Umemokoak

Umemokoak –

Oier Gorosabelek Garagoittiko Orakuluan, Info7ko Talaiatik saiorako idatzia.

Badira pertsona batzuk, zer gustuko duten baino, zer gorroto dutenarekin definitzen direnak. Horrelako haterretako bat naiz ni -ez naute alferrik eibarnauta lagunek Ogrosabel deitzen-, eta erretxinamendu horren adibidetzat har daiteke duela urte batzuk nire blog-orakulutik botatako idazkia, zeinak Nerabeak gorroto izena zuen.

Umemokoak
Untzagan pipak jaten egon zeikiazen gaztetxo bi.

Eta bai: oraintsu arte, nolabait amorrarazten ninduten ez-haur-ez-heldu diren pertsona horiek, haien gorputz kankailu dorpeekin, ahots modulagaitzekin, catinga usainarekin, kezka metafisikoekin… beno, ez naiz haien nolakotasun eskas guztiak zerrendatzen hasiko. Izan ere, gaurko idazki honetan hura emendatzera bainator; arrazoi praktikoak daude, alde batetik –neure haurrak nerabezarorako bidean daude- baina hori baino sakonagoak ere bai.

Duela urte batzuk Espainiako Gerra Zibilaren arrastoak ikertzen hasi nintzen, Markina-Xemein inguruan. Artean memoria historikoaren asuntoa ez zegoen orain bezain garatua, eta gauza askorekin jabetu nintzen; besteak beste, estatu kolpearen porrotaren ondorioz gerra luzatu zenean, gero eta jende gazteagoa mobilizatu beharra izan zela. Horretara, gure mendietan elkar hiltzen ibili ziren batailoietako kideak 18, 17, batzuetan 16 urteko gazteak izan zirela. Zuri eta beltzezko argazkietan denak zaharragoak ematen dute, are gehiago granadak gerrikoan eta aurpegia lokatzez eta bolbora-hautsez zikina dutenean: baina haien begiradei ondo erreparatu ezkero, oraindik galdu gabeko inozentzia ikus daiteke. Horrek benetan hunkitu ninduen. Plazako eserlekuetan pipak jaten egoteko adina zuten, baina nagusien munduko esperientzia gogorrenak bizitzera bultzatuak izan ziren. Haietako askoren hezurrak dira mendietan ateratzen ari direnak, trintxeretan edo bonba-zuloetan lurperatuta.

Azkenaldian, ostera, lubakiak nik baino hobeto diharduen jendearen eskuetan utzi ditut; eta euskal espeleologiaren historiarekin nabil buru-belarri. Hor oraindik gazteagoak aurkitu ditut, benetako nerabeak. Harritua ikusi dut EH-ko speleo esplorazio garrantzitsuenak –leize sakonenak, arriskutsuenak- askotan 17, 15, batzuetan 13 urtetako umemokoek egin izan zituztela. Baliabide teknikoen eta diruaren falta, ilusioarekin eta adorearekin ordezkatu zuten; eta gaur egunean lurpeko ondarea ezagutarazten gabiltzanok –helduak, gehienetan- haiek hasitakoaren jarraitzaileak gara. Honekin, definitiboki isildu dira nire hater kritikak, eta agur eta ohore egitea baino ez zait geratzen.

Esan behar dut, gainera, ikastetxe munduan berriro sartu naizenetik –gure umeen kontura, hau ere-, sorpresa ona hartu dudala. Azalpen pedagogiko astunetan sartu barik, adibide grafiko bat jar dezadan: iaz, nire aurrean, 12 bat urteko neska bati karpeta, plumierra eta gauza guztiak lurrera erori zitzaizkion. Ni haurra nintzenean, horrek bere lagunen txantxa eta irri gaiztoak ekarriko zituzkeen automatikoki; hemen, ostera, laster baten 3 edo 4 lagun hurreratu zitzaizkion laguntzera, eta 2 minuturen buruan dena jasoa zuten, eta ikastetxera elkarrekin sartu ziren. Bai: definitiboki adiskidetu naiz nerabeekin.

Umemokoak Umemokoak
nerabezaroa, Oier Gorosabel
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude