Gure Esku Dago: zubiak eta harresiak
Gure Esku Dago: zubiak eta harresiak –
Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Bere “testuinguruan” ulertu behar omen da. Batzuk horrela ahalegindu dira jabaltzen beste batzuen kexak, Gure Esku Dago-ren aurtengo giza-kateak Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituela iragarri ondoan. Testuinguruak eraikitzen dira, behartzen dira, denborarekin moldatzen dira. Testuinguruak dena justifika dezake eta ez du deus justifikatzen, aldi berean.
Duela hogei urteko testuingurua zen Gernikako Estatutua “agortua” zela. Iduri zuen Euskal Autonomia Erkidegoa bera eta Hego Euskal Herriaren zatiketa administratiboa erortzekotan zirela, eta nazio eraikuntzaren aroan sartu ginela. Hogei urte ere ez zeuzkan egituraketa hark. 1979ko autonomia estatutua eta zatiketa administratiboa ez zituen onartu Euskal Herriaren zati handi batek: Euskal Herriaren parte baten autonomia beharrean, Euskal Herri osoaren (eta hala ez bazen, Hego Euskal Herriaren) independentzia nahi zen. Hemeretzi urte zituen autonomia hura azken hatsetan zela uste genuen 1998an. Geroztik beste hogei urte iragan dira. Gernikako Estatutuaren orduko egoera “agortuak” ez du aitzinamendu handirik izan.
Baina azken hogei urteetan, EAE marka indartu da ikaragarri, gero eta gehiago sakondu da zatiketa administratiboa, denbora guztian azpimarratu da hiru errealitate administratiboen ideia, bakoitzak bere bidea egin du sekulan baino gehiago, besteari bizkarra emanez…
Azken hogei urteetan natural bihurtu da aitzineko hogei urteetan onartezintzat jotzen zen egoera. Eta horrela heldu gara egoera honetara, non ezker abertzaleak ere onartzen duen EAEra mugatzen den eztabaida politikoa, EAEren estatus berria dela eta ez dela. Ia mende erdiko kalapita eta zalaparta, azkenean onartzeko kalapita eta zalaparta haien oinarrian zegoen egoera bat… 1998an agortua zena, orain biziberritu nahi da, urtez urte luzatzen eta gibelatzen ari den eztabaidaren bitartez.
Estatus berri horretan –noizbait jinen da ala legebiltzarkideen denbora-pasa betierekoa bihurtu da?– sartu nahi da “erabakitzeko eskubidea”. Denek aurreikusten bide dute, Eusko Legebiltzarrak hori onar baleza ere, Madrilek berehala indargabetuko lukeela. Hortik espero ote da Katalunian zabaldu zen frustrazioaren eta haserrearen gisako bat errepikatzea EAEn, eta hortik piztea independentziaren aldeko hats berri bat? Hasteko, mimetismoz jokatzeak ez du baitezpada segurtatzen gauza bera gertatzea. Eta gauza bera gerta baledi ere, Kataluniako prozesuak erakutsi du noraino hel zitekeen. Beraz, “erabakitzeko eskubidearen” eufemismo politikoak ez du deus bermatzen.
Herri honek askatasuna behar du, eta hori ez da bozkatzen, mundu guztiari berez dagokion eskubide bat da. Askatasuna ukatzen duenarekin ez dago negoziatzerik. Bide honek garamatza herriaren zatiketan sakontzera. Zubiak eraiki beharrean, harresiak eraikitzen ari gara. Zatiketa administratiboaren onarpenean eta EAEren zentraltasunean oinarritu bada estrategia politikoa, normala da Euskal Herriko ekialdea ez inplikatua sentitzea Gure Esku Dago-ren dinamikan.
Halako aldarrikapen bat duena ez da sekula izanen mobilizazio nazionala. Mobilizazioa zergatik eta zertarako? Mobilizazioa egiteagatik? Zein herri proiekturekin? Herria zatitzen duten “testuinguruak” eta mobilizazioak sortuz, herria ahultzen dugu, eta ahuleziak urruntzen gaitu askatasunetik, nahiz eta noizbehinka dozenaka mila laguneko bestak antolatu.
Errealitate administratiboa da herri gisa ukatzen eta itotzen gaituena. Itotzen gaituen horretatik eta telebistako edo egunkarietako argietatik (egituraketa politikoa eta hedabideen erakarmena loturik daude) aparte dago askatasunaren bidea.
…
GEDn ez hartu parte. Hauteskundeetan suizidio politiko hau babesten dutenei bozkarik ez. Euskalgintza indartu, herrigintza sustatu eta herri honi alternatiba sinesgarria eskaintzen dietenei babesa eman. Ez dago besterik, abertzaleentzat garai ilunak datoz eta geure burua gotortu behar dugu.
GED = Giza-kate txulalaitsuak, folklorismo merkea, pailasoz, kolorez, puxikez eta oihalez beteriko haurrentzako ekitaldiak eta orokorrean independentismoa baliogabetzeko bestelako disney munduko jokabideak.
Tentelkeria hauekin independentzia lortuko dela benetan pentsatzen al dute?
Bide horretan doa ere «iparra» «hegoa»… Gainera berritasun batekin aurten: frantzia aldeko gazte mugimendua espainia aldekoarekin batu, mobilizazio horretan hatzaparra sartu, garbiketa sakona egin, eta hor ibili dira eztabaida antzuak antolatzen.
Neu ere nekatu egin naiz folklorekeriez. Ez dut GEDen lana gutxietsi nahi, baina honela ez goaz inora. Beno bai, Madrila goaz, euren parlamentua txintxo-txintxo legitimatzera, euren hauteskundeetan parte hartuz eta euren hizkuntzan gero eta gehiagotan arituz, euren telebistak kopiatuz, euren antz handiagoa izanez geu garelakoan….Laburbilduz, Espainian gero eta integratuago eta EH eta euskara gero eta birrinago.
Jende gehiegik oraindik uste du GED dela autodeterminazioaren aldeko ekimen bat. Okerrago, jende askok hartzen du GED bilgune abertzale bat izango balitz bezala (!!!)… nahiz eta GEDk gero eta argiago utzi ez duela autodeterminazioa aldarrikatzen eta ez duela aldarri abertzaletik ezer.
GEDren mezua pozoia izan da hasieratik, zapalkuntzarik ez alego bezala “demokrazia” defendatzeko “kultura politiko transbersal” baten bultzatzea. Besterik ez. Baina orain jada giza kate horrekin proiektu jakin bati lotu zaio erabat: EAEko estatutuaren biziberritzeari.
Giza kate horrek “a huevo” utzi die media etsaiei “las capitales vascas” Donostia, Bilbo eta Gasteiz direla hedatzea. Horrela ez da nazio bat eraikitzen. Horrela desegin egiten da nazio bat. Hortan inplikatzen den abertzalea bere/gure teilatura ariko da harrika.
Goiko iruzkinekin ados egonda ere, gora EAE askatuta!
Gero eta “anitzago”, gero eta galduago herri hau…
Kapitalaren globalizazioaren eta nortasun tradizionalen disoluzio-garaiotan, nortasun, muga eta irekidura-itxitura mekanismo egoki eta orekatuen bidez babesturiko euskal komunitate nazional, kohesionatu eta antolatu bat eratzea da ordezkapen etnikoari aurre egiteko bide bakarra.
https://askatasunarenliga.eus/2018/03/21/korporatibismo-nazionala-iv-atala-euskalduntasun-berri-bat-xxi-mendeko-euskal-herrirako/
ZER nahi dugun eta nahi dugun hori NOLA lor dezakegun bereizten ikasten ez dugun artean jai daukagu. Eta NOLA horretan, dauzkagun indarrak zein diren garbi edukitzea ezinbestekoa da. Hau ala bestea egin behar dugula esatea oso erraza da. Handiena nork bota, abertzale sutsuena nor izan, lehiaketa bat antola genezake. Baina ni aspertuta nago amabirjina baino garbiagoa dela uste duen jendearekin. Zerutik errealitatera jeitsi eta lokatzetan zikindu beharra daukagu mundua aldatu nahi badugu. Bide antzuetara bultzatzen gaituzten inozokeriek zenbat indar galarazi diguten ikusteak etsiarazten nau.
Errealitateari begietara begiratu eta jendearengana hurbildu behar dugu gure nazioa eraikiko badugu. Gainerakoan oso urrun joan gaitezke agian, baina “herria” atzetik ez badator, alferrik egindako bidaia izango da.
Orain artean behintzat ez da izan EHren zatiketa administratiboa zatiak elkarrengandik urrundu dituena, nahikoa errotuta zegoen zatiketa horretatik abiatuta, zatiak proiektu amankomunetan lanean jarriz zati hoiek gerturatzeko ekimenak abian jarri ez izanak baizik.
Hitzontzikeria merkea, ikuspuntu abertzaletik justifikatu ezin dena justifikatzeko: okupatzaileek gure herria zatitzeko ezarritako mugak onartzea. Nahi duzun eufemismo erabili, edozein aitzakia, baina ekintzek ezerren beharrik gabe. Abertzaletasuna ideologikoki desarmatzeko mekanismoa bihurtu da GED, ilusio faltsuak sortzekoa.
Bitartean, pentsaezina dirudien panorama negargarria dugu. Demografikoki suizidatzen ari gara, gure herrian oraindik eta gutxiagotuago izango garelarik. Euskararen erabilera atzeraka, arnasguneetan haurrak erdaraz. Drogen epidemia gazterian, ekosistema kultural erabat espainol-frantzesean bizi gara. Azkenik, konpromezu-kontzientzia abertzalearen gainbehera eta gutxitasun kontzeptua indarrez berragertzea (kaxero, paleto, mozkor…).
Perkala latza lagunok. Maldan behera amildegirantz. Ez gaitu inork lagunduko, herri honetan sinesten badugu geuk egin behar dugu ahalegina. Kurduek esaten duten bezala, gure lagun bakarrak mendiak dira. Herri hau biziko bada, astindu bat behar du, ahalik eta azkarren. Altxa euskaldun, geure geroa gure eskuetan dago!
Gure zentralitate politikotik mugitu behar gara. Hori lortzeko zutabe eta tresna ezinbestekoak ditugu: bahitua dugun gure Estatua. Handik kanpora ahultasuna, desorekatasuna eta gabezia bakarrik aurkituko ditugu. Zentralitate politikoa eta unilateralitatea dira ez bide egokienak, bakarrak baizik.
http://hamabost.net/categorias/zure-estatua-gure-lurrean-eraiki-duzu/