Pribatutasuna eta intimitate-eskubidea

Pribatutasuna eta intimitate-eskubidea –

Gaur egungo gizartea kontrolaturik dago, nola modu zuzenean, hala zeharkakoan. Zuzenean, estatu mailako burokraziarako beharrezkoa baita gure datu pertsonalak erregistraturik egotea eta zeharka, teknologia berrien agerpenarekin loturik dauden hainbat faktorerengatik. Gaurkoan teknologia berrien agerpena eta gizarte kontrolaren arteko erlazioa azalduko dut.

Pribatutasuna eta intimitate-eskubidea

Interneten eta ordenagailuen osteko belaunaldiok naturaltzat hartzen ditugu gaur kritikatuko ditudan aspektuak, baina, gure pribatutasunaren eta intimitate-eskubidearen aurkako erasoak iruditzen zaizkit. Lehenik, segurtasun-kameretan sakondu nahi nuke. Edozein izkinatan aurkitu ditzakegu tramankulu hauek eta argi dago gure bizitzetan guztiz integraturik daudela, baina non dago gure segurtasuna bermatzearen eta gu espiatzearen arteko muga? Kaletik ibiltzean edonoiz arazorik edukitzekotan, (lapurreta bat edo istiluren bat kasu) kamera hauek gure interesaren alde erabili ditzakegu arazo hori salatzeko orduan, aitzitik, bizitzan zenbait aldiz gertatuko zaigu hau? Oso gutxitan. Hori bai, egunero milaka errugabe grabatuak izaten dira, bere bizitza arruntean,  pribatutasuna  zeharo galduz. Gainera, bada zenbait teoria, zeinetan gobernuak kameren bidez kontrolatzen gaituela esaten baiten, eta nahiko paranoikoa iruditzen bazaizu ere zentzurik ez zaie falta.

Bigarrenik, interneten erregistratuko datuen pribatutasun gabezia da nire kezken artean nabarmenetarikoa. Zer edo zer erosteko edo zerbitzu berri bat kontratatzeko momentuan datu mordo bat eskatzen digute eta “cookie” (opiltxo) delakoen bidez zure informazioa modu batean edo bestean erabiltzeko ahalmena ematen diegu. Zenbatetan gertatu zaigu interneten zer edo zer bilatzea eta momentu horretatik aurrera bilatu dugun horrekin zer ikusia duten iragarkiak agertzea? Sareko segurtasun gabeziaren erakusgarri dira halako kontuak.

Azkenik, gizartea kontrolatzen ari den tresna garrantzitsuena aipatu beharrean sentitzen naiz, mugikorra. Gaur egun edonork du mugikor bat, eta egunero denbora dezente dedikatzen diogu pantaila txikiari. Funtsean, harrapaturik gaude. Mugikorrarekin gauden heinean, sare sozialak asko erabiltzen ditugunez, etengabe elkarrekin harremanetan gaude eta hau ez zait txarra iruditzen.

Teknologia berriek bizitza errezten digute, baina zein da honen prezioa? Argi dago: pribatutasuna eta intimitate-eskubidea galtzea. Betidanik teknologien aldekoa izan banaiz ere, hausnarketa honen ostean, denboratxo bat eskainiko diet aurretik irakurri gabe nituen lizentzia eta eskubideei.

Pribatutasuna eta intimitate-eskubidea