Elebakarra, bide bakarra

Elebakarra, bide bakarra

Haur bat izan du nire irakasleak. Bera euskaltzalea da eta beraren iritziz, euskararen alde egin dezakeen onena, haurrak izan eta hauek euskaran haztea eta heztea dela dio.

Bilbo inguruan ordea, errealitate erdaldunak inguratu eta itotzen du euskara. Nik neuk pairatzen dut hori. Izan ere, institutuko ikaskide ohiek ez dute egiten. Haien euskara bakarrik esparru akademikoan garatu da. Emozioak transmititzeko baliabideak oso eskasak dituzte. Edo ezagututa ere, ez dituzte erabiltzen ez dutelako gaztelaniak duen “indarra”. Tira, haietaz hitz egiten dut, baina aitortu behar dut nik neuk ere muga hauek baditudala. Niri ere tristura, poza edo haserrea adierazteko gaztelania ateratzen zait lehenik.

Adibidez, horrelako adierazpenak ohikoak dira nerabe eta gazteen artean (seriotan edo txantxetan esaten diren horiek):Elebakarra, bide bakarra

Buah, flipas! <=> Buah, daflipazu!

¡No me jodas! <=> Etzazu izorrau!

Puto cabrón <=> Kabroi halakua!

Jo, tio, que bueno <=> Jo, txo, ze ona!

¡Aupa, eres un crack! <=> Aupa, zu gudari!

Goiko zerrendan, gaztelaniazkoaren ondoan euskaraz esan daitekeen moduan jarri dut. Itzulpen pare bat ez zaizkit bururatu eta galdetu behar izan dut. Arazoa, gainera, zera da, nahiz eta jakin horrela esaten dela, nire lagun guztiak gaztelaniaz aritzen badira, pixka bat arraro edo tokiz kanpo geratzen da hori esatea. Nik esango nuke, nortasun handia ez baduzu, edo taldeko liderra ez bazara, nekez esango duzula horrelakorik. Ni ez naiz lotsatia, baina ez naiz taldeko liderra ere. Normala naiz.

Nik euskaraz aritu nahi dut, baina aldi berean taldean integratua sentitu nahi dut. Harro nago euskaraz aritzeaz, baina nire inguruan ez daudenez euskaltzale petoak edo euskararen militanteak, ba, gogorra izaten zait hori aldarrikatzea.

Gainera, nire kasuan, ez naiz gune super euskaldunetara joaten uda pasatzera, eta horko lagun kuadrillarik ez daukat. Nik uste dut horrek lagunduko lidakeela. Nire gurasoak ez dira euskaldunak eta kontzientzia hau ez didate eurek transmititu. Eskolan, ordea, bai, jaso dut eta baita lagun batengandik ere.

Beste arlo bat, nire ustez nahitaezkoa, zera da; eskura ditugun telebista edo irrati saioak, aldizkariak, bideo jokuak… eskaintza gehiena erdaraz da. Interneten nahiko zaila da (euskarazko) gazteentzako filmak topatzea. Horrek ere eragina du.

Garai batean, “Borroka da bide bakarra!” entzuten zen maiz. Beno, gaur egun ere, manifestazioren batean edo bestean entzuten jarraitzen da. Suposatzen dut lelo horrek helburu politikoa duela, alegia, Euskal Herriko independentziari egiten diola erreferentzia. Batzuetan eskubide sozialen borrokan ere kokatuko nuke.

Edonola ere, euskararen borroka horretarako, nik beste slogan hau aukeratuko nuke: Elebakarra da, bide bakarra!

Eta zer esan nahi dut honekin? Ba, beno, niri gertatzen zaidana besteei ere gerta ez dakien, bide berria jorratzea.

Nire uste apalean, euskararen normalizazioaz hitz egiten da, baina nik uste dut honekin ez dela emaitza onik lortzen. Benetan normalizatu nahi baldin bada, sokaren beste mutur ahulak tenkada gogorragoa eragin behar du hizkuntzen balantza egoera oreka dadin. Nola lortu hori? Ba, jarrera muturrekoa izanez. Ez naiz ari instituzio eremuan, norbanakoan (indibidualean) baizik.

Gure jarrera estutu behar dugu. Eta hori hiztun berriekin egin behar dugu, hots, haurrekin.

Gurasoek ezin dute hezkuntza eskola eta telebista/youtube/internet-en esku utzi. Eta are gutxiago hizkuntza ohiturak.

  • Batez ere guraso biak euskaldunak direnean (eta gaur egun belaunaldi askok aukera hori dute), umearekin egiteaz gain euren artean ere egitea ezinbestekoa da. Bestela, umeak 11 urte inguru dituenean, erdara “helduen hizkuntza” beste bat dela pentsatuko du eta euskara soilik haurtzaroarekin lotuko du.
  • Zein lagunekin harremanetan jartzen den zaindu. Eskola aukeratzean etorkizuneko hizkuntza ohiturak ere aukeratzen ditugu. Gainera, gune ez euskaldunean bizi bada (hiriburuetan, Nafarroa edo Araba hegoaldean, Bizkaiko mendebaldean…), udan edo oporretan, gune euskaldunera joateko aukera izatea beharrezkoa da. Hor sortzen den kuadrillarekin, bada zer ikasi.

  • Bilbo aldean, jende asko uda pasatzera “herrira” joaten da. Normalean, aitona-amonen jatorrizko herria izaten da (Galizia, Gaztela, Asturias…) edo uda pasatzeko erosten duten beste etxea (ohikoa da Castro edo Laredon erostea, Bermeo edo Lekeition erosi ordez, garestiagoak baitira). Lehen esan dudan bezala, nire kasua hauxe bera izan da, oporrak Euskal Herritik kanpo ematen ditut eta.

  • TB kateak desintonizatu. Bai, honek pixka bat muturrekoa dirudi. Baina pentsa, azken urteotan euskara kateak gehitu dira, baina proportzionalki gaztelaniazkoak askoz gehiago. Orain 4 kate euskaraz izan ditzakegu gure telebistan, baina gaztelaniaz 40 izan daitezke. Kate asko desintonizatu daitezke (gaztelaniaz 2 edo 3 utzi arte), bestela nekez bukatuko dugu euskaraz ikusten.

  • Baina gazteok, edozein modutan, telebista ikusi ordez, ordenagailura jotzen dugu askotan ikus-entzunezko edukien bila. Youtube-kids existitzen da, hau da, haurrentzat bakarrik dagoen Youtube bertsioa. Euskaraz konfiguratu dezakegu, baina zoritxarrez ezin diogu euskarazko bideoak bakarrik jar dezala agindu Youtube-ri. Kontuan hartu behar dugu bestalde, eduki asko dugula interneten, baina gazteentzat euskaraz erakargarriak izatea batzuetan zaila dela. Hau da, “jausiak eta jauziak” edo “auto arraro”ak ikusi nahi baditugu adibidez, Youtube-n euskaraz gauza gutxiago daude. Eduki “guay” edo “cool” horiek euskaraz eskuragarri egon behar dira. Nik Gaztezulo irakurtzen dut batzuetan. Nahiko ondo dago, baina uste dut gazteentzat beste ukitu bat eman behar diotela, ez baititu normalean engantxatzen.

  • Inguru digital guztia euskaldundu: Youtube bera edo Gmail, Facebook, Twitter eta horrelakoak euskaratzeak ere garrantzia du hitz asko nola esaten diren ohitzeko.

  • Aisialdiko materiala edo ekintzak zaindu. Adibidez, Elkar liburudenda batera (herriko beste liburudenda askotan ere) joatean, haurren komiki, liburu edo jolas asko daude. Gurasoak ez badute euskarazko materialik erosten eta umeen eskuetan usten, nekez lortuko dute umeek goza ditzaten. Gainera, gaztetxoak direnean oraindik, hau da, gurasoen esanei aurkakotasunik adierazi gabe egiten dutenean (13 urtetik aurrera oso ohikoa da guraso-ume arteko gatazka sortzea), gurasoak inplikatu behar dira umeei liburuak irakurri, interpretatu eta jolasten.

  • Eskolaz kanpoko ekintzak: kirola, musika, pintura… Ileapaintzaile, Pediatra… Aukera zabala izaten dugu, baina esfortzua egin behar dugu euskaldunak topatzeko.

  • Etab.

.

Helburua:

Honen guztiaren helburua zera da, umeek “ama hizkuntza” edo “lehentasun hizkuntza” euskara izatea.

Elebakarra, bide bakarraProba bat egin daiteke 7 urte dituenean: liburu bera aurrean dituela (bata erdaraz eta bestea euskaraz), euskarakoa aukeratzea modu naturalean, inork ezer esan gabe. Ez militantzia edo kontzientzia arrazoirengatik, baizik eta errazagoa suertatzen zaiolako.

Gutxi gorabehera ingelesarekin dugun egoerara heltzea, baina erdararekin. Hau da, ulertu bai, baina erabat menperatu ez. Egun, nahiz eta ingelesa jakin, gehienok nahiago dugu filmak ingelesez baino erdaraz edo euskaraz ikusi.

Euskara aldarrikapena baino, hiztunentzat komunikazio tresna naturalena izan behar da.

Nire irakasle ohiak zioen bezala, bere alabak 14 urte dituenean eta berarekin haserretzean, “Aita, ze babua zaren ostia!” barren barrenetik esaten badio, irakasle hori pozik hil ahalko da*. Ez jakina, alabak bera gorrotatzerik nahi duelako, baizik eta haserrealdiak (bizitzan saihestezinak direnak) euskara hutsean atera daitezela nahi duelako. Euskañolera ere jo behar gabe.

(* esaldia lehen aldiz entzun nuenean pixka bat frikia iruditu zitzaidan).

Norbaitek esango dit euskarara mugatuz aukerak ukatzen zaizkiola umeari. Baina gaztelania lanerako eskuratuko du bai ala bai. Ingurua azkenean gurasoen burbuila baino indartsuagoa izango da. Kontua da, nagusiak garenean euskaraz erosoago ez baldin bagaude, ez ditugula euskarazko produktu eta zerbitzuak lehentasunez aukeratuko.

Ah, eta horrela, gure bizitza proiektua, epe luzean, Euskal Herrian egin nahiago izango dugu. Hizkuntza batean edo bestean eroso egotea eta lotura sentitzeak zerikusi handia du horrekin.

Oso tristea da, gainera, guraso batzuek haur bakarra edukitzea eta beronek atzerrian bizitzen bukatzea.

Elebakarra, bide bakarra Elebakarra, bide bakarra Elebakarra, bide bakarra Elebakarra, bide bakarra

6 pentsamendu “Elebakarra, bide bakarra”-ri buruz

  • Nire ustez, funtsezkoa da gurasoak (eta euskaltzale guztiak oro har), inondik ahal bada, euskaraz ONDO ALFABETATUTA egotea. Eta hori ez da askotan kontuan hartzen. Beren burua euskalduntzat duten eta besteek ere oso euskalduntzat jotzen dituzten guraso asko eta asko ez dira euskaraz normaltasunez irakurtzeko eta idazteko gauza, eta hori ere transmititu egiten da. Eta ez du balio aitzakiatzat Euskaltzaindiaren arauen aldakortasuna jartzea. Mesedez! Arau horiek ez errespetatzeagatik ez da inor hi,, ez da inor torturatu, ez da inor esrpetxeratu, ez da inor bost xentimoko isun batez ere zigortu. Alfabetatzea da bide bakarra! Alfabetatu ala hil!

  • atzerritarrak geure lurrean bertan. 2017-04-02 14:04

    Ume txinatar asko hemen jaio eta txineraz primeran egiten dute euren artean. Euskaldunok ez dugu eurek bezain ondo egiten gure hizkuntza bera. Ez al du honek hausnarketa eragin behar?

  • Juan Luis Zabalak dioen bezala umeak dituzten bikoteek ondo alfabetatuak egon beharko lirateke, nik bezalako askok, nahiz eta ikastolan ikasi dugun, ez ginateke euskaraz umeak hezitzeko kapazak izango.

  • Peru Dulantz 2017-04-03 08:33

    Erabat ados esaten duzunarekin. Guk horrelaxe jokatu genuen etxean, eta emaitza ikusgarria da. Ez da hain zaila, haurrak txiki-txikiak direnetik oinarrizko detaile gutxi batzuk zaindu besterik ez da egin behar. Arazoa da jende askok ez duela egiten horretarako kontzientziarik (edo ezagutzarik) ez duelako.

  • 1. Alderdi Euskalduna AE.
    2. Langile Euskaldunen Sindikatua LES.
    3. Euskararen Egunkaria: Goizeko Izarra.
    4. Euskararen Telebista Berria.
    6. Euskal Banku Herritarra.
    7. Euskararen Unibertsitatea.

    Bana banan eta denekin batera aurrera. Bitartean hitz egin eta ekingo diegu. Uler?

    Aurrera!

  • Etsitutako Euzkoa 2021-06-15 10:18

    Proposamenak botatzeari oso ondo deritzot, beharrezkoak dira. Baina noiz hasiko zarete proposamen horiek aurrera eramateko bilerak egiten? Problema hori dakusat ZuZeun, mundu guztiak duela esatekorik, hori da bere funtsa, baina blog hau irakurtzen daramatzadan urteetan inork edo gutxik egin du hemendik atera eta kalera joateko proposamena. Zibermilitantziak leku gutxitara eramango gaitu. Nik ulertzen dut oso erosoa dela noizbehinka kexu eta arrangura guztiak pantailaratzea, baina komunitatea digital hau ez bada ordenagailu aurretik altxatzen zerbait egiteko asmoarekin ekintza guztiz antzuak izango dira.