Epel eta goxo, hemen dira oporren azken txanparako estreinaldiak!

Epel eta goxo, hemen dira oporren azken txanparako estreinaldiak!  –

Estreinaldiak: Apirilak 6

Estreinaldiak badatoz!

Egilea: Julen Yusta

Submergence

Ingeniari hidraulikoa den James More (James McAvoy), espioi britaniar bat delaren usteetan, bahitua izan da Somalian talde terrorista batengatik. Danielle “Danny” Flinders (Alicia Vikander) biomatematikaria da, eta ozeanoko ur sakonenetan urperatzera eramango duen proiektu batean dihardu. James eta Danny urtebete lehenago ezagutu ziren atlantikoko Frantzia kostaldeko hotel batean, eta maitemindu ere bai. Orain, James bizirik dagoenaren inungo segurtasunik gabe, ozeano hondorainoko urperatze arriskutsua hasiko du Danny-k Groenlandian.

Emozio handiko istorioa dugu,  J.M. Legarden izen bereko eleberrian oinarritutako gidoiarekin. 2017an Donostiako Zinemaldiko Sail Ofiziala inauguratu zuen.

Campeones

Marco, saskibaloi profesionaleko entrenatzailea da. Egun batetik bestera, bat-batean, krisi pertsonalak jota, adimen urritasuna duen gazte talde bat entrenatzen ikusiko du bere burua. Hasiera batean arazo izango direnak, azkenerako, bizitzarako irakaspen bilakatuko dira.

Javier Fesser zuzendariak urteetako esperientzia du egoera komikoak uztartzen dituzten filmak gidatzean. Mortadelo eta Filmonen abenturak pantaila handira eraman zituen orain urte batzuk, eta baita komiki berean oinarritutako animaziozko beste film luze bat ere. Oraingoan, drama eta komedia batu ditu, istorio sentikor eta korapilatsu batez, urritasunaren erretratu errealista eta hunkigarria eginez.

Un beau soleil intérieur

Isabel ama senargabea da, seme bat duen artista dibortziatua. ‘Benetako maitasuna’ deitzen zaion horren bila dabil, baina etsipena besterik ez du topatuko…

Claire Denis zuzendari frantsesak bizitzan zehar sexu ezberdineko pertsonek ditugun nahasiak azalduko ditu, modu arin eta koherente batean. Roland Barthesen ‘Fragments d’un discours amoureux’ eleberriaren pantailarako moldaketa da.

Den of thives

Los Angelesko Erreserba Federalaren bankuak egunero 120 milioi dolar ateratzen ditu zirkulaziotik, eskudiru moduan. Bitartean, lapur profesional talde bat emango duen kolperik handiena prestatzen ari da, begiz joak dituzte 120 milioi dolarrak. Los Angelesko Sheriff departamentuak, “El Gran Nick” (Gerard Butler) buru, ez du lapurreta saiakera erraz ipintzeko asmorik

Ez dugu gauza berririk ikusiko: gidoi murtxikatuak, azaleko protagonistak eta bi ordu luze irauten dituen tiroz beteriko filma. Akziozko filmak entretenigarriak ikuskatzen badituzu, ordea, ez zara aspertuko.

Human Flow

Mundu osoko 65 milioi pertsonek beren etxeak, jatorria, bizilekua, atzean uztera behartuak ikusi dira, gosetetik, aldaketa klimatikotik eta gudatik ihes egiteko. Bigarren Mundu Gerraz geroztik, emandako gizaki desplazamendu handiena.

Ai Weiwei nazioarteko artista ezagunak bideratutako bidai epikoa dugu hau, gizaki migrazio masibo hau ahalmen handiko ikuspegi espresibo batetik erakutsiko diguna. Veneziako film jaialdiko ezusteko arrakasta izan zen,  sei sarirekin, eta, ostea, mundu mailako beste jaialdi batzuetan jaso du ere aintzatespena.

Miss Dalí

Anna Maria Dali Salvador anaia baino lau urte gazteagoa da, harreman goxo eta gertukoa dute, eta asko maite dira. Espainia Errepublikarrak ahalbidetzen duen kutsu progresistan, armonia zoriontsua bizi dira garaiko sortzaile handienen konpainian: Garcia Lorca, Buñuel… Europako gerren eztandak, Gala beti misteriotsuaren iritsierak eta Salvadorren bat-bateko arrakastaren gorakadak lasaitasun hori hankaz gora jarriko duen arte.

Dali anaiak-arrebak, drama greziar batean protagonista bailira, markatuta geratuko dira: haien nortasuna, maitasun eredu askea, aztoratu egingo dira gerraz, diktaduraz eta aldaketa kultural, sozial, politiko eta artistikoaz gainezkatutako aro batean.

Resort Paraiso

Bere bizitzako momenturik txarrenean daude Eva eta Pablo. Gainditu ezin duten tragedia bat bizi dute, eta ez dute lanik ezta etxerik ere. Evak lan egin zuen hotel batean ezkutatzen dira, neguan itxita dagoelaz probestuz. Evak sarbiderako pasahitz guztiak dauzka, eta, ustez, oharkabean jardun ahal  izateko irizpideak ere bai. Saulek, segurtasun zaindarietako batek, ordea, segituan harrapatuko ditu, eta jazarpen psikologiko gogorra hasiko du haien aurka.

Modu honetara, hotela, etxea, gordelekua, kaiola bat bilakatuko da bikotearentzat. Badakite, baina, ezer galtzeko ez duten bi pertsonek duten aukera bakarra irabaztea dela.

Epel eta goxo, hemen dira oporren azken txanparako estreinaldiak!

Euskal pantailaren gunea