Euskararen behar naturala
Euskararen behar naturala –
Euskara normalizatu nahi badugu, euskara gizartearen erdigunean jarri nahi badugu, euskararen aldeko aldaketa soziala eragin nahi badugu, euskarak berak, komunikazio hizkuntza gisa erabiltzeko, behar naturala (sozio-funtzionala) sorrarazi behar du hiztunen artean.
Gizakiak bere gizakitasunetik bi mailatako behar naturalak ditu: alde batetik, norbanakoari dagozkion oinarri-oinarrizko beharrak ditu, behar fisiologikoak, bizirik irauteko nahitaezkoak (arnasa hartu, elikatu, lo egin, bere burua garbitu, jantzi, osasuna zaindu…). Eta, beste alde batetik, gizarte mailako beharrak ditu, gainontzeko gizakiekin dituen harreman edo gizarte mailako elkarrekintzetatik sortutako beharrak (familia sortu, lagunak izan, maitasuna erdietsi, onarpena izan, estatus bat lortu, prestigioa izan, arrakasta lortu, autoerrealizazioa…). Hain zuzen ere, hizkuntza bat bere hiztunek dituzten beharrizanak asetzeko tresna baliagarria den neurrian bihurtuko da ezinbesteko edo hutsaren hurrengo.
Gizakiak, edozein harreman sistematara iristen denean, familia izan, lagunartea izan, lantokia izan edo herri bat izan, ahalegin betea egingo du harreman-sare horretan erabiltzen den komunikazio moldea bereganatzeko. Izan ere, gizaki orok antolaketa sozial batera egokitzeko ahalegina egingo du, antolaketa sozial horrek bere gizatasunaren oinarrizko beharrak betetzen dituen neurrian.
Hizkuntza ororen bizi-indarra antolaketa sozial batean duen funtzionaltasunaren araberakoa da. Hizkuntza bat zenbat eta funtzionalago eta erabiliago izan, orduan eta ezagutza zabalagoa eta orokortuagoa izango du sistema sozial horretako kideen artean. Azken batean, hizkuntza batek funtzionaltasun eta erabilera handia badu antolaketa sozial jakin batean, «behar natural» handia sorraraziko du bertan txertatu nahi duten kide berrien artean.
Ikus dezagun herri mailako antolaketa sozial baten adibidea: Hilabete batzuk daramatzate Azpeitian bizitzen Valeria Silva brasildarrak eta Veronica Medina espainiarrak. Ez batak, ez besteak, ez zuten uste Azpeitian beharrezko izango zutenik euskara bizitzeko. «Iritsi nintzenean harrituta gelditu nintzen, zera pentsatu nuen: zer gaztelania arraro hitz egiten dute hemen?», azaldu du Silvak. Segituan erabaki zuten euskara ikasten hastea.
«Egia da euskara ezin duzula erabili Euskal Herritik kanpo; baina berdin du, garrantzitsua da orain hemen gaudelako. Ogia erosteko behar dut euskara», adierazi du Medinak.
Valeria Silva brasildarrari eta Veronica Medina espainiarrari gertatu zaien bezala, euskara erabiltzearen aldeko egoera sozial batean murgilduta dagoenak, nahiz eta erdaraz hobeto moldatu, ahalegina egingo du egoerak sortzen dion behar natural horretara egokitzeko eta gehiengoak duen hizkuntza jokabidera moldatuko da. Beharbada, moldaketa edo egokitzapen hori ez du egingo nahi duelako, ezta horretarako borondatea duelako ere, baizik eta jokabide sozialaren aurka ez joateagatik, azken batean, sistema horretan euskara erabiltzeko dagoen arau soziala ez urratzeagatik eta gatazka ez sortzeagatik. Sistema sozial batean gehiengoak finkatutako arau soziala ez betetzeak gatazka sor dezake eta sistema sozial horren periferian, baztertuta gelditzeko arriskua dago. Beraz, gure gizatasunetik etengabeko onarpenaren eta integrazioaren bila gabiltzanez, egokitu egingo gara gizarte-sistemak finkatutako jokabideetara, baita euskaraz egiteko dagoen arau sozialera ere.
Orain dela urte pare bat edo Euskaltzaindian elkartu zineten eta aurrera begira Euskaltzaindiak lidergoa hartu behar zuela edo behintzat orain artekoa baino paper garrantzitsuagoa izan behar zuela izan zen zabaldu zen mezua. Guzti hori zerbaitean gauzatu al zen edo zertan da guzti hori? Kaleko jendeok ez dakigu ezer eta hori, gai hauetan interesa badudanik.
AGINDUA, 2017ko urriaren 9koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Euskararen Aholku Batzordeko Osokoaren egungo osaera jakinarazteko dena.
Zer? Ez dakit erantzuna den edo zer den