozoaz margotu zuen berorren gorputza, oso-osorik, burutik hasi eta oinetako azken azkazaleraino, ezti gozoaz estaliz. Eta zutitu zen orduan berori, gora, handi, eta  berez ohiko duen handitasunetik are oraino gorago barreiatu zen berorren gorputzaren argitasuna zeruaren argi erlantzean, itsugarrizko urregorria balitz bezala.

—Behar den bezala, noski!! —esan zuen ugazabak, eta derrepentean galdetu:

—Eta hiri?

—Berorrek zeruan gora eskuzabal eta naro distiratzen zuelarik, gure Aita San Frantzisko handiak, beste agindu bat gehiago eman zuen: «Zeruko aingeru guztietan kaxkarrena, arruntena eta ziztrinena etor dadila orain nire aurrera, eta ekar dezala aingeru horrek gasolina ontzi bat gorotzez betea».

—Eta orduan?

—Gehiago ezertarako ez zegoen aingeru korrokoildu bat inguratu zen orduan gure Aita Frantziskoren aurreraino; xahartua zen, eta bere hegal erori eta abailduei eusteko kasik indarrik ere gabea. Ozta zebilen oraino bere oin ezkatatsuen gainean. Leher eginda bezala etorri zen aingeru xaharra, ontzi ttarrotxo bat nekez ere eskuetan zekarrela.

“Aizak, xaharra!! —agindu zion gure Aita San Frantziskok gizaxo horri— ekarri duan gorotzaz gizontto honen gorputza igurtz ezak; goitik behera, ahal duan moduan, baldar horrek, baina oso-osorik estali behar duk gorotzez, hutsunerik batere gabe. Aguro!”. Orduan, ontzitik eskutadaka atereaz, gorotzez estali ninduen aingeru zaharrak bere adabegizko esku iharrez, lardatsean, arau gabe, etxe zahar arruntaren hormara lokatza jaurtikitzen den gisan, neurri eta ganora gabe. Eta ahalgetuta agertu nintzen ni orduan zeruaren argitasunean, gorotz kiratsa orotarik zeridala…

—Eta halaxe izan behar zian, noski —berretsi zuen ugazabak—. Jarrai ezak! Edo horrenbestez bukatu zen kontua, beharbada?

—Ez, nire aitatxo, nire jaun nirea, ez zen kontua horrenbestez bukatu. Orduan, hasierako biluztasun hartaz hain bestela geundelarik orain, biok paratu ginen berriz ere gure Aita San Frantziskoren aurrean. So egin zigun berak, luzaroan, berorri eta neroni. Zerua asetzen zuten bere begi haiekin, ez dakit nik norainoko barren iritsi zitzaigun sakonean bioi, bere begirakune hutsaz gaua eta eguna, oroimena eta ahanztura berdintzen eta orobatzen zituelarik. Eta honela esan zigun, orduan: «Egina dute zuekin aingeruek egin beharrekoa eta bukatua da beraien lana. Zuen aldia da hemendik aurrera: miazka ezazue batak bestea. Elkar limika ezazue. Astiro egizue, luzaroan, poliki dasta ezazue!».

Gaztetu egin zen orduan aingeru xaharra. Eta galdutako kolore beltz bizia eta higatutako kemen sasoitsua berreskuratu zituzten orduan bere hegalek.

Eta Gure Aita San Frantziskok agindua eman zion aingeru zaharberrituari,  zeharo eta bururaino kunpli zedila osorik bere epaia.

Jose María Arguedas: "Punguaren ametsa" (Itzulpen saio bat kitxuatik)

________________

(1) Nahikoa duda egin dut euskaraz “pongo” edo “pungu” idatzi… “Pongo” erabiltzen  du erdaraz eta kitxuaz Arguedasek, garai bateko idazkera pentabokalikoan (a, e, i, o, u). Gaur egungo aukera tribokalikoan, halere (a, i, u), “pungu” beharko luke (mosqoynin-ek musquynin behar duen bezala. Zer pentsatu eman izan dit Garabide-k inoiz egin duen aukerak: “kitxua” erabiltzen baitu euskaraz Ekuadorreko “kitxua“rentzat, eta “ketxua“, berriz, Perukoarentzat. Ezin esan, halere, horrekin bat natorrenik. Aukera tribokalikoa egina da deliberatuki Ecuadorren, Bolivian eta Argentinan (Santiago del Esteron).  Eta Perun bertan ere, Cuzcoko Akademiaren aukera baino ez da pentabokalismoa,  neo-inkanismo folklorizatu batean itota eta turismoaren zerbitzuko hondatzen ari den herri baten egitatezko  hizkuntzaren kaltetan.

Ixtorio zailetan sartu gabe (linguistikoak baino gehiago baitira politikoak eta ideologikoak horkoak), Akademiak eramaten duen politika guztiz diglosikoa da (“zentzu greko” zaharrean): 1) herritarren kitxuak ez du balio, ez baita purua;  eta 2) testu zahartu ahantzizuloetatik nahiz kaskoak ematen dien bezalako qapaq simi (“Hizkuntza Gorena, Aberatsa, Joria”) asmatzen segitzen dute, zerupean inork ulertzen ez duena, baina inkanatoaren kintaesentzia antzestral formatibo  prehispanikoak mirakuluzki berragertzen omen dituena.  Akademia, hitz gutxitan, medikuz, abokatuz eta hizkuntzari buruzko oso prestakuntza eskas eta gehienetan tamalez farregarria  agertzen duten kitxuazale eta mundutik erabat deskonektatuta dauden  neo-inka kitsch-ez osatuta dago. Hizkuntzaren normalizazio bideak bere gain dituen Kultura Ministeritzaren errekonozimendu ofizialik ez du, edozein hizkuntza akademia partikularrek lukeen baino gehiagokorik, eta, areago, salaketak ere izanak ditu gainerako hizkuntzen alderako jarrera eta adierazpen ofizial aski supremazistak  agertuak dituelako inoiz. Izan ere, hizkuntza gutxituen arteko klasismoa ere handia izan da. Garai batean, adibidez, benetako kontzentrazio zelaiak eraiki zituen Sendero Luminosok oihanaldeko ashanikak atxilotzeko (emazteak bortxatzeko eta aitarik gabeko haur soldaduak “produzitzeko”). Derrigortuak zeuden horietan ashanikak kitxuaz egitera, batere beren hizkuntza ez dutena.

Akademiaren qechua simi-a,   bestela esanda, ez da Peruko kitxua, eta bai Cuzcoko talde txiki baten maratila identitario aski soberbioa, burgesia txiki eta adinez ere zahartu baten bandera;  behar eta gabe, kasura etorri eta gabe, “cuzqueñidadea” dela-eta etengabe astindutakoa.

Cuzcon bertan ere, hezkuntzak (kitxuaz dabilen neurri gutxian, hori bai) tribokalismoaren hautua egina du. Pentabokalismoa, kitxuan (a, e, i, o, u) espaineraren mitotik iritsia da: espainera hizkuntza argia da eta ikasten erraza da bost bokal dituelako eta “ahoskatzen den bezala idazten delako” (esan dezagun turistentzat espainolezko eskolak ematetik bizi direla Cuzcoko Kitxua Akademiakoen erdiak…). Hurrena, eta kontrako bultzadan, hartutako jarreraren defentsak musika hau jotzen du: “ hiru bokal ezartzen dizkigute atzerritarrek eta kitxua amaren ugatz inkanotik edoski ez duten hizkuntzalari eroxkek, gure arbasoen kitxua goxo eta orojakilea umilatu nahi digutelako”. Ez dut uste euskaraz “ketxua / kitxua” bitasuna onartu behar dugunik.

Eta kalaka hori dena, barka, euskaraz “pungu” aukeratu dudala esateko.

(2) Pluraleko lehen pertsonak bi izenordain ditu kitxuaz (Ekuadorreko kitxuan galdua da hori, ordea): ñuqayku (baztertzailea) eta ñuqanchis edo ñuqanchik (barneratzailea). Aukeran, euskarazko “-ok” forma pluralaren antzera da, baina “zorrotzagoa”: punguak ugazaba gora eta morroi apala, biak nahasian, gainerako guztietatik bereiz taldekide egin dituela ikustea, ezin eramanezko eskandalua da ugazabarentzat, parez pare jartzen zaiolako “indioa”. Labur esanda, errespetua, begirunea, adeitasuna “baino” adierazten ez duten mila atzizkiz betea dugu kitxua, guk ordain gramatikal eta lexiko zuzen argirik ozta ikusten diegunak.

Etxaldeetako lurjabeen kitxuari “gamonal” esan izan zaio (hitz “arriskutsua” da, berehala abisa dezadan, eta kasik sozialki tabu) eta, beste askorekin batera, “goitik behera, paternalismo larderiatsuaz” mintzatua dela erakusten du adeitasunezko atzizki horien faltak.

Itzulpen saio bat kitxuatik Itzulpen saio bat kitxuatik Itzulpen saio bat kitxuatik Itzulpen saio bat kitxuatik Itzulpen saio bat kitxuatik Itzulpen saio bat kitxuatik Itzulpen saio bat kitxuatik Itzulpen saio bat kitxuatik Itzulpen saio bat kitxuatik Itzulpen saio bat kitxuatik Itzulpen saio bat kitxuatik Itzulpen saio bat kitxuatik Itzulpen saio bat kitxuatik Itzulpen saio bat kitxuatik Itzulpen saio bat kitxuatik Itzulpen saio bat kitxuatik  Itzulpen saio bat kitxuatik Itzulpen saio bat kitxuatik Itzulpen saio bat kitxuatik Itzulpen saio bat kitxuatik
Kitxua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude