XXI. mendeko Euskal Herrian: sinesteaz

XXI. mendeko Euskal Herrian: sinesteaz –

Begoña Altunak, Uriola agerkarian.  

XXI. mendeko Euskal Herrian: sinesteazEsaten da krisian dagoela fedea, baina ez ote dira fede berriak sortu?

Ez dut ezer berririk esango gure inguruko jendeak orain fede gutxiago duela dirudiela esaten badut. Tira, Munillak emakumeei buruz bota dituenen bezalako beste pare bat botatzen badu, errosarioa errezatzera doan azken amama hori ere fedegabetuko da. Izan ere, gure inguruan garai batean hain zabaldua zen erlijio katolikoak ez du asmatzen egungo gizarteak egiten dituen galderei erantzuten (gizartearen tarte handi batentzat).

Hala, gutako askok beren burua fedegabetzat dugu. Nire uste apalean, ordea, bere burua fedegabetzat duten askok erlijio katolikoaz besteko sinesmena dute. Gero eta konbentzituago nago jendeak sinesteko beharra duela, esperantza izateko edo. Baina zertan sinesten dute?

Afalostean telebista piztu eta tarotista bat zegoen bere lanari buruz hitz egiten, eta mahai inguruan geundenok tarotean sinesten duten lagunak ditugula esan dugu. Aztiak, pitonisak, xamanak eta abar beti izan dira burlarako aitzakia gure gizartean, baina apur bat pentsatuta denok dugu horretan sinesten duen norbait. Behin azti batengana joan eta dena asmatu ziela eta, aizu, oso argi ez dute, baina igual egia da…

Homeopatia ere fede kontua iruditzen zait. Iruditu ez, James Randiren* klubekoa naiz. Kasu honetan gainera kuriosoa iruditzen zait nola zientzialariek ere “probatuta dago gaixotasunean garunaren indarrak asko egiten duela…” Jo, ba eman indarra garunari erregalizezko erronbo formako pastillaz! Ez dakit zenbatean dagoen kutxa gorri txiki hori, baina ziur behin nire lankide batek homeopatiaren truke ordaindu zituen 17 euroak baino gutxiago dela.

Azken fede modernoa elikadurarena dela esango nuke. Gwyneth Paltrow amasantu duen erlijo honek benetako fededun-zombieak ditu. Orain dela urte batzuk goji baiek emango ziguten hilezkortasuna, iaz detox irabiakiek eta glutenik gabeko dietak eta aurten batek daki, agian Santoñako antxoek. Nola da posible hainbeste grial saindu etereo duen erlijio batean sinestea? Ez al du erlijioak egia osoa?

Ez ditut aipatu kaka zapaltzean itsuari kupoia erosten diotenak, ezta etxe barruan euritakorik zabaltzen ez dutenak (ez bada dutxan edo bainuontzi gau osoan lehortzen uzteko), baina aurrekoekin konparagarriak direla uste dut. Guztiekin, erlijio monoteista edo politeista tradizionaletan sinesten dutenekin, publiko zabalaren arabera sineskeriak sinesten dituztenekin eta hemen aipatutako fede berriak jarraitzen dituztenekin, zeren gizartearen parte handi batek sinesteko beharra du, agian guztiok, gure buruari aitortu nahi ez badiogu ere.

.
*Posible da James Randi nor den ez jakitea. Bideoa uzten dizuet ezagut dezazuen.

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.