Justiziarik ez Altsasuko gazteentzat

Justiziarik ez Altsasuko gazteentzat –

Euskal herritarrez trufatu dira berriz Madrilen. Altsasuko gazteentzako askatasuna eta Justizia aldarrikatuz Iruñean bildu ginen 50.000 lagunei muzin egin digute. Poliziaren muntaia ontzat eman dute epaileek eta denetara 79 urteko kartzeko zigorra ezarri die Altsasuko gazteei. “Kalteak, desordena publikoa eta mehatxuak” eta “agintearen aurkako atentatu” delituak leporatu dizkie Espainiako Auzitegi Nazionalak zortzi gazteei. “Nagusitasun abusu eta gorroto” larrigarriak ezarri dizkiete, gertakariak “arrazoi ideologikoengatik eta Guardia Zibilarenganako gorrotoagatik” eman zirela argudiatuz. Arrazoinketa guztiz politikoa, epaiketa politiko batean.

Kartzela zigorraz gain, lesioengatik 9.200 euro ordaindu beharko dizkiote tenienteari. Sarjentuari ostera, 3.700 euro ordaindu beharko dizkiote, eta bi hauen bikoteei 6.100 euro buruko. Are gehiago, teniente eta sanjentuaren bikotekideei, hurrenez hurren, 45.000 eta 25.000 euro ere ordaindu beharko dizkiete “ondorio eta kalte moralengatik”. Ez dago Justiziarik Altsasuko gazteentzat. Beraien Eskubide Zibil eta Politikoak ukatu zaizkie epaiketa justu bat ukatu zaienean. Sententzia onartezina da. Erantzun beharra dago.

Salbuespen epaitegia, salbuespen legeak… eta ondorioz, halako epaia. SALBUESPENA da Euskal Herrian aspaldidanik bizi dugun egoera. Egoeraren arabera, errepresioa zurian edo beltzean aplikatzen du Estatu espainolak. Altsasuko gazteen kasuan, beltzeen artean beltzena aplikatu diete eta, hemendik aurrera beraiekiko elkartasuna zigortuko dute.

Honek guztiak argi adierazten du ezin garela konformatu urteetan Euskal Herrian ezarri diren salbuespen politikak eta hauek aplikatzeko garatu diren bitartekoak ez aplikatzearekin edo malgutzearekin, indargabetu behar dira guztiak.

Ez dela terrorisamoa esan dute, baina Madrilen epaitu dituzte, tribunal berezi batek epaitu ditu eta izugarrizko zigorrak jarri dizkie. Ez dugu onartzen, hori ez delako Justizia.

Eskubide zibil eta politikoak errespetatuak izatea nahi badugu, horren alde borrokatu behar dugu. Ainara, Aritz, Adur, Jokin, Iñaki, Oihan, Julen, Jon Ander, Aratz, Nahia eta Aitor LIBRE nahi ditugu eta horretarako guztion eskubideen alde borrokatu behar dugu.

Kondena bidegabea da Altsasukoen kasoan eta neurtuagoa Oreretako kasuan, baina bietan sententziek Espainiar estatuaren izaera antidemokratikoa azaleratzen dute. Dei egiten diogu euskal jendarteari ondorengo egunetan izango diren deialdietan parte har dezan.

Gure Eskubide Zibil eta Politikoak non daude?

ALTSASUKOAK LIBRE!

.

Eleak/Libre mugimendua

Justiziarik ez Altsasuko gazteentzat
Andoni Colina.
Justiziarik ez Altsasuko gazteentzat

Zer duzu buruan “Justiziarik ez Altsasuko gazteentzat”-ri buruz