Antsoaingo Udal haur-eskolan alaba euskaraz ezin hezi
Antsoaingo Udal haur-eskolan alaba euskaraz ezin hezi –
Martxoaren lehenetik martxoaren 15erarte aurrematrikulazio epea zabalik da Iruñerriko haur-eskoletan. Aurreko astean alabaren aurrematrikula egin genuen. Antsoainen egin nahi genuen, bertan bizi baikara, baina Antsoaingo Udal haur-eskolan ez dago euskarazko murgiltze eredurik.
Udalarekin batzartu gara eta gaia tratatu dugu. Honek ez digu konponbiderik eman; une honetan haur-eskolan euskara ezagutzeko eskubidea bermatzea ez du lehentasunen artean. Beraz, hurbilen dauzkagun eta Iruñeko Udalarenak diren Txantrea eta Arrotxapea auzoetako euskarazko haur-eskoletan eman behar izan dugu izena.
Iruñean “kanpotarrak” gara, horregatik Iruñekoak diren familiak baino puntu gutxiagorekin abiatuko gara alaba haur-eskola horietan onartua izateko; ez hori bakarrik, onartua izanez gero, Iruñekoak diren familiak baino %25 gehiago ordaindu beharko dugu (82 euro gehiago hilean). Alderantziz, Iruñekoa bazara eta Antsoaingo Udal haur-eskola erdaldunean zure seme-alaba aurrematrikulatzen baduzu, onartua izanez gero, bertakoek ordainduko duten kuota bera ordainduko duzu.
Antsoaingo eta Iruñeko Udalak (“D” ereduaren aldeko matrikulazio kanpainak babesten dituzten udalak), euskarazko hezkuntzaren aldeko apustua egiten ari garen familia antsoaindarrekin era ulergaitzean jokatzen ari dira: lehenengoak kanpora joaten behartzen gaitu; eta bigarrenak ekonomikoki zigortu, alaba euskaraz hezi nahi izatea luxu bat balitz bezala. Ez da bidezkoa.
Antsoain herriak haur-eskola euskalduna da behingoz behar duena. Bitartean, Antsoain eta Iruñeko Udalek, seme-alabak euskaraz ikastera Antsoaindik kanpo eramatera behartzen gaituzten familioi, kalteak areagotu beharrean, kalteak arinduko dizkiguten neurriak adostu beharko lituzkete.
Horren esperoan, horren alde lanean jarraituko dugu.
…
Maria Ilarregi eta Nestor Esteban