Euskararen aurkako manifestazioaren aurkako manifestua

Euskararen aurkako manifestazioaren aurkako manifestua –

Manifestu honen bidez LAB sindikatuak adierazi nahi du goitik behera errefusatzen dituela ekainaren 2ko manifestazioaren bultzatzaileek haizatu dituzten arrazoi eta argudioak[1], ulertzen baitugu zabaldu zuten testu txiki hartan ez dagoela tokirik zinismo eta faltsukeria gehiagorendako, hizkuntz gutxitu bat babestera bideraturiko hizkuntz politikaz ari baldin bagara.

Euskararen aurkako manifestazioaren aurkako manifestua

Deialdia jakin bezain laster, pertsona askok erran zuten “euskararen aurkako manifestazioa” zela. Hala ere, sustatzaileek —hiztegietan azaltzen duten excusatio non petita accusatio manifesta bat goitik behera betez— aurre hartu nahi izan zioten kritika horri eta beren lehenbiziko paragrafoan adierazi zuten ez dutela “euskararenganako batere fobiarik” sentitzen. Gure aldetik, onartuko dugu hori halaxe dela, benetakotzat joko dugu ez dutela euskararenganako fobiarik. Hori bai, oso garbi dugu ezin dituztela ikusi ere egin egunero, erreserba indioetatik at, euskaraz bizitzea eta beren hizkuntz eskubideak praktikan jartzea aukeratzen duten milaka nafarrak.

Areago, zinismoaren gailurra zapaldu zuten erran zutelarik beraiek ez luketela onartuko “euskaldunek jasatea ezein bazterketa legal, laboral edo sozial”. Zinismo ikaragarria haiena, kontuan izanda euskaldunen aurkako bazterketa hori mendetan gertatu izan dela eta gaur egun ere gertatzen ari dela, 2018ko gure Nafarroa honetan. Ez ote da bazterketa legala nafar euskaldunek beren hizkuntz eskubideak praktikan jarri ahal izatea Nafarroan duten bizitokiaren arabera? Ez ote da bazterketa laborala irakasle euskaldunek ezin hartzea beren espezialitateko baina hizkuntz profil ezberdineko bertze plaza bat, nahiz eta hizkuntz profil horren agiria izan? Ez ote da eskubide zibilen urraketa pediatra erdaldun elebakarrek haur euskaldun elebakarrak artatzen segitzea?

Euskaldunen kontrako manifestazioaren sustatzaileek behin eta berriz aipatzen dituzte “gaztelaniadunak” [“castellanoparlantes” jatorrizkoan] eta “euskaldunak [“vascoparlantes” jatorrizkoan], bi komunitate arras ezberdinetako herritarrak balira bezala, edo Nafarroa Garaiko heldu euskaldun guzti-guztiek gaztelania ere ez balekite bezala. Auzo lotsa ematen du agerikoa dena etengabe azaltzen ibili behar izateak, baina bertze erremediorik ez badago, azpimarratzen jarraitu beharko dugu lanpostu publikoak hartzen dituzten euskaldunen %100ek badakitela gaztelaniaz egiten; eta, beraz, langile euskaldun elebidun horiek direla Nafarroako herritarrak Nafarroako bi hizkuntzetan artatzen ahal dituzten bakarrak.

Batere lotsarik agertu gabe, euskaldunen aurkako manifestazioaren sustatzaileak Hizkuntza Gutxituen Europako Itunaren 1. artikulua aipatzen ausartu dira, pentsatzen dutelako, edo pentsarazi nahi digutelako, artikulu horrek arrazoia ematen diela gure hizkuntza gutxituaren, euskararen, babes eta sustapen neurriei mugak jartzen eskatzeko tenorean. Espainiako Erresumak 1992an sinatu zuen itun hori, eta 2011n berretsi, eta bertan agertzen diren esaldi askok eta askok lurrarekin berdintzen dituzte manifestazioaren sustatzaileen asmoak. Gehiegi ez luzatzeko, guk bi baino ez ditugu aipatuko:

  • Aitzinsolasaren hirugarren “kontuan hartuzkoa”: “Kontuan harturik eskualde hizkuntza bat edo hizkuntza gutxitu bat bizitza pribatuan edo publikoan erabiltzeko eskubidea ezin dela inoiz preskribatu, halaxe ezartzen baitute Nazio Batuen Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren printzipioek, eta horrekin bat egiten baitu Giza Eskubideen eta Oinarrizko Askatasunen Babeserako Europako Kontseiluaren Hitzarmenaren espirituak”.
  • 2. artikulua: “(…) Eskualdeetako hizkuntzen edo hizkuntza gutxituen aldeko neurri bereziak hartzea, hizkuntza horien hiztunen eta bertze herritarren arteko berdintasuna sustatzera bideratuak eta beren egoera berezia kontuan hartzera bideratuak, ezin izanen da hizkuntza zabalduagoko hiztunen aurkako bazterketa ekintzatzat hartu”.

Zentzugabekeriarekin jarraituz, Giza Eskubideen Europako Konbentzioa aipatzen dute, eskatzeko ezin dela hizkuntzagatik inor baztertu; baina hori egitean, gaztelania dute buruan —hizkuntzarik zabalduena, hizkuntza hegemonikoa, munduan 570 milioi hiztun dituena—, eta ez euskara —hizkuntza gutxitua eta gutxiagotua—. Hartara, zitalkeria honi guztiari mozorroa kentzeko balio baldin badu, guk erronka jo nahi diegu Nafarroako gaztelaniadun elebakarrei, Giza Eskubideen Europako Auzitegira joan daitezen eta, aurpegian iribarrerik txikiena ere agertu gabe, esplika dezaten zer nolako bazterketa ari diren jasaten Nafarroan euskara ez jakiteagatik.

Euskarafoboek diote ez dutela onartuko euskara lan egiteko baimen bilakatzea. Eta ezin uka zehaztasun osoz adierazi dutela esaldi hori; izan ere, gaurko eguna arte, ate gutxi ireki baititu euskarak foru Administrazioan. Nafarroako Gobernuak berak 2017ko azaroan onartu zuenez, “16.000 funtzionario baino gehiagoko talde batean 160 baino gutxiago dira profil elebiduna duten lanpostuak”. Alegia, Hezkuntza alde batera utzita, profil elebiduna duten lanpostuak ez dira %1era ere ailegatzen. “Kasurik aipagarriena Nafarroako Ospitalegunea da, 6.142 lanposturen artean bakarra baitu euskara balioesten duena”.

Lanpostuen %1 ere ez. Herritarren %13 euskaldun elebidunak eta %10 euskaldun hartzaileak diren Nafarroa batean. 80.000 nafar horiek (140.000, hartzaileak batuz gero) eskubidea dute foru Administrazioari nahi duten hizkuntzan zuzentzeko, edo Administrazioa haiei zuzentzeko. Baina eskubide hori praktikan jartzeko —eta gogora dezagun Hizkuntza Gutxituen Europako Itunaren arabera eskubide hori ez dela inoiz preskribatzen—, bada, Administrazioari langile publiko elebidunak eman behar zaizkio. Eta bide horretan pertsona elebakarrek ez dute baztertuak sentitzeko eskubiderik, ez baitute lanpostu elebidunak hartzeko gaitasunik, Erizaintza titulua ez duen pertsona batek ospitale publiko batean erizain izaterik ez duen modu berean.

Beraz, %1 horri eustearen alde edo txikitzearen alde manifestatzeak deus gutxi du “elkartasunetik”, “errespetutik”, “eskubide berdintasunetik” edo “ez bazterketatik”. Balio horiek guztiak beren gain hartzen dituzte, lotsagabeki eta merezi gabe, euskaldunen aurkako manifestazioaren sustatzaileek.

Jakin, edozein talde politikok badu nahi duena defendatzeko, errefusatzeko edo aldarrikatzeko eskubidea; baina hori ezin da inolaz ere egin gezurrak erabiliz eta herritarren arteko enfrentamendua bultzatuz[2].

Azkenik, euskaldunen aurkako manifestazioaren bidegabekeriaren eta fanatismoaren aitzinean, guk adierazi nahi dugu ekainaren 2an Iruñean Alternatiben Herriaren aldeko apostua egiten dugula. Alternatiben Herriak bere proposamen eraldatzaile guztien zeharkako ardatz gisa jarri baitu hizkuntz eskubideak bermatzeko aldarri irmoa; Alternatiben Herriak egin baitu “euskararen erabilera soziala sustatzeko” eta “euskarazko ahozko komunikazioa hobetzeko”  normalizazio plan eredugarria; Alternatiben Herriak “euskararen egoeraren kontzientziazio eta sentsibilizazio jarduerak” antolatu baititu; Alternatiben Herriak “euskararen aldeko mezuak” zabalduko baititu; Alternatiben Herriak “euskararen erabilera edozein egoeratan normalizatzeko jarduerak eta materialak” sortu baititu…

Azken batean, Alternatiben Herriak euskarari eta euskaldunei benetako “proiekzio soziala” emanen baitie, manifestazio erreakzionarioaren sustatzaileek nahi duten museotzearen antipodetan dagoen proiekzio bat.

Imanol Karrera (LABen bozeramailea Nafarroan) 

Iñigo Orella (Euskara alorreko arduraduna LAB Nafarroan)

Iruñea, 2018ko maiatzaren 31

[1] Testu honetan beraiek beren lehen manifestuan adieraziriko argudioei erantzuten diegu. Oraingo honetan, alde batera utziko ditugu geroko prentsaurrekoan botan zituzten astakeriak.
[2] Paragrafo hau hitzez hitz kopiatu dugu Erriberako Elkarte Ezkertiarrak (EEE) euskararen aurkako manifestazioaren sustatzaileen “manipulazio latzari” erantzuteko atera zuen komunikatutik.

Euskararen aurkako manifestazioaren aurkako manifestua

Euskararen aurkako manifestazioaren aurkako manifestua

Euskararen aurkako manifestazioaren aurkako manifestua

Euskararen aurkako manifestazioaren aurkako manifestua

LABeko bozeramailea Nafarroan