Mariguanak gol zaporea dauka…

Medinak berean, golak sartzen jarraitu zuen, baina kontrarioen zaleen destain, irain eta biraoak entzuten zituen noranahi zihoala ere. Baloia hanketan hartzen zuen bakoitzean “Mariguanero”! botatzen zioten. 2010eko abenduan, Kolonbiako ligako lauko finaleko azken partidan, “mariguanero”-ak areaz kanpotik erremate bikaina egin eta finaletik at eta negar batean utzi zituen Bogotako Santa Fe talde boteretsuko jokalari, zale eta kazetariak. Kannabisaren espiritua nonbait, Kolonbiako hiriburuko Campin estadioan bere legea ezarriz. Harmailetatik aurrelariaren kontra oihu egiten zuten askok, “bareto” edo mariguana zigarroak zeukaten hatz artean. Liga Caldas taldeak irabazi zuen azkenean, eta Tolima bigarren izan zen. Biek lortu zuten aurtengo Libertadores Kopa jokatzeko txartela.  

Aste honetan hasi dira berriz futbol txapelketa ofizialak Kolonbian, bai liga eta baita Libertadores kopa ere. “Pijao”ek Ronaldoren Corinthians kanporatu zuten, berriz ere Medinaren gol bati esker, eta joan den igandean, Kolonbiako ligari zegokion lehian Bogotako Santa Fé hartu zuten berriz ere, etxean, Ibague hirian. Partida hutsnakoarekin bukatzeko bi minutu eskas falta zirenean, atzelari batek area barruan lurrera bota zuen “mariguaneroa”. Aurrelariak penaltia eskatu eta epaileak ez zuen zalantzarik izan: Atetik 11 metrora dagoen kare arrastora zuzendu zuen atzamarra. Epaileari protesta egin beharrean, Santa Fe taldeko jokalariak Tolimako aurrelaria inguratu eta haren aurkako katramilatan hasi ziren, Medina kikildu nahian. Julio Bogotako taldeko atezaina Medinarengana hurbildu eta honako hau bota zion: -“ze zapore dauka mariguanak, Medina?”- Eta Medinak: -“itxaron apur bat, laister erantzungo dizut eta”- Epaileak penaltia jaurtitzeko baimena eman, Medinak jaurti eta baloiak sarea puztu zuen. Medinak, Julio atezainarenagana hurbildu eta: – gol usaina, txepela, gol usaina! (A gol, hijueputa, a gol) erantzun zion. Tolimak partida irabazi zuen.

(Igor Olaetak ZuZeuri bidalitako albistea)

Wilmer Medina bere gol bat ospatzen

Irudia | Wilmer Medina bere gol bat ospatzen | Ezezaguna | LGPL

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.