Hizkuntzakeriaren arrautza (IV)
Hizkuntzakeriaren arrautza –
Sail honetako laugarren artikulu honek, aurreko guztiek bezalaxe, gure artean oso zabalduta daukagun ideologia hiltzaile eta erasotzaile bat salatzeko nahia du: hizkuntzakeriaren ideologia. Ideologia hori hizkuntza hegemonikoa auzoko dituen hizkuntza txikiak baino hobea den uste okerrean oinarritzen da.
Hizkuntzakeriak jotako hizkuntzak hegaztien arteko kukuak bezala jokatzen du. Aurrena, auzoko txoriaren habian bere arrautza jartzen du, baita euskararen ikur bihurtutako txantxagorriaren habian ere, eta, ondoren, arrautza horretatik jaiotako kuku kumeak bezala jokatzen du: inguruan dituen arrautza guztiak habiatik bota eta akabatzen ditu, habian bera bakar-bakarrik geratzeko. Hain zuzen ere, hizkuntzakeriak euskararen habian horretarako jarri du elebitasunaren arrautza.
Gaztelaniaren eta frantsesaren hizkuntzakeriak elebitasun mota bat eta bakarra bultzatzen du: gaztelaniaren nahiz frantsesaren nagusitasuna mantentzea eta betikotzea helburu duen elebitasuna. Elebitasun mota horren arabera, menpeko hizkuntza gutxituak, gurean euskarak, identitatearen funtzioa betetzen du eta, hizkuntza nagusiak, menderatzaileak —gurean gaztelaniak eta frantsesak—, komunikazioaren funtzioa. Elebitasun mota horrek bultzatzen duenaren arabera, hiztunek ez daukate hizkuntza gaitasun berbera gizarteko bi hizkuntzetan. Gaitasun eta erraztasun handiagoa dute gizartean komunikazioaren funtzioa betetzen duen hizkuntza menderatzailean, gizartean erabateko nagusitasuna duen hizkuntzan. Eta gaitasun kaskarragoa, berriz, hizkuntza gutxituan, hizkuntza horretan komunikazioa oztopatu eta ezinezkoa bihurtzerainokoa. Beraz, gizartean ahulagoa den hizkuntzak, gurean euskarak, identitatearen funtzio sinbolikoa betetzen du —euskaldun izatearena— eta, gaztelaniak nahiz frantseak, aldiz, hizkuntza orok duen funtziorik garrantzitsuena, komunikazioarena.
Elebitasun hau menpekotasunezko elebitasuna dugu, hizkuntza nagusiak nagusi izaten jarraitzen duelako eta menpeko hizkuntza gutxituak bere ahulezia eta menpekotasuna betikotzen duelako. Menpekotasunezko elebitasun honen gakoa hizkuntza gaitasunean dago. Izan ere, hizkuntzen arteko menpekotasuna hizkuntza gaitasunean ardaztuta dago, hizkuntza gaitasunaren nagusitasunak hizkuntzaren gizarte nagusitasuna baitakar.
Hain zuzen ere, gaur egun, azaldu dugun menpekotasunezko elebitasun horixe dugu indarrean Euskal Herriaren luze-zabalean, arnasgune gutxi batzuetan izan ezik. Gaur-gaurkoz, gure artean, gaztelaniak eta frantsesak, bakoitzak bere eragin eremuan, erabateko nagusitasuna dute gizarteko komunikazio hizkuntza gisa. Euskarak, aldiz, berbadun berrien artean batik bat eta eremu erdaldunetan bereziki, identitatearen funtzioa bakarrik betetzen du, «gutartasunaren» funtzioa, tribuko kide sentiarazteko funtzioa; eta, eguneroko gizarte bizitzan, berriz, euskararen erabilera oso apala da. Hirigune batzuetan, esate baterako, haizeak orraztu eta zelaitu duen basamortuko hondar xehea bezain zapala da euskararen erabilera: Euskararen Herriko Hegoaldeko lau hiriburuetatik hirutan —Gasteizen, Bilbon eta Iruñean— euskara eta gaztelania ez diren beste hizkuntzak euskara baino gehiago erabiltzen dira kalean.
Beraz, euskararen etorkizuna berezko hiztunekin trinkotutako euskarazko harreman-sareak etxez etxe, herriz herri eta hiriz hiri hedatzean datza. Euskaraz beste edozein hizkuntzatan baino gaitasun eta erraztasun handiagoa duten euskaldunak dira euskararen berezko hiztunak; euskara dutenak beren kolkorako, beren kautarako, barne-mintzo eta gogoetarako tresna. Azken batean, berezko mintzoa euskara dutenak, ardatz-hizkuntza euskara dutenak, euskaratik eta euskaraz bizi direnak. Gaur egun, euskararen berezko hiztunak, bereziki, Amezketa, Aulestia, Leitza eta Azpeitia bezalako arnasguneetan bizi dira eta ugariak dira hamar urte arteko neska-mutikoen artean.
Euskararen berezko hiztunek badute ezaugarri bat: gaztelania ulertzeko hainbestean moldatzen dira, arazorik gabe, baina mintzatzeko ez dute euskaraz adinako erraztasunik. Erdal eremuko hiztun berriei euskararekin gertatzen zaienaren antzera, baina ez neurri berean, askoz txikiagoan.
Hain zuzen ere, Espainiako nazionalismo linguistikoak euskararen berezko hiztun horiek zigortu izan ditu bereziki. Gaztelaniaren nagusitasunaren jagoleek garrantzia ikaragarria ematen diote gaztelania zuzen eta egoki erabiltzeari, jakin badakitelako hor jokatzen dutela gaztelaniaren nagusitasunaren etorkizuna. Horregatik, gaztelania euskararen doinu, ahoskera eta egituratik hitz egiten duten euskararen berezko hiztun horiek gaztelaniaren hizkuntzakeriatik bultzatutako burla eta isekak jaso izan dituzte. Euskararen aurkako hizkuntzakeria bereziki erasokorra eta krudela gertatu zen joan den XX. mendean bizi izan ziren euskararen azken hiztun elebakarrekin. Gaur egun, oraindik ere, euskararen berezko hiztunen memoria kolektiboan iltzatuta dago hizkuntzakeria hura eta gaztelaniarekin arazorik izan daitekeenaren beldur-haize horrek eragina du «erdaraz ongi egiten» ikasteko.
Burla eta barrea botere egiturari lotutako tresnak dira. Gaztelaniaren hizkuntzakeriaren sustatzaileek, umiliazioaren bidez, euskararen hiztun elebakar haiek gaztelania zuzen eta artez ikas zezatela lortu nahi zuten, alde batetik, eta, bestetik, euskararen «erruarengatik» beren burua barregarri uzten zutela eta euskarak gizartearen erdigunetik, gaztelaniaren erdigunetik, gizartearen periferiara, euskararen periferiara, urrutiratzen zituela ikusarazi nahi zieten euskaldun peto haiei. Beste era batera esanda, gaztelania integrazioa zutela eta euskara bazterketa.
Kontrapuntua, berriz, hizkuntza gutxituaren sustapenean dabiltzan eragileek jartzen dute. Ahuldutako hizkuntzaren txingarra hauspotze lanetan dabiltzanek hizkuntza gutxituan trakets hitz egitea bultzatzen dute komunikaziorako oztopo handiak dituzten hiztunen artean; hitz egitea, trakets bada ere, ez hitz egitea baino hobea delakoan, hizkuntza gutxitua indarberritzeko. Eta hara non gertatzen den paradoxa: hizkuntza nagusian ez dira inolaz ere onartzen hizkuntza gutxituan onartzen diren akats eta trakeskeriak. Alegia, nagusitasun egoeran dagoen hizkuntzak bere sendotasunari eusteko ez du hizkuntza trakets erabiltzea onartzen, eta ahulezia egoeran dagoen hizkuntzak, berriz, egoera hori gainditzeko eta hobetzeko hizkuntza trakets erabiltzea onartzen du eta bultzatzen du. Horrela, Eusko Jaurlaritzak bere garaian sustatutako «Pixka bat es mucho» hura berehala gaitzetsi zuten hainbat euskaltzalek «Un poco da as(c)ko» itzulpena eta hitz-jokoa eginez.
Orain hurrena, Bilboko gaztelaniaren zulokotean jaio, bizi eta eskolak euskaldundu duen Aitor Zurdo gazteak horrela idatzi zuen ZuZeu agerkari digitalean: «Bilbon errealitate erdaldunak inguratu eta itotzen du euskara. (…) Edonola ere, euskararen borroka horretarako, nik beste slogan hau aukeratuko nuke: Elebakarra da, bide bakarra! (…) Euskara aldarrikapena baino, hiztunentzat komunikaziorako tresna naturalena izan behar da».
Eta bere senetik eta esperientziatik aurkitutako bidea proposatu digu Aitorrek: «Gutxi gorabehera ingelesarekin dugun egoerara heltzea, baina erdararekin. Hau da, ulertu bai, baina erabat menperatu ez».
Maddalen Lujanbio bertsolari txapeldunak, berriz, horrela azaldu du bide hori: «Marrazteko konpasak orratz bat izaten du, eta orratz hori finkatutakoan zirkuluak marrazten dira beste besoarekin. Eta jakina, orratz hori zenbat eta finkoago sartuta egon, orduan eta lasaiago, errazago eta zabalago ireki ahal izango dugu zirkulua. Bada, hizkuntzarekin berdin. Guk orratza euskaran sendo finkatuta baldin badaukagu, orduan eta beldur gutxiago izango dugu beste hizkuntzetara zabaltzeko, ez dugulako gure oinarria galtzeko arriskurik izango. (…) Era berean, iruditzen zait gure eleaniztasunaren zortea sentitu eta aldarrikatu behar dugula. Askotan arazotzat bizi dugu eleaniztasuna, ondoko hizkuntzak nagusiagoak direnez, beldur garelako gurea zurrupatuko ote duten, baina lortzen badugu euskara ardatzean finko lotzea ez daukagu ezeren beldurrik izan beharrik.
Gu ez gara erdia; gu doblea gara, eta ez dugu zertan lotsatu».
Estreinakoz patxisaez.eus-en argitaratua.
Hausnarketa honekin zilbor-heste zuzena daukaten artikuluak.
Luze idatzi duzu eta artikulu oso bat atera ez dakidan oso labur erantzuten saiatuko naiz, erantzun beharreko guztiei, ez baitira gutxi.
1.- Kuku gaiztoak txantxangorriaren habian jartzen du bere arrautza eta kukukume gaiztoak goitik behera botatzen ditu txantxangorriaren arrautzak. Baina gero txantxangorria bera da kukukumea hazten duena, hari egunero janaria mokoan jarriz.
2.- “Hizkuntzakeria” bezalako asmazio abstraktuek, eragileen azterketa lausotu baino ez dute egiten. Euskaldunak ziren, Gernikako juntetxetik erdaraz ez zekiten beste euskaldunak egozten zituztenak, eta “euskal” telebista da euskaldunak erdaraz egitera behartzeko lanean Francok baino urte gehiago daramana.
3.- Euskararen erabilpèn folklorikoa sustatu dutenak eta gaur egun oraindik sustatzen dirautenak etxekoak ditugu, ez zaitez kanpora joan horien bila. Horrek dakarren hizkuntzaren pobretzea eta itzalgabetzea badakigu nori zor diogun.
4.- “Jon Gotzon” goizean goizetik euskañola zabaltzeko lanean etengabe ari bada aspaldiko ez dakit zenbat urtetan, “etxeko” norbaitek horrela erabaki duelako da. “Gure” telebista da “Txomin del Regatoren” ereduko umorea emititzen jarraitzen duena XXI. mendean, euskaraz ezin konta ahala doktoradutza tesi burutu eta gero. Gauza hauen antzinako sustraiak aztertzea ondo dago, baina gaur bertan horren iraupena nork sustatzen duen begiratzea askoz ere garrantzitsuagoa da. Eta noski, ados gaude, horrek euskararen prestigioari dakarkion kalteari dagokionez. Burla eta barrea arrotzek egiten zieten euskaldunei garai batean, eta honelakoetan orotan gertatzen den legez, bertako arroztuek egiten diete gero bertako (oraindik) arroztu gabeei. Hor dugu, kukukumea hazten dabilen txantxangorria.
5.- Ez dut uste gaurko egunean 14 urtez gorakorik geratzen denik, euskaraz, espainolez edo frantsesez baino hobeki egiten duenik. Ezta horren premia dugunik ere. Nahikoa dugu euskara gure sentitu eta bestea, ondo hitzeginagatik ere, arroztzat hartzea, euskara zaindu kuttundu eta bestearen gainetik jartzeko. Berea guk gurea baino askoz hobeto zaintzen duten katalanek, ez dute inolako arazorik espainolez bikain hitz egiteko. “Pello Kirten” sindromea astindu ezinik gabiltza nonbait.
6.- Gaitasun maila eskasak eragiten omen du euskaraz gutxi egitea. Ez naiz luzatuko hemen eta orain “lehengo lepotiko buru” hori aspaldiko ideologia zaharkituari nola lotzen zaion adierazten. Ez gara gutxi, hogei urte genituenean baino dezente hobeto manejatzen garenak euskaraz. Ez gara extralurtarrak, planeta honetakoak baizik, besteak bezala, baina inoiz ez gara estatistiketan ageri, gaitasun maila erabilpen mailaren ondorio dela adierazteko. Erabilpenaren beherakada ulerbideratzeko gaitasun faltaren argudiora itzultzea, hezkuntza sistema ia osoa D ereduan dugun garaian, betiko itsukerian eta aurre iritzietan tematu nahia baino ez da. Euskara ez da erabiltzen sekula aztertu nahi ez diren hainbat arrazoi tarteko, eta erabiltzen ez delako sortzen da gaitasun falta.
Erabat ados: hor dugu, kukukumea hazten dabilen txantxangorria.
Ba, niri Aitor Zurdok dioena gustatu zait: “Gutxi gorabehera ingelesarekin dugun egoerara heltzea, baina erdararekin. Hau da, ulertu bai, baina erabat menperatu ez”. Tipo azkarra.
Jon Gotzon aipatu dela eta, ezin al da ezer egin tipo horri goitik norbaitek zerbait esan diezaion? Aspalditik nabil EITBra idazteko edo zerbait egiteko gogoarekin. “Change.org” edo antzeko plataforma batean sinadura bilketa bat egitea ondo iruditzen al zaizue?
Ez da tipo bat, pertsonaia bat baizik. Ni ez nintzateke pertsonarekin sartuko, besteak beste, langile eskubideak e.a. dituelako, baina bai pertsonaiarekin. Eta pertsonaiak mantentzeko erabakia ez du aktoreak edo esatariak hartzen, haren gaineko bururen batek baizik. Beraz, ondo ikusiko nuke Change.org bezalako leku batean sinadura bilketa bat hastea, baina eskabidea “Jon Gotzon pertsonaia kentzea” bezala formulatuta. Eta ondo ikusiko nuke, besteak beste, euskañolak zenbateraino kutsatu gaituen egiaztatzeko, ez bainintzateke batere harrituko gure haserrealdi honetan irizkide gutxi ditugula ikusiz gero.
Noski ez dugula ezer Jon Gotzon-en aurka, horixe bakarrik behar genuen. Bere hizkera alda dezan EITBko arduradunei eskaera egitea besterik ez da. Espanol hutsez hitz egiten hasiko balitz, arduradunek kargu hartuko liekela pentsatzen dut, ba euskanolarekin berdin. Programa hori gehienbat nerabeek entzuten dute eta hizkera horrekin hainbat mezu jaso ditzaketela uste dut eta horietako bat, hizkera horrekin modernoagoa zarenaren ustea da. Espanolak duen bezainbesteko indarra balu gure hizkuntzak, hizkera hori umorez hartuko genuke agian baina ez da gure kasua eta EITBk arduraz jokatu beharko luke beste gauza askoren artean EITB hedabide hutsa izateaz haratago, euskara bizirauteko misioa duelako. Eta ez gaude festetarako. Geroz eta jende gehiagok hitz egiten du bi hizkuntzak etengabe, esaldiro, nahastuz, euskara hutsean hitz egiteko zailtasuna balu bezala. Jende gehiago ere somatu dut Jon Gotzonen hizkera kritikatzen. Bere eskubideak izango ditu, baina langile publiko bat da eta ezin du nahi duena egin.