Bertsolari titulua

Bertsolari titulua –

Anekdota ezaguna da Lazkao-Txikirena: norbaitek bertsolari deiturik, ordura arte bere buruari titulu hori aitortu ez ziola adierazteko ohitura zuen. Deitu gehiegizko apaltasuna edo deitu bertsokide zein joandako bertsolariekiko miresmena, jarrera konbentzitua izanen zen Joxe Miel Iztuetarena.

Bertsolari titulua

Nehork gutik ukatuko du gaur egun marrazki bizidunetan agertzen zen pertsonaia hura bertsolaria izan zenik. Telebista aitzinean txiste, pasadizo eta bertsoak buruz ikasi zituzten horiek koskortu egin dira eta haietako batzuk, onarpen sozial eta guzi, bertsolari bilakatu. Bertsolari izatea hautu bat, jarrera bat, konpromiso bat, plazer bat, buruhauste bat edo hau dena izan daiteke. Ene burua ere hauteman izan dut, bertsolaria ote naizen galdegin didanari, «saiatzen naiz, baditut saioren batzuk…» bezalako formulekin erantzuten. Egiari zor, zu bertsolaritzat identifikatzearen eta zuri edozein egoeratan bertso bat eskatzearen arteko bidea ezin laburragoa da.

Kontuak kontu, zenbait aho handik ezkutatzeko gogoa pizten badigu ere, hala izateko ahalegin zintzoan ari den orori bertsolari izendapena jarriko nioke. Bakoitzak ikus dezala zeintzuk diren bere gaitasunak eta oholtza baten gainean, mikrofonoa aitzinean duela, entzuleari zer eskain diezaiokeen. Haatik, nehork ez dezala bertsolari sentitzeko oztoporik izan hasiberriegia delako, euskara batuegia darabilelako edo ahots meheegia duelako. Hargatik, zalantzak sortzen dizkit sasi-bertsolari kontzeptuak.

Sinplekeriaz, bertsolari eta bertsozaleen arteko bitasunean definitzen omen da bertsolaritza. Gai-jartzaile, epaile, saioen antolatzaile, bertso eskoletako irakasle eta Bertsozale Elkarteko bolondres zein soldatadunak ere fauna horren parte dira. Hain zuzen ere, Bertsozale Elkartea izanen da egileak eta hartzaileak bateratzen dituen kultur eragile bakarrenetarikoa. Sortzaileari kultur-proiektu baten babesa eman eta sortzailea ez denari eragile izateko parada eman dio azken 30 urteotako esperientzia honek. Bertsolari kontzeptua aniztu den hein berean aniztu dira Bertsozale Elkartearen jardunbideak. Bertsolari tituluaz mintzatuz hasi dudan artikulu hau, lehendakari tituluari erreferentzia eginez hetsiko dut. Taldekako lehendakaritza berria du Bertsozale Elkarteak eta aurten ekinen dio heldu den hamarkadako estrategia fintzeko gogoetari.

Aldaketaren kari, mugimendu honen lehen urteetako sukaldeko lanean ibili zen Jon Sarasuaren aipu bat ekarri nahiko nuke hona: «Badaezpada ere, arriskatu!». Bertsogintzarako eta bertsolaritzarako berdin balio du.

Bertsolari titulua
bertsoa, bertsogintza, bertsolari gazteak, Bertsolari titulua, bertsolaritza, lazkao txiki
Aitor Servier

Hitza arrazoi eta estakuru.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude