Euskararen (h)Erri Berri(a)n: Lege berria
Euskararen (h)Erri Berri(a)n: Lege berria –
Besarkada beroa emango diegu euskarazko murgiltze eredua eskola berrietan zabaltzea lortzen ari diren familiei. Apirilaren 15ean Erriberrin elkartuko ditugu Antzingo, Tafallako, Barasoaingo, Azkoiengo, Lodosako, Alloko eta Erriberri bertako familiak. Guretzat, egun horretan Euskararen Erriberri izango den tokian, hain zuzen ere, Euskararen Herri Berrian.
2015eko otsailean, Nafarroako Parlamentuan Vascuence Legea aldatu zutenetik, D eredua Nafarroa osoko eskola publikoetan aukeratu daiteke. Ordutik, ehunka familiek aukeratu dute euskarazko murgiltze eredua gaur arte debekatua zegoen herri eta eskoletan. Horietako batzuk, aurrez aipatu ditugun herrietan (Abarzuza, Lezaun eta Zudaire ahaztu gabe), beraien eskoletan D eredua zabaltzea ere lortu dute. Familia horiek onena dena eskaini nahi diete seme-alabei eta, askotan, Erregimenak sustatutako euskarafobiaren gainetik aukeratu dute D eredua, horrela euskarari bidea emanez, bai eskoletan, herrietan, familian, eta baita bihotzetan ere.
Ezin ditugu ahaztu, urte hauetan izena eman arren D eredua beraien eskoletan irekitzea lortu ez dutenak. Gogoan gordeta ditugu Zentronikoko familiak, Mendigorriakoak, Zarrakastelukoak, Larragakoak, Bilatortakoak, Oteizakoak… Saiatu ginen bai, baina Hezkuntza Departamenduaren kalkuluetan ez omen ziren sartzen. Baina tira, gaur helburua ez da atzera begira jartzea, altxa dezagun begirada eta beha dezagun Vascuence Legearen harresiaren beste aldean egon daitekeena nola irudikatzen dugun.
Nafarroako hizkuntza-eskubideen zonifikazioa harresitzar bat da, erortzear dagoen Erregimenaren beste harresi bat, diskriminazioaren adreiluekin eraikia. Harresi horren beste aldean, herri berri bat dugu, lehen esan dugun bezala, Erriberri.
Herri horretan geroz eta familia gehiagok euskararen aldeko apustua egiten du, eta geroz eta eskola gehiagotan dira euskarazko murgiltze ereduko taldeak. Hezkuntza Departamenduak aintzat hartu eta bermatu egiten ditu familien eskaerak, eta ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituen hizkuntza eredu orokortuaren aldeko aurrerapausoak ematen ditu.
Bitartean, egun hauetan beste pitzadura bat ireki da Vascuence Legearen harresian. Aldaezina zirudien Legea nabarmen aldatu da azken bolada honetan. Pasa den ikasturtean Nafarroako 40 udalerri baino gehiagok zonifikazioarekin amaitzea eskatu zuten, eta “inposatutako izonalde ez-euskaldunetik” askatzea lortu zuten. Orain, Batzorde Berezi bat osatu dute Nafarroako Parlamentuan, lege horrek ezartzen duen eskubideen zonifikazioa gainditzea helburua duena. Batzorde horrek, Erregimenaren garai zaharrak atzean uztea helburu duela esan genezake, Euskararentzat Lege Berria idaztea, edo behintzat, euskarari bidea ematea, ofizialtasuna Nafarroa osoan bermatzea. Gobernuak eta Parlamentuak biztanleen eskubideak bermatu behar ditu, argi dago. Horregatik Nafarroako Euskalgintzak, elkarlanean, bere ekarpena egingo du, lege berri horretan mugarik ager ez dadin, mugarik gabeko euskararen alde. Eskubideez ari gara, gure hizkuntzaren ezagutza bermatzeaz, alegia, hori baita elkarbizitzarako bermea.