Udaberria bezain apalak, estreinaldiak!
Udaberria bezain apalak, estreinaldiak! –
Estreinaldiak: Martxoak 23
Egileak: Ines Arrue Unanue
Thelma
Emakume berezia da Thelma (Eili Harboe). Sinistun eta etsiturik, etengabe errezatzen dio jaungoikoari: bestelakoa izan nahiko luke, kalterik eragiten ez duena. Gurasoek ere ez diote alabaren botere bereziari jaramonik egiten, misteriotsuak dira eta lasai azaltzen dira alabaren arazoen aurrean. Pertsona bat ezagutuko du Thelmak, eta orduan emozio zein sentimenduak kontrolatzen ikasi beharko du, baldin eta bikotea ondoan mantendu nahi duen.
Asteko harribitxia dakarkigu Joachim Trier zuzendari norvegiarrak. Ikustera ohituta gauden zinema egiteko eredu horretatik aldenduta, intriga-psikologiko generoarekin jolastuz eraikiko du istorioa. Mantsoa, elegantea, afektiboa… aztoragarria.
Pacific Rim: Uprising
Etorkizun hurbil batean kokatuko gaitu istorioak. 10 urte igaro dira mundua lehen aldiz inbaditu zutenetik, baina borrokak dirau. Kaiju arrazako estralurtar kolosalek lurra hartuko dute berriro, hura suntsitzeko asmoz. Aurreko saiakeran erabilitako Jaegers errobotek ez dirudite nahikoa bigarren eraso honi aurre egiteko, eta estrategia berriak landu beharko dituzte biziraun nahi badute.
Pacific Rim (2013) filmaren bigarren atala dakarkigu Steven S. DeKnight zuzendariak, zientzia fikzioa eta tarteka animazioa uztartuz. Gillermo del Toro laudatuak gidatu zuen lehengoa, eta oraingo honetan gidoilari lana bete badu ere, ikusiko dugu filmak aurrekoaren mailari eusten dion. Bigarren zatiak ez omen dira inoiz onak…
El aviso
Nikok, hamar urteko haurrak, gutun misteriotsu bat jasoko du, heriotza mehatxua daraman gutuna. Inork ez du haurra sinistuko, Jon azalduko den arte. Zenbakiekin obsesioa duen gaztea da Jon (Raul Arevalo). Urteetan zehar leku berean gertatu diren hilketa batzuk izan ditu aztergai, eta badirudi jasotako datu horietan egongo dela Nikoren bizia salbatuko duen pista bakarra.
Irrika piztu duen filma da, argumentu pisutsua ez ezik, aktore plantela ere kalitatezkoa aurkeztuko duelako: Raul Arevalo, Belen Cue, Sergio Mur, Aitor Luna…
Peter Rabbit
Nork ez du Petter Rabbit ezagutzen? Gutako zenbatek entzun dugu, haurrak ginela, baserriko untxi bihurrienaren ipuina? Beatrix Potter idazle ezagunak izango du azkenean urteetan zor izan zaion aitorpen zinematografikoa.
Ikusiko dugu, baina, zinemarako egindako egokitzapen honek haurrak harrapatzeko abilezia mantenduko duen, edota ehunka efektu bisual eta animazioen atzean galduko den istorio sinple eta xumea… Apustu guztiek dute galtzeko ezer, eta galera horren neurria ikusten asmatzea uste baino zailagoa da.
Paella Today
Paella lehiaketa bat izango da abiapuntua, eta, zergatik ez, ildo nagusia Pep eta Vicent lagunen egunerokotasuna kontatuko digun film honetan. Lagunak dira, urteetako harremana due, ez inork ez ezerk zauritu ez duena… Lola azalduko den arte, noski.
Esan gabe doa atzetik etorriko den guztia. Maitasun triangelua, muturra gehiegi sartuko duen familia xelebrea eta topiko ugari. Betiko topikoak. Aktoreen artean ere bai: Pablo Rivero; Olga Alaman; Pau Gregori; Lolita; Paquita Salas pertsonaiarengatik ezaguna egin den Brays Efe… Ikuslearen pentsatzeko gogo ezari proportzionala izango den sinpletasuna, pantaila handian.
Udaberria bezain apalak, estreinaldiak!