Auzitegi Gorenak Otegiren epaiketa berriro egiteko agindu du

Espainiako Auzitegi Gorenak baliorik gabe utzi du Auzitegi Nazionalak Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideari euskal preso baten omenaldian “terrorismoa goratzeagatik” jarritako bi urteko kartzela zigorra, eta epaiketa berriro egiteko agindu du. Gainera, beste epaimahai batek epaitu beharko du. Juan Saavedra buru duen epaimahaiak hartu du erabakia.

Gorenaren arabera, Angela Murillo epaileak epaiketan aurreiritziekin jokatu zuen eta ez zen inpartziala, Otegiri ea ETAren indarkeria gaitzesten duen galdetu zionean.Gorenak joan den urtarrilaren 26an aztertu zuen Jose Maria Sagardui Gatza presoaren omenaldian “terrorismoa goratzea” egotzita Auzitegi Nazionalak Otegiri iaz jarritako bi urteko zigorra. Fiskaltzak eta Ermuko Foroak eta Dignidad y Justicia herri akusazioek zigorra berresteko eskatu zuten. Aldiz, Jone Goirizelaia defentsa abokatuak presoa libre uzteko galdegin zuen edo, bestela, ahal den zigorrik txikiena ipintzeko.

2010eko martxoan zigortu zuen Otegi Angela Murillo epaileak, eta hamasei urteko inhabilitazioa ere ipini zion. Gatza presoa aska zezatela eskatuz 2005eko uztailaren 9an Zornotzan egin zen ekitaldia eta Otegiren honako hitzetan ikusi zuen delitua Murillok: “[Euskal Herriaren eszenatoki nazional demokratikoa] euskal preso politikoei, errefuxiatuei eta borrokan utzi ditugun beste hainbat kideri zor diegu, eta lortuko dugu!”. Epaiak zioen “inolako zalantzarik gabe, terrorismoa goratzen” dutela hitzok.Goirizelaia defentsa abokatuak urtarrileko saioan esan zuen bere ustez Otegi ez zutela zigortu horregatik. Haren arabera, Murillo ez zen inpartziala izan epaiketan, Otegiri ETAren indarkeria gaitzesten al duen galdetu ziolako -auzipetuak ez zuek erantzun-. “Baiezkoa balio, horrek ondorio ona izango al zukeen?”, galdera egin zuen Goirizelaiak. Ezker abertzaleko kidea 2009ko urritik preso daukate -gaur egun Logroñon (Espainia)-. Batasunaren Mahai Nazionala berrosatu nahi zuelakoan atzeman zuten.

Auzitegi Gorenak Otegiren epaiketa bertan behera utzi du

Irudia | Auzitegi Gorenak Otegiren epaiketa bertan behera utzi du | Ezezaguna | Creative Commons By SA

Elgoibarko Arnaldo Askatu Plataforma