Aitzakiak amaitzen direnean

NDQxMA==

Javier Vizcainok bere blogean ondo azaldu bezala, batzuentzat inoiz ez da nahikoa. Atzo, ETAri armak uzteko eskatzea edo ETArekin apurtzea eskatzen ziotenek, gaur “hitzak ez, ekintzak” eskatzen dizkiote Ezker Abertzaleari. Atzo kondena aipatzen zutenek, orain koarentena diote. Eta okerragoak ere entzun litezke nahi izanez gero espainiar ultraeskuinaren leizeetan. Txorimalo asko dago solte. Eta orain, behin Ezker Abertzaleak (Sortu alderdiak) alderdien legea bete eta erakunde armatuarekin loturak hautsi dituenean, zein da arazoa? Zerk ematen die beldur?

Prisa taldearen jarrera txalotu du hainbatek. Juan Mari Gastacak, El País egunkarian, Ezker Abertzaleak gobernuari ilegalizazioa zaila jarri diola argudiatu du (hemen). Helburua beraz ez da legea betetzea, helburua ilegalizatzea da, eta gobernuari jarri dio zaila, ez justiziari. Haiek ere, hainbeste loriatzen duten justizian eta botere banaketan sinesten ez dutela dirudi batzuetan. Iparra galdu dute akaso?

Garbiñe Biurrun Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko magistratuak gaur goizean Euskadi Irratian esan duenez, estatutuak erregistroan aurkezteak nahikoa beharko luke, beste edozein alderdi bezala, Sortu legezko bihurtzeko. Estatutuak “garbiak” direla eta alderdien legearen “izpirituarekin” bat egiten dutela azpimarratu du Biurrunek. Hala ere, eskuinaren presioei men eginda, fiskaltzak “segur aski” errekurritu egingo duela aurreratu du. Ikusiko da.

Sortu da hordagoa, hitzak du indarra eta bukatu dira aitzakiak. Aitzakiak amaitzen direnean, orduan dator urduritasuna, orduan beldurra, Euskal Herria gainera jausiko baitzaie eta ez baitute onartu beste aukerarik izango.

–Erlazionatutako artikuluak: Estatutuak editorialetan

Irudia | Hazia | Wiki | Creative Commons By SA

Ekaitza bainuontzi batean

2 pentsamendu “Aitzakiak amaitzen direnean”-ri buruz