Musika motak

Musika motak –

ZEREN ARABERA AUKERATZEN DUGU MUSIKA MOTA

Gazteriaren artean musika sarritan izaten da mintzagai edozein bileratan, afarietan, bazkarietan…. Esaten dutenaren arabera, musika bere sakontasunean ulertzeko gai direla ematen du, adituak direla alegia. Hargatik, ni beldur naiz horrelakoen aurrean nire gustuak azaltzen, asko dakitenarena egiteaz gain, musika mota baten zaleak direnez, kontrako musika baztertzen dute irrazionalki, hots, beraien musika gustutik at dagoena gustukoa duten aztertu gabe “txartzat” jotzen dute.

Bestalde, musikari ere zenbait “klitxe” lotu zaizkio. Musikak ideologia zehatz bat omen du ezkutaturik. Musika gustua, beraz, beste dimentsio berri batez jabetzen da, eta inguruak behartuta, aukeratuko dugu musika-mota.

Batzuek diote publiko zehatz batek ospea duen kanta errazago bereganatuko duela. Musika publizitateak nolabaiteko manipulazioa dakarrela, eta musika aukeraketa ez dela hain askea, arrotz zaizkigun bitartekari sekretuen bidez gure gustua manipulatzeko gai direla (horretan adituak da “los 40 principales” eta askoz apalago “Gaztea” kateak). Ez al zaizu inoiz gertatu hasieran gustuko ez zenuen abesti bat, entzunaren entzunez onartu eta gustua hartu diozu? (batzuetan aurkakoa ere gertatzen da, hots, asko entzuteak nekea sortzen du).

Baina seguru nago, azpikeria hauek guztiak oraindik garatzeko dauden pertsonalitateetan eragina izango dutela. Gai polemikoa dugu zalantzarik gabe, ezer frogatzeko gai ez naizelarik. Musikaz ari gara bere orokortasunean, baina “musika” hitzaren esanahia nik zehaztu nahiko nuke, izan ere, batzuek musika mota bat miresten dute, musika poesiaren “deribaziotzat” edo poesia kantatutzat joaz haiek esaten duten legez. Beste batzuek, -eta nik talde horretan sartuko nuke nire burua, musika estilo bat edo beste,melodia edo soinuaren kalitatearen arabera baloratzen dute.

Musika motakDena den, musika motaren aukeran momentuko aldarteak ere zerikusirik badu. Esan ohi da musika lasaia, “erromantikoa” maiteminduta edota goibel zauden momentuetan gustukoena dela; stressa kentzeko aldiz, mugimendua sortarazten duen musika. Gainera, kanta batzuek lehenengo aldiz entzunak izan diren uneagatik ere, gorrotatuak edo maitatuak izan daitezke, sentimenduekin loturik daudelarik maiz. Nik neuk egoerak kantekin bat gogorazten ditut, pertsonak perfume edo usain zehatzekin erlazionatzen ditudan bezalaxe.

Musika klasikoa adituekin eta adineko pertsonekin lotzen da. Musika klasikoa disfrutatzeko agian, gaian aditua izatea beharrezkoa dela deritzot. Ni bibolinjolea naiz, eta musika klasikoa jotzea sentimenak adieraztearekin lotzen dut, jotzen duzuna ondo egiteko, musika edo kanta zurea egin behar duzu aurrean daukazunak uler dezan. Kasu honetan, oso komunikazio mota bereziaren aurrean gaude, adituak ez direnei ulergaitza izango zaielarik.

Musika motak