Gizonon paperaz

Gizonon paperaz –

Gizonon paperaz

Galduta ikusi ditut azken asteotan inguruko zenbait gizon greba feministaren harira. Horietako batzuk feminismoaren ideiekin aski kontzientziatuta, besteak ez hainbeste. Gizonok guzti honetan jokatzen dugun rolaz galdezka edo greba egitearen arrazoiengatik zalantzati. Aldiz, bakarra ere ez dut entzun urte osoko norbere jarrerez gogoeta egiten edo maskulinitateaz hausnartzen.

Bada, nola ez, gisa honetako aldarrikapenekin baztertua sentitzen denik. Lilatoiarekin ere gertatzen da sarri. Urteroko kontua: zergatik ezin dezaket parte hartu aldarrikapenekin bat banator? 364 eguneko erosotasunaren ostean, botere eta protagonismo eremuak kentzen zaizkigunean hartzen dugun jarrera paternalistaren seinale. Agerikoa da berdintasunaren bidea elkar hartuta egin behar dugula gizarte parekide eta justua helburu duen helmugara iristeko. Guztioi dagokigu lema hartzea, ez izan zalantzarik. Hori bai, kontuan hartuta sistemak, gizarteak edo guk geuk, gizonok, emakumeoi ostu dizkiegun eskubideak berreskuratzeko ahaleginean lehen lerroa haiei uztea dagokigula. Bada ordua.

Urte osoan lanean, kalean, gaueko iluntasunean, instituzioetan ukatzen zaien protagonismoa zor diegu. Eta ez gaurko egunean soilik. Horregatik da horren premiazkoa emakumeek, eta haiek bakarrik, greba egitea. Emakumeen lana balioan jartzeko eguna da martxoaren 8a, daukaten indarra ikusarazteko ozen oihu egiteko eguna, zeren gai diren erakustekoa, haiek gabe mundua geldituko lizatekeela irudikatzekoa.

Ondo egingo genuke, gizonok, kexaka aritu eta aldarrikapenok marmarti hartu ordez, jaiotzen garenetik ezartzen zaizkigun pribilegioei uko egingo bagenie. Sikiera horretan hasiko bagina. “Nola? Zer egin gizonezkoa banaiz eta greba sostengatu nahi badut?”, galdetuko dute bikotekide, aita, anai eta seme askok, zilegitasun osoz.

Behingoagatik etxeko lanen ardura gure gain hartuta, adibidez. Edo zaintza lanetan murgilduta. Edo estereotipo jakin batzuk elikatzen dituzten produktuak kontsumitzeari utzita. Edo mobilizazioetan parte hartuta pankartaren atzealdeko ohiko inertziak hautsiz. Edo eztabaidak sustatuta. Edo aginduak eman ordez esku bat botata. Edo, sinpleki, beste alde batera begiratzeari utzita. Pribilegioetaz kontzientzia hartzeko aukera paregabea izan daitezke greba osteko egunak ere. Kontua da horretarako prest ote dagoen bat baino gehiago.

Gizonon paperaz

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

6 pentsamendu “Gizonon paperaz”-ri buruz

  • Feminismoa, filosofia gisa edo bizitza ulertzeko modu gisa, emakume zein gizonon kontua da. Mugimendu feminista edo borroka feminista aldiz, emakumeen kontua da eta soilik emakumeena. Gizonok ez daukagu borrokatzeko arrazoirik. Zeren alde borrokatu behar gara? Zeren kontra? Guk geuk sortu eta mantentzen dugun arazo baten kontra? Gure erruz emakumeek ez dituzten eskubideen alde? Botere harreman desorekatuekin bukatzea, gizonon esku dago. Arazoarekin bukatzea, gizonon esku dago. Beraz ez dauka zentzurik gure buruaren aurka borrokatzeak. Gizon feministoi eskatzen zaigun gauza bakarra, gure ideiekin koherenteak izatea da. Ez dagokigun pribilegioei, muzin egitea. Benetako berdintasunari, trabarik ez jartzea. Hori da gizonoi eskatzen zaiguna eta ez borroka egitea. Borroka, emakumeek dute egin beharra, hala beharrez. Eta greba, borroka horren parte baino ez da.
    Nik horrela ulertzen dut behintzat!

    • Zeintzuk dira emakumeek ez dituzten baino gizonok ditugun eskubide horiek?
      Gizonok ez dugu borrokatzeko arrazoirik? Motel, gizonok ere etxe-bizitza eta familia izateko zailtasunak ditugu edo lan-esplotazioa (lana duenak) pairatzen dugu.

      • Noski gizonok borrokatzeko arrazoi asko ditugula, arlo askotan. Baina gizon eta emakumeen arteko berdintasunari dagokionez, berdintasunaren alde borrokatu baino, berdintasuna bera posible egitea dagokigu. Arazoa gu izanik (gure pribilegioak), soluzioa gure esku dago (berdintasuna, botere harreman orekatuak). Koherenteak izatea eskatzen zaigu, besterik ez

  • Euskal prentsan ikusitako azkeneko parida, elkarrizketa bateko galdera: «Kultura musulmana euskaldunena baino matxistagoa den aurreiritzia ere agertzen da». Erantzunean, beste parida bat: «Zer nahi duzu esatea: estereotipoak kultura guztietan daude».
    Benetan, nik uste dut tontotzat hartzen gaituztela.

  • Azken portu 2018-03-14 17:33

    “Feminismoa, filosofia gisa edo bizitza ulertzeko modu gisa…”
    Mesedez, azalduko didazu zertan datzan hori? Benetan al dago horrela bizi den jenderik?

    • Bizitza, berdintasunetik edo askatasun indibidualetik uler daiteke: ezkerretik edo eskumatik. Eta feminismoa, berdintasunean oinarritzen da, ezkerreko ideologian.
      Ezin da berdintasunaren alde egon eta ezkerrekoa izan, feminista izan gabe. Eta alderantziz
      Horrexegaitik diot, bizitza ulertzeko modu bat dela, ideologia bat